Iker Gurrutxaga
2024.01.24Ez da lan erreza izaten 10 kantu eta 10 disko aukeratzearena, denok eta urtero esango dugun topiko hori, ordea, nekezagoa egin zait 2023ko hautaketa egiterakoan. Gauza asko eta oso onak sortu direlako gurean beste behin, 68 laneko zerrenda ‘murriztu’ batetik abiatu eta zintzo jokatu nahi izan dut nire buruarekin oraingoan. Bultzada bat merezi duten batzuk kanpoan geratu dira zintzotasun horren ondorioz, (Julen, Intza, Eire, Belako, Mugan, Ghau, Raimundo El Canastero, Galder, Txopet, Arima, TRB, Hiuzz, Zinez, Lilo…) beraz, barkamenik eskatu gabe, falta diren askori ere zorionak emanaz osatuko dut aurtengo zerrenda.
DISKOAK
Akaleia – Ondoloin
"Pasioa da hemen exijitzea zilegi den gutxieneko hori", esaldi hori beti presente izaten dut disko bat eskuartean hartzen dudan bakoitzean. Hobea edo kaxkarragoa izan, pasioa nabaritu dadila atzetik dagoen lan horretan. Bada, hori dario alde guztietatik Oihana Rodriguez zumaiarraren Akaleia proiektuari alde guztietatik. Gehitu horri estilo nahaste berezi bat, indarra, harmonia landuak… eta, nola ez, keytarra, 80etan hain ikusia zen eta egun hain exotikoa den instrumentua. Debuteko lana da, hori ere nabari da, baina musikari esperimentatuekin lan egiteak disko sendo bat kaleratzea ekarri dio Akaleiari. Zuzenekoen erronkari ea nola erantzuten dioten orain!
Esanezin – Erretratu bat
EP batekin agertu zen duela pare bat urte eszenan Esanezin, Ianire Aranzaberen proiektua. Ahots oso berezia, oso barrura begira jartzen gaituen hitzez betea eta hauskor sentiarazten gaituena. Horrela sentitzen dut nik Esanezin, eta horrela sentiarazten nau Ianirek abesten duenean. Kanturik alaiena ere mingarri izan daiteke, baina, era berean, zauriak sendatzen ditu bere kantatzeko moduarekin. Lehen lan luze borobila Altzagarateko gazte honena.
Habi – Ohartu
Erritmoetan jolas egitea eta gitarrak maite badituzu, hemen duzu zure urteko diskoa. Yerai eta Jon Anderrek oso sinple egiten dutela dena esaten dute askotan, modu naturalean sortzen direla beren elementuak. Nahiko genuke gainerakoek sinpletasuna hori balitz guretzat ere. Txantxak alde batera utzita, beste aurrerapauso bat eman du Villabonako (Gipuzkoa) bikoak eta zuzenekoetan disfrutatzea baino ez zaigu geratzen orain.
Ibil Bedi – Goldea
Askok uste genuen zaila izango zela Beltxarga beltza lanaren etapa bukatu eta berria hain indartsu hastea. Beltxargari joaten ere kosta zitzaion nolabait ere, agurra luzatu eta luzatu ibili baitziren Ibil Bedikoak. Bada, lurra goldatzeko tartea hartu, hazia erein, eta fruituak laster eman ditu lurrak. Eta a zer nolako fruituak, gainera! Mimo handiz ekoitzitako diskoa da Goldea, zuzenean asko disfrutatzekoa, tokia dena delakoa izanda ere funtzionatzen duena. Harrigarria da Ibil Bedik publikoarekin konektatzeko zer nolako gaitasuna duen, ematen duten pauso bakoitza sendo ematen dute. Aukerarik baduzue, ikusi zuzenean, eta, bestela, eseri besaulkian, itxi begiak eta entzun diskoa lasai-lasai.
