Musika ona entzuten dugunean bihotza barruan kabitzen ez zaigun sentsazioa zein ederra den! Desioak gainditzen gaitu. Dantza egiten dugu, abestu, bolumena igo, lagun bati deitu "Entzun duzu hau???!!"...
Beste batzutan, musika ona entzuten dugunean, iritzi kategorikoak botatzen ditugu. Ez? Nik bai.
Adibide tipiko bat: "Banda hau Euskal Herriko banda onena da"
Beste bat: "Abesti hau euskaraz egin den rock abestirik onenetarikoa da"
Beste bat: " Abeslari honek bezain eder ez du inork abesten gaur egun Euskal Herrian"
Beste bat: "Tipo honek bakarrik ireki lezake sentsazio berrientzako bide berri bat euskal musikagintzan"
Beste bat: "Musikari hau euskal kantugintzaren egile handienetarikoa da"
Beste bat: "Abesti hau euskal abestirik inspiratuenetarikoa da"
Eta horrela...
Hemen jarritako bandekin edo abesti konkretuekin bota izan ditut eta, kasu batzutan, botatzen jarraitzen ditut horrelako iritzi kategorikoak. Positiboak dira, konturatu zareten bezala.
Badaude iritzi kategoriko negatiboak ere. Botatzen ditut noizbehinka. Adibidez, gogoratzen naiz, Ainhoa Artetaren "Tears in Heaven" abestiaren bertsioa entzun nuenean. Uste dut esan nuela "inoiz entzun dudan zaborrik handiena da".
Iritzi kategoriko positiboak zein iritzi kategoriko negatiboak bota eta bota ibiltzeak, biek dute eragin txarra norbere bizitzan. Lagun gehiago izaten dira munduko gauzak epaitu gabe. Jakina da hori.