Musikak ematen didan gauzarik ederrena, agian, koloreak entzutea da. Kantu hauetan horiz entzuten dut.
Hori tonu ezberdinak, hori gardenagoa Eraulen "Ura" kantuan, eztiaren kolorekoa Keu Agirretxearen "Argiak itzaltzen dituztenean", goiz hotz bateko eguzki izpien horia Bide Ertzeanen "Atzo"-n, polenaren hori arina Iker Laurobaren "Berria auzoan", itsugarri xamarra Neighborren "Hamalaugarrenean", arrain txiki eta bizkorraren horia uretan Katamaloren "Gurarika" kantuan, hori indartsua Alos Quarteten "Bidaiari ekina"-n, hori lodia eta likatsua Ekizaren "Lohia"-n, eta gariaren horia haizeak mugitzen duenean Napoka Iriaren "Ibiltzeko gertu"-n.
Eta Izaki Gardenaken "Horma eta haizea" ez da horia egia esan, baina "guztia harrika itzaliz lehor esan zenidan" izugarri hasiera ona iruditzen zait kantu batentzat, oro har, oso atsegin ditut kantu honen hitzak.