Ithaka – Biluzten
Saskibaloi munduan bada sari bat Most improved player edota gehien hobetu duen jokalariari ematen zaiona. Musikan ez dakit halakorik izaten den, ez dut uste, baina gure eszenan, hori balego, Ithaka taldeak merezi duela uste dut. Uztailean ikusi nituen zuzenean, artean diskoa kaleratu gabe zutela eta disko berriko kantuak ezagutzen ez genituela. Azaroan, disko berria kaleratzear zirela, berriz ikusi nituen. Eguna eta gaua izan ziren bi emanaldiak. Kolorerik ez. Estudiotik pasatzeak, kantu berriek, lokaleko lanak, udan emandako kontzertu sortak… guztiaren baturak, beste talde bat entzutera eraman gaitu. A, eta pasioa tartean dagoenean mugarik ez dagoela ere argi geratzen da hauekin, kide bat Madrilen bizita ere aurrera eta sendo jarraitzen dutelako. Eta hori guztia 19 urte baino ez dituzten lau pertsonen eskutik. Lehen lan honen ostean, goranzko bidea hartuko dutela espero dugu. Denborak esango du, baina lantzeko dagoen harribitxi baten aurrean gaudela esan daiteke.
Karma – Odolean dena
Disko laburrak ere disfrutatzen ikastea garrantzitsua dela uste dut, nahiz eta disko luzeagoen zalea naizen ni. Behe Nafarroko hirukotea da Karma, tamalez zuzenean ikusteko aukerarik izan ez dudana (barkamenik beroenak), baina diskoa asko disfrutatu nuen barruan murgilduta izan nintzenean, eta, oraindik ere Karma entzutean barrua mugitzen zait. Nerabezaroan entzuten nituen hainbat talderen kutsuak dituen taldea da, garai haietako musika egiten duten hainbat proiektu ari dira sortzen orain, eta hau horietako bat da. Ondo egindako musika da, eta, ziur naiz, sekulako zuzenekoa eskainiko dutela. Lehen pauso bat da hau eta gehiagoren zain geratzen gara.
Leihotikan – Etorkizuna ginenean
Hemezortzi minutu eta hogeita hiru segundo, zortzi kantatan banatuta. Taldeak hogeita hamar urte daramatza eszenan, errez esaten da, baina are zailagoa da ibilbide luze batean disko benetan borobila osatzea. Ekoizpenaz Gorka Urbizu arduratu bada ere, jo dutenak betidanik eta betirako (espero) taldeko kide direnak dira. ‘Askatasuna’ oihukatzen dute eta askatasun haize bat badu Etorkizuna ginenean, autokritikarako tarte asko ematen digun diskoa. Plateruenako zuzenekoa, diskoa osorik disfrutatu ahal izan genuena, ez dut berehalakoan ahaztuko. Erreza ez den plaza batean, halako denbora tarte txiki batean, diskoa bikain defendatu zuelako talde iruindarrak. Ea 2024ak zer dakarren taldearentzat.
Lisabö – Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte
Lehen diskoa gure etxean anaiak sartu zuenetik, zerbait berezia eta delikatua bezala ulertu izan dut Lisabö. Orkidea bat lorategi batean izango balitz bezala, lorea ematen du, baina kontuz, lore iragankor samarra izan daitekeelako. Bada, disko berriak harrapatu nau ni. Beti izan naiz entzuteko errazagoak edo argiagoak diren doinuen maitalea, eta disko honek argi asko duela esan dezakegu. Bidean zetorren Lisabörekin alderatuz bai behintzat, eta horrek bi alde izaten ditu maiz. Baina, tira, zuzenekoetan jende sorta ederra pilatzen dabiltza eta hori baino seinale argiagorik ez dago talde honek gurean duen pisua ikusteko.
Muzak – Irabaziak eta galerak
Ia urtebete pasa da disko puska hau kaleratu zenetik. Zerrendako goiztiarrena eta laburrena da Muzakena. Lau abesti dituen lan honek rockaren ertz batetik bestera eramaten gaitu konturatu ere egin gabe. Dinamika asko, jolas asko erritmoetan eta indarra alde guztietatik. Lau kantuak entzunda gorputzak gehiago eskatzen du, ‘Gezur mila’ etorri zen atzetik, baina ea 2024ak abesti gehiago ekartzen dituen. Rockaren eszenan, hiruko formatuan, Euskal Herrian itxaropen gehien jarrita dudan taldea dira ezbairik gabe, egin dezaketenaren muga oraindik ez baitakigu non dagoen.
Tatxers – Tatxers
Freskotasuna, sudurraren puntan jarritakoa eginaz, baina disko benetan bikaina osatuta. Hori da Tatxersek egin duena bere lehen lanarekin. Gainera, zuzeneko gutxi eskaini dituzte, eta, bitartean, beste proiektu paralelo batzuk ondu. Joder. Horrela nola ez dute bada hype gehiago sortuko? Eta ez propio, gainera! 80etatik 90etara dagoen punk, rock eta pop eszenako hainbat elementu koktelera batean sartu eta disko ederra osatu du talde nafarrak. Bejondeiela eta etor daitezela gehiago!
ABESTIAK
Bele – Oilo ipurdia
Zerua irabazi zuen lehen kantutik, beruna urre bihurtzen ikasi ote duen ez dakigu, baina urrea balio duten hiru kanturekin agertu da Bele 2023an. Aukeratzen kosta zait hiruretatik abesti bat, baina honek izenari ohore egiten dio entzuten duzunean. Benetako oilo-ipurdia jartzen duen abesti horietakoa da. Musika beltzaren hiru tokitatik bidaiatu dugu dagoeneko Belerekin, esentzia hori baitu Lide Hernandok abesten duen ia abesti orok. 2024an etorriko da diskoa (edo hori dirudi), baita zuzenekoak ere. Ea zer nolakoa den emaitza, aperitifak kategoriakoak izan baitira.
Esne Beltza – Fuck the police
Talde batek agur esango duela argi duela disko bat osatzea ez da lan erreza izango. Ez zait iruditzen behintzat. Are zailagoa iruditzen zait eboluzioan jarraitzea hori buruan izanda. Bada, hori lortu du Esne Beltzak Esne bidea diskoarekin. Beren musika beste estadio batetara eraman dute, kolaborazio oso onak tartean eta Rafa Sardinaren ekoizpen finarekin. Azken zuzenekoen zerrenda argitaratu gabe dago oraindik, baina 2024a agur esateko erabiliko dute Solanok eta konpainiak. Kantu hau aukeratzearen arrazoia, bada, ebidentea da. Memoria ariketa moduan bada ere.
Izaro – X eta besteak
Ez naiz Izaroren musikaren oso maitalea izan, egiari zor. Badira aurretik iritsi izan zaizkidan abestiak, baina, Oso blanco (Plata) entzun nuenean, hor bai harrapatu ninduen mallabiarrak. cerodenero bazetorrela esan zuenean, X eta besteak agertu zenean poztu egin nintzen, nolabait ere aipatu dudan abestiaren bidetik segitzen zuelako. Askotan gu ez gara inor, baina nire buruari esaten nion "jarrai dezala bide horretatik, mesedez" eta gero etorri zen Campamento base eta pozik jarraitzen nuen. Pena pixka bat badut, diskoan halako gehiago ez ditugulako topatzen, baina disko oso ona osatu duela ezin ukatu. Disko onenen zerrendanez dut sartu, izatez top 10eko disko bat badelako, baina nire gustuei Badokek euskarazko musikaren mesedetan egiten duela lan gehitzen badiogu, ezin nuen zerrendan sartu. Kantua bai, kantuarekin disfrutatzen dut.
Kattalin eta nenufarrak – Yugen
2022ko bazkari bat karaoke luze batekin bukatu genuen Naiz Irratiko kideok. Kideetako batek, inportik ez bazigun, berak abestu nahi zuela lehendabizi esan zigun, gero martxa egin behar zuela-eta. Hallelujah abestu zigun Sara Iriartek, gero ez zen inor ausartu mikroa hartzera minutu luzez. Eta, hara non, hortik hilabete gutxira albistea ekarri zigun, Hubble izeneko diskoa sortu zuen Kattalin eta Nenufarrak izenaren azpian. Egun hartako sentsazio bera etorri zitzaidan burura diskoa entzun nuen lehen aldian. Sara ezagutzeak are gehiago indartzen du sentsazio hori, duen apaltasuna ikusita, abesten entzutean beste bat dirudi. Horren adibide gisan aukeratu dut hau, Yugen, kantu ederra. Galera batek ekarri zion diskorako indarra, ea zerk ekartzen dion abesti berriak sortzeko behar duen lehengaia. Baina etorri daitezela, mesedez.
Nøgen – Galdu duenari
Izarorekin gertatu bezala, Nøgen ere ez da nire talde kuttunen zerrendan sartu den horietakoa izan inoiz. Baina abesti honek eta Åben Cirkel diskoko beste hainbatek erakartzen naute. Aldaketa nabarmena eman du talde donostiarrak, ziurrenik hainbeste ekoizlerekin lanean aritu izanak ere izango du zerikusirik. Zuzenekoan ere asko disfrutatu nituen Ahotseneako 2023ko edizioko irekiera kontzertu hartan. Diskorik helduena da nabarmen, taldeak heldutasun hori eskuratu du eta egonkortzeak ere aurrerapausoak ematea dakar atzetik. Kantu hau horren adibide nabarmena iruditzen zait, soinu aldaketa hori argi uzten duena. Beno, eta mezua. Hondoa jota bazaude ez entzun. Edo bai, errebote efektua akaso egingo dizu-eta!
Sara Zozaya – XXX
Debuteko diskoa du ‘Nara’ Sara Zozaya donostiarrak. Eszenan urte batzuk badaramatzan arren, hau da lehen lan luzea eta biluztu egin da denon aurrean. Denetariko kantuak ditu, batzuk aurretik egiten ari zenaren jarraipen moduan ulertzen dira, beste batzuk bide berrien esplorazioan ibili denaren adierazle moduan. Urteko kanta gaseoso onena bezala bataiatuko dut hau, hori baita abestia, atmosferikoa den kantua. Hori bai, ni ez naiz talde batean edo bestean kokatzen, Sara.
Silitia – Txori bat hiru ate
Urteko kantua. Ez dut zalantzarik niretzako hau izan dela urteko kantua. Eta ez galdetu zergatik ez ezer. Ez du azalpen musikalik, azaltzeko ere oso zaila delako abestia. Hunkitu egiten nauen ahots robotiko batetik abiatzen da eta gero amorrazio dosi hori badu. Azaldu ezin ditudan arrazoi horiengatik guztiengatik, zerrendan bai edo bai egongo zela argi nuen entzun nuen unetik.
Sukena – Jakin nahi nuke
Etxeko logelan abestetik taldea osatu eta diskoa kaleratzerainoko bidea egin du Sukena talde oñatiarrak. Berriz ere Akaleiarekin esandakoa gogoratzera nator, pasioa dela exijitzea zilegi den gutxieneko hori. Hauek pasioa eta ilusioa dute, bor-borka. Lehen disko bat, pop-rock lan bat, hainbeste entzun dugun genero batean, zerbait esaten badizu halako disko batek, kontuz. Zerbait gordetzen duelako da. Eta hori da Sukenarekin gertatzen zaidana. Adornurik behar ez duten kantuak dira, pop egitura ohikoan eginda, elementu bakoitza bere tokian fin jarrita, eta bi ahizpen ahotsen melodiek harrapatu egiten dute bat. Segi dezatela lanean!
Zatibi – Haunaz
Elektronikaren munduko bi lan hautatu eta biak Z hizkiz hastea ere kasualitatea da. Bi motatako elektronikak dira, ordea. Zatibi klub musikaren baitan kokatu behar dugula uste dut, nahiz eta zuzenekoan ez den DJ set bat izango, zuzeneko elektronika landuko du Mikel Iraeta azkoitiarrak Alberto Martinezekin batera. Kantu honek buklean sartzen du bat, badu hook hori Itziar Ituñok Ni haunaz esaten duen unean, eta behin hori entzunda, buelta eta buelta segitzen du abestiak buruan. Horregatik hau aukeratu dut ODD disko puska horretatik. Debuteko lan itzela, eta, bide batez, RO taldearekin atera duen Baiagoan diskoari ere aipamena egin behar, sekulako diskoa baita post-rock talde azkoitiarrak egin duena. Bi baten prezioan, aizue!
ZETAK – Aralarko dama
