Lide Hernando
2016.10.10Aukeratu dudan kantu-zerrendan denetarik dago: euskal musikaren historian mito bihurtutako kantuak, garai batean handi izandakoak eta apur bat ahaztuak, eta talde edo artista txikien zenbait kantu erraldoi. Lanez lepo ibili garen egun horietariko baten amaieran, ohean etzanda eta kaskoekin entzungo nituzkeen kantuak dira, dudarik gabe.
Musikak norbera barrutik ezagutzen laguntzen du. Eta era berean, zein kantu gustuko dituzun esateak, gainontzekoei norbera nolakoa den erakusteko aukera ematen du. Nire kasuan, hautatutako gehienek dute erraietatik erraten duten letraren bat, besoetan elektrizitatea pizten duen edertasun bat, gurinezko bihotza dugunontzako irtenbideren bat, orekak ezertarako balio ez duela demostratzen duen intentsitate jokoren bat. Zuek epaitu.
Noski, iluntasun puntu bat ere badute denek. Sentitzen dut, baina kantu alai eta itsaskorrez beterik daude (euskal) tabernak (ere) gauero.