Maialen Velarde
2020.12.28Kantuak joateko erabiltzen ditut, edo itzultzeko; sentitzeko eta sentiarazteko. Hori dela eta, nire kantu zerrenda Marlik taldearen ibilbidean bidelagun ditudan David Gorriti eta Beñat Fernandezen gomendioez ere bete nahi izan dut.
— "Flaming" (BUFFALO): Atmosferari ematen dioten garrantzia eta musikarien trebetasuna agerian uzten ditu. Zarauzko Modelo zineman zuzenean grabatua izateak zur eta lur utzi ninduen (David Gorriti Marlik-eko bateria jolearen gomendioz).
— "Tutan come on" (TUTAN COME ON): Bi musikarik osatutako talde baten emanaldian horren musika astuna eta "zaratatsua" egin zitekeela erakutsi zidaten lehenak izan ziren. Abesti hau aukeratu dut lehen disko honetan taldearen potentzial guztia agerian geratzen delako. (David Gorriti Marlik-eko bateria jolearen gomendioz).
— "Helduentzako sehaska kanta I (PETTI): Konfinamendu erdian atera zuen disko berria Pettik. Berehala erosi eta hala bihurtu da pandemiako soinu bandaren parte. Ohiko Etxeko Uztaren formatuko rockaz gain, hari-laukotearen konponketak sekulakoak dira disko osoan. Horren adierazle da kantu hau. (Beñat Fernandez Marlik-eko gitarristaren gomendioz).
— "D" (PELAX): Duela gutxi ezagutu dugu elkar, baina sekula ez da berandu. Pelaxek A-B eta D-E diskoetan egin duena mirestekoa da. 20 minutuko kantak luzeak egin daitezke... Pelaxekin ez. (Beñat Fernandez Marlik-eko gitarristaren gomendioz).
— "Argilunak" (MICE): Gordintasuna, xinpletasuna eta elegantzia da MICE. Durangoko Azokan Musikazuzeneaneko standean gure lehen diskoa aurkeztera joan ginenean erosi nuen disko hau. Orduztik milioika buelta eman ditu nire kotxean. (Beñat Fernandez Marlik-eko gitarristaren gomendioz).
— "Hegal egiten" (ITOIZ): Letrak ulertzeko gai ez nintzela ezagutu nuen Itoizen musika. Gerora, kantuaren zentzua deskubritzen joan nintzen nire haurtzaroaren parte sentitzen dudan kantu honetan. Ez da kantu bat soilik. Kantuak berarekin esnatzen duen guztia ere bada.
— "Gorri ilun" (LIHER): Emakume ahots indartsu bat taberna ertz batean gitarra bat eskutan. Hala ezagutu nuen Liher. “Hilkutxa bat” kantutik “Gorri ilun” kanturaino, Liher indarra hartuz doan zurrunbilo bat iruditu zait. Erdian bakean sentiarazten nauena, inguruko ekaitzei oihuka.
— "Zaindu" (2ZIO): Errima bihurriak raparen erritmora. Eztarria korapilatzen dizuten hitz jokoz betetako kantu bat da. Hunkigarria.
— "Nekropolia" (KOBAN): Electro-swinga herriko txosna batean entzun eta guztiok dantzan hasi gineneko hura da Koban. Letrekin kritika eginez, oholtza bete musikari, euskaraz musika estilo berriak geureganatzearen garrantzia da Koban niretzat.
— "Ordu beltzak" (SUA): Estereotipoen sufrimendua salatzen duten letrak, rockari eskutik helduta. Ispiluak amenazu egiten digun egun horietan normala baino altuago jartzea merezi duen kantua, ispiluak apurtzen diren arte.