Mikel Kazalis
2015.12.14Badok.info-ko kantutegiko zerrendatik 10 bat abesti aukeratzeko proposamena jaso nuenean, lehen urratsa artisten zerrenda hori gainbegiratzea izan zen, nor zegoen baieztatzeko eta ideia bat izateko, nondik jo eta hori guztia. A-tik Z-ra errepasotxo bat. Eta izenak ikusi ahala, oroitzapenak hasi ziren nire burura etortzen, musika taldeetan jotzen nabilenetik bizitako gauzak, ezagututako lagunak, entzundako kantuak... Eta orduan erabaki nuen hauxe izatea nire zerrenda egiteko ardatza: lagunak eta oroitzapenak. Hemen agertzen diren guztiekin izan dut modu bateko edo besteko harreman pertsonal bat, eta bakoitzarekin burura etorri zait oroitzapenen bat.
ANARI: "Minaren funtsa"
Nire aita hil eta astebetera edo, Anari etorri zen bere bandarekin Zarauzko gaztelekura jotzera. Mikrofono batzuk eskatu zizkidaten, ekipo gutxi zegoela eta. Moldatu genuen zerbait. Gero, kontzertuan, Anariren musika malenkoniatsu hori barru-barruraino sartu zitzaidan, eta nire egoera pertsonal triste hori zela eta, mila zatitan puskatu nintzen negarrari ezin eutsita. Gogorra eta polita aldi berean, gauza sakonak sentitzea beti baita ona, eta minei bide ematea ere.
AMA SAY: "Zerbait ezberdina"
Elkar ezagutu genuen, Negu Gorriak eta Esan Ozenkiren garaian. Eta bururatu zitzaien niri abesti batean kolaboratzeko proposamena luzatzea. Bitxia iruditu zitzaidan, nik garai hartan jotzen nuen musika jota, beraien talderako hau proposatzea. Baina onartu egin nuen, erronka modura, eta ikusten nuelako talde honek, musika aldetik eta hitzen aldetik (euskara eta ingelesa uztartuz), zerbait ezberdina egiten zuela. Eta hori eskertzekoa zen.
BAP!!: "Zuria beltzez"
Zarauzko lagunak askotan joaten ginen Andoaingo gaztetxera kontzertuak ikustera, hardcorea gehienetan. Ikaragarria zen gaztetxe hark urte haietan izan zuen mugimendua, talde piloa etortzen zen mundu guztitik, eta maila altukoak gainera. Eta bertako talde interesgarri asko zeuden baita ere, haien artean ezagunena BAP!!. Gero elkar ezagutzeaz aparte, haien bateria jole Mikelekin Negu Gorriaken jotzeko aukera izan nuen, eta beraien bigarren diskorako nire gitarra anplifikadorea eskatu zidaten. Zuria beltzez mitikoa nire Marshall-arekin grabatuta dago.
DEABRUAK TEILATUETAN: "Ke arteko egunak"
Anestesiak eta beraiek elkarrekin jo genuen Zestoako gaztetxean, 90. hamarkadaren hasiera izango zen. Banekien nire lagun Joxiren anaiak zirela haietako bi, eta sorpresa handia izan zen haien kontzertua. Talentu handia ikusi nuen gaztetxo haiek egiten zuten musikan. Hardcore-pop oso kuriosoa egiten zuten. Eta gogoratzen dut Negu Gorriaken furgonetan aipatu egin nuela hori, talde berri interesgarrien artean kokatzen nuela. Azkenean Esan Ozenkirekin grabatu zuten, eta ikusi zen ez nenbilela oker, lan bikaina egin baitzuten urte haietan.
DUT: "Inkisidoreen dantza iluna"
Zer esan Dut-en inguruan? Hauek ere gaztetxoak zirela ezagutu nituen, hauek ere Esan Ozenkirekin fitxatu zuten... eta ikaragarria da egin zutena. Ez zen normala hain gaztetik erakusten zuten indar eta talentua. Negu Gorriakekin jotzera gonbidatu genituen behin baino gehiagotan. Eta Askatu korapiloa diskoan nire ustez gailurra jo zuten, "maisulana" iruditzen zait. Telefonoz deitu nien hau esateko diskoa entzun nuenean! Eta lehen abesti hau aukeratu dut, sinestezina zelako hasieratik nola disko honek erakusten zuen zerbait berria eta zirraragarria zekarrela. Plazera eta ohore bat izan zen handik urte batzuetara haietako birekin talde batean aritzea, Kuraia taldean hain zuzen.
