Josu Bergara
2017.01.30Duela hilabete batzuk, gaueko taberna giroan, tipo batek galdetu zidan:
— “Zu zara gitarragaz abesten ibiltzen dena, ezta? Nola definitzen duzu zeure musika estiloa?”
Segituan erantzun nion, automatikoki, agian larregi pentsatu gabe:
— “Kantautorea naiz”
Tipoak flipatu aurpegia jarri zuen, agian “pop disdiratsua” edo “hipster-folky” antzeko erantzun esnob bat espero zuelako.
Eta hurrengoa bota zidan:
— “Kantautorea? Hori modaz pasatuta dago, txo!”
Elkarrizketa tentel honek, ordu txikitan gertatutako pitokeria galanta izateaz aparte, buruari buelta batzuk emateko balio izan dit. Izan ere, ez da lehen aldia horrelako zeozer entzuten dudala. Hamazortzi urterekin biolontxelo ikasketak albo batera utzi nituenean eta gitarra eskuetan hartu nuenetik horrela definitu baitut nire burua: kantautorea edo kantuegilea.
Batzuei, hitzak berak, “K-A-N-T-A-U-T-O-R-E-A”, nazka ematen dien arren, ni ditxosozko etiketarekin nahiko eroso sentitzen naiz. Wikipedian, hauxe da topatzen dena: “Egile abeslaria edo kantautorea da berak eginiko kantak abesten dituen kantaria. Egile abeslarien abestietan gai sozial, politiko edo filosofikoak jorratu ohi dituzten arren, badira maitasunari abesten diotenak ere. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan egile abeslarien estiloa protesta-abesti izenez zen ezaguna”.
Betidanik multzo honetan sailkatutako musikarien diskoak eta abestiak gertukoak sentitu izan ditut. Gaztea(goa) nintzenean, gurasoen etxean, 60, 70 eta 80. hamarkadetako binilo batzuk gordeta zeuden, apalategietan hautsez beteriko altxor ahaztuak balira bezala: Benito, Laboa, Lourdes Iriondo, Lete... Egun baten, goiko apalategi horietara igo eta disko-jogailuan jarri nituen (aitaren laguntzaz ze bestela ezinezkoa egingo zitzaidan katxarro hori nik bakarrik martxan jartzea). Agian momentu haren magia idilikoa izango da, baina abesti haiek entzun nituen lehen unetik, batzuk behintzat bihotzez maitatzen hasi nintzen. Eta agian une hartan erabaki nuen kantautorea izango nintzela. Batek daki.
Goazen harira, hasierako galderari erantzuteko asmoarekin… gaur egungo euskal musikan ba al daude kantautoreak? Baietz esango nuke, egon badaudela. Agian, etiketa horrekin ez dira batere eroso sentituko eta gainera estetikoki eta hitzen edukiari dagokionez beraien proiektuak modu ezberdin baten irudikatzen dituzte. Baina nire ustez, badago amankomunean duten zeozer, jarrera edo hitzak edo abesteko modua… eta hain zuzen horregatik Euskal Herriko kantuegile/bakarlari/proposamen akustiko interesgarriei buruzko kantu-zerrenda txikia osatzea erabaki dut. Keinu xumea bada ere, maitatutako musikari hauen abestiak aldarrikatzea beharrezkoa iruditzen zaidalako.
Beharbada gitarra eskuetan musika lubaki berean sentitu naizelako, agian askok bidelagun bihurtu direlako, akaso gure ondare kulturalaren zati txikia ordezkatzen dutelako, edo ze demontre!, omenaldia merezi dutelako, hauxe da nire kantu-zerrenda.