Xabier Gallastegi 'Xagu'
2018.01.22Ez zait batere erraza egiten gustukoen ditudan kantak, sentsazio gehien eragin didatenak edota nire izaeran, bai musikalki eta bai pertsonalki, eragin handiena izan dutenak edo dezaketenak zerrenda bakar batean laburbiltzea, ezta bitan edo hirutan ere... Izan ere, hainbeste iturritako txorrotetatik edan eta inoiz asebetetzeko pribilegioa dudala esan dezaket, salbuespenak salbuespen noski.
Horrela gertatu zait oraingoan ere, dozena bat zerrendatik gora hasi baina bukatu ezin... eta hala iritsi zaizkit gaueko ordu txikiak...
Halere, konpromisoa bete nahi eta azkenean bilatu dut galbahea aplikatzeko modua.
Kantu eta talde asko geratu dira kanpoan “garbiketa” latza egin beharraren ondorioz, baina horiek guztiak nire bihotzean sakon tatuatuta geratuko dira ene sormena astindu eta grina sonoroa baretu asmoz...