HUMILITATE: "Eutxorrei"
Herriko lagunak dira, eta zuzeneko soinu teknikari bezala beraiekin abenturaren bat bizitakoa naiz. Bilbon Municipal Waste taldearekin batera egin genuena adibidez, kontzertu potentea benetan! Zarauzko hardcoreak eman duen beste proposamen interesgarrietako bat, beste askoren artean, noski. "Eutxourrei" abestia aukeratu dut, Zarauzko Putzuzulo gaztetxeko "gerra oihu" moduko bat bihurtu zelako hitz hori, hainbestetan oihukatutakoa.
JOXE RIPIAU: "Positive Bomb"
Abesti honen "zirriborroa" Negu Gorriaken disko-aurreko maketa horietako batean zegoen. Gogoratzen dut garai hartan, birak zirela eta, furgonetan ordu asko pasatzen genituela gauza askotaz hitz egiten... eta behin, positibo izateaz, irainez eta abar hitz egin genuela asko. Gero, Iñigok eginiko maketa horietako batean "pentsatu nahi dut positibon" esaldia sartu zuen hitz modura, zerbait abesteagatik edo. Azkenean ez genuen abestia egin, eta a ze sorpresa hartu nuen ikusi nuenean handik urte batzuetara Joxe Ripiauren lehen diskoko izenburua Positive Bomb zela! Eta doinu hura zen! Gainera, arrakasta itzela izan zuen, asko poztu nintzen!
MURSEGO: "Mak Mikel"
Asko miresten dut Maite Arroitajauregi eta baita bere proiektua ere, Mursego. Talentu handiko artista iruditzen zait, eta apurtzailea. Euskal Herriak horrelako gehiago beharko lituzke, nire ustez. Eta iritsi zitzaidan aukera eder bat berarekin lan egiteko abesti baten grabazioan. Imanol Urbietaren omenezko bertsio diskoa egiteko gonbitea jaso nuen, eta beste askoren artean Mursego etorri zen nire estudiora, "Mak Mikel" abestiaren bertsioa egitera. Ikaragarrizko plazera eta luxua izan zen barrutik ikustea artista honek nola egiten duen lan, ume kantu bat bere modura moldatuz, maisulan bat lortzeko beste behin ere.
PILT : "Kontu okerra"
Beste talde handi bat. Hasieratik erakutsi zuten maila handiko proiektu bat zela. Diskoetxea, kontzertuak, afariak, parrandak... eta gauza asko konpartitu ditugu. Eta niretzat, miresle bezala, plazer erraldoia da haietako birekin lan egitea, Xanpe Anestesiaren soinu teknikari modura, eta Abio nire konplizea Matxura taldean. Lagun handiak izateaz aparte, noski. PILT miresten nuen, eta kantu batzuk bereziki. Hau da adibide bat, kantu honek duen "handitasuna" eta emozioa ikaragarriak dira, nire ustez. Lepoa apurtzeko modukoa.
PERLAK: "Goazen"
Patxi txikitatik laguna dut, eta beti ibili gara musikarekin saltseatzen biok. Txikitan bere anai zaharren diskoak entzutera joaten ginen bere etxera, gure lehen eraginak jasotzen ari ginenean... Eta ilusioa egin dit proiektu honekin lortu duten sendotasunak, talde elegantea sortu dute. Beraien lehen diskoa Aitor Abio-rekin grabatu dute Gaua estudioan (dena etxean geratzen da, jeje), eta bertan dagoen kantu hau aukeratu dut, talde gaztea izanik badatozelako indartsu, oihukatuz... goazen!
WILLIS DRUMMOND: "Ez da izango"
Hau ere da azken urteetan Euskal Herriak eman duen talde onenetariko bat, nire ustez. Euskal rocka formula fresko eta indartsu batekin jantzi zuten. Kontzertu eta post-kontzertu askotan izan gara, eta handiak dira goian eta behean. Gaupasaren bat egiteko lagun egokiak ere, Bilboko jaietan edo... jeje. Eta nire kanturik gustukoena hau dela esango nuke, gustatzen zaizkit batez ere horrela, oldartsu jartzen direnean.