Alberto Gonzalez
2020.01.07Ia ziurrenik Lie Detectors, Nuevo Catecismo Católico edo Señor No aurkitu izan banitu BADOKeko diskotekan, Labanak eta beste rockandroll talde gustukoekin egingo nuke zerrenda. Ez dira garai onak niri gehien gustatzen zaizkidan musika motak zuzenean gozatzeko... kontzertuetara jende gutxiago joaten da, gazteen erreleborik ez da... baina egia da gero eta emakume gehiago ikusten direla oholtza gainean edo musika proiektuak gidatzen, kontzertuetan ere emakume ikusle gehiago daude. Musika kazetariak, argazkilariak, soinu teknikariak, kontzertuak antolatzen neska gehiago ari dira, lan fina egiten. Gizarte patriarkala nagusi izanik, maskulinitateaz itsatsita egon da rock mundua eta musikagintza guztia ere, eta guk baino zailagoa izan dute beti.
Zuen omenez zerrenda hau, oso gustuko ditudan 11 kanturekin.
BAKELITE - Azeriak: Sergioren gitarra izugarri maite dut eta Naiararen gustu ona baita ere.
JUPITER JON ETA AMAREN ALABAK - Zikilimarro: Iazko ekoizpen onena, Gaizka Insunzaren diskoarekin batera.
ARIMA - Non zaude?: Gontzal Bilbaok (Ama Say, Zein?) komentatu zidan behin alaba bat espero zuela. Amaren sabelera begira geratu ginen biok. Paula ondo hazi eta hezi da. Orain talde batean jotzen du. My Bloody Valentinek lantzen zituen giroak gogorarazten dizkit.
GORA JAPON - Bedeinkatua: Itzelak Myriamen erritmoak, nerbio izugarria baterian.
MURSEGO - Subir arriba, baixar abaixo: Maite Arroitajauregi musika eta kontzertuak eman aurretik ezagutzen dut. Lagun ona. Asko maite dut. Txeloarekin rock esperimentazioan ari den pertsona bakarrenetarikoa da. Hemendik kanpo ere.
MICE ETA AMORANTE - Leihoa: Iban Urizar ikastola garaietatik ezagutzen dut. Musikaz berarekin hitz egitea plazer hutsa da. Amorantek eta Miren Narbaizak bikote perfektua egiten dute, Mursegoren baimenarekin.
MIREN IZA ETA HOTEL - Ñao es tu, faculdade de sentir: Txinaurriak diskoko pieza handia.
AMAIA ZUBIRIA ETA PASCAL GAIGNE - Ura ixuririk: Gitarrak Nick Drake gogorazten dit. Amaiaren ahotsa ederra da.
ZEA MAYS - Hilzori II: Agian Itoizen pop kantu baten bertsio bat egitea erraza izan liteke, baina rock sinfoniko edo progresiboarekin saiakera hau egiteak kantu orijinala hobetzen du.
ANARI - Aingura hegodunak: Gogoan daukat hamabost bat urte izango direla Anarirekin Loiolako bidean topo egin nuela. Come taldeari buruz luze hitz egin genuela. 3/4 erritmoak, akorde minorrak... ez nuen espero gaur egun Thalia Zedekekin lanean ikustea. Matadeixetik mundura Anarirekin, ziurrenik euskal eszenako musikari onenen babesarekin (BAP!!, Mariano Hurtado, Ander Mujika, Maite Arroitajauregi...).
O.K. KORRAL - Jo Mari, jo: Pila bat maite dugu talde hau. Aterkingsekin zuzenean beti jotzen dugu kantu hau, nahiz eta orijinala Stranglers taldearena izan.