Nire hauspoa

Fran Urias

2019.02.04
Gau iluna amaitu da - Su Ta Gar(Hitzak: Borxa Arrillaga-Musika: Su ta Gar)
play_button
add_button
Egi eriaren maldan - EH Sukarra(Musika: Mikel Gorosabel-Hitzak: Asier Serrano)
play_button
add_button
Ze ingo xu? - Latzen(Hitzak eta musika: Latzen)
play_button
add_button
Argiaren hiria - Sorotan Bele(Hitzak eta musika: Gorka Sarriegi)
play_button
add_button
Azken dantza - Pantxoa eta Peio(Hitzak eta doinua: Manex Pagola)
play_button
add_button
No time for love - Hertzainak(Hitzak eta musika: Jack Warshaw)
play_button
add_button
Martin Larralde - Ruper Ordorika(Hitzak: Joseba Sarrionandia-Musika: Ruper Ordorika)
play_button
add_button
Ni Olentzero naiz - Benito Lertxundi(Hitzak: Jose Ramon Uriarte-Musika: Benito Lertxundi)
play_button
add_button
Izar berri - Lor(Lor)
play_button
add_button
Lasai, lasai - Huntza(Hitzak eta musika: Huntza)
play_button
add_button

Beti lotu izan dut musika nire bizitzako momentu bereziekin. Musikak lagundu nau beti momentu kuttunez gozatzen eta momentu ilunetan aurrera egiten. Ez nintzateke pertsona berdina izango abesti askorengatik ez balitz. Musika entzutea, egitea bezala, terapia bat da. Euskal abestietatik, hauek izan dira nire hauspoa, nire kanutoa, nire babesa eta nire maitalea.

"Gau iluna amaitu da" (Su Ta Gar): Su Ta Gar izan da beti nire talde kuttuna, eta euskal musikaren atea ireki zidana. Bereziki zaila egiten zait talde honen abesti bakar bat hautatzea. Baina milioi bat aldiz entzun ondoren ere, abesti honen hasierako arpegioak entzuten ditudanenan, zerbait mugitzen da nire barruan.

"Egi eriaren maldan" (EH Sukarra): Aurrekoarekin batera, nigan eraginik handiena eta nabarmenena izan duen taldea da EH Sukarra, bai hitzetan baita musikan ere. Talde honen diskorik entzutetsuena lehenengoa den arren (EH Sukarra, 1992), Sua urtzean diskoak leiho berriak ireki zituen nire baitan. Pop-rock disko bat da, eta 15 urterekin ikaragarri kostatu zitzaidan “pop” kutsua zeukan edozer gustatzen zitzaidala onartzea... jajajaja!

"Ze ingo xu?" (Latzen): Gaztetasuna ekartzen dit gogora abesti honek: lehenengo parrandak, itsualdiak, erokeria, ligeak… azkar bizitzeko grina. “Laztana” hautatu behar nuen, baina ez dut gehiago enkasilatu nahi “erromantiko” rol horretan... lapidatuko naute bestela.

"Argiaren hiria" (Sorotan Bele): Latzenenak bezala, honek ere parranda zaporea dauka nire buruan. Nire herrian, Etxarrin, plazako kioskoari bueltak ematen egiten genuen dantza erromeriak jotzen zuen bitartean (horrek justifikatzen du orain dantzatzeko daukadan gaitasun eza). Nire lehengusu Juanpa Agirre (Jator, Akelarre…) oholtza gainean abesten, eta ni ezin harroago sentitu.

"Azken dantza" (Pantxoa eta Peio): Jada hain gazteak ez ginenean, abesti hau jartzen ziguten tabernan goizeko ordu txikitan, alde egin genezan erregutzen ziguten bitartean. Sentimenduz betetako abestia da, eta nekez gogoratzen ahal ditudan irudi asko ekartzen dizkit burura…

"No time for love" (Hertzainak): Honek ere oroitzapen ederrak ekartzen dizkit: parrandak, militantzia, borroka… Duela 13 urte jo nuen Ikasle Abertzaleak-en ekitaldi batean Gasteizen. Hitzak ikaragarriak dira.

"Martin Larralde" (Ruper Ordorika): Ez nago ziur lehenengo aldiz non entzun nuen abesti hau… baina zerbaitengatik, kriston lasaitasuna transmititzen dit. Ruperren ahotsak berezia egiten duen “zerbait” hori badauka, eta zerbait hori barruraino iritsi ahal zaizu askotan.

"Ni Olentzero naiz "(Benito Lertxundi): Duela urte batzuk, herriko preso bat askatzera zihoazela, ongi etorrian abesteko gonbitea luzatu zidaten. Bere alabari galdetu nion ea zein abestirekin lortuko genukeen bere bihotza ukitzea, eta hauxe aukeratu zuen. Benito Lertxundi imitaezina da, eta preso ohi hura oholtza gainean negar batean ikusi eta bere besarkada estua jasotzea, ahaztezina.

"Izar berri" (Lor): Beti pentsatu izan dut Lor taldea oso azpibaloratua izan dela. Arrakasta handia eduki zuten bere lehenengo bi diskoekin (lehenengoarekin gehiago agian), eta hirugarrenak (diskotzar bat zalantzarik gabe) ez zuen “kuajatu”. Abesti honek (bigarren diskoan dagoena) Lorrek zeukan magia puntu hori erakusten du, baina biziki gomendatzen dut “Rock terapia” diskoa entzun dezazuen.

"Lasai, lasai" (Huntza): Nire uste apalean, momentuko taldea da Huntza. Abesti hau momentu ilunenak alaitzeko gai da. Goizetan entzuten dut, lanera joan behar naizenean eta ikasleekin gogorregia izan nahi ez dudanean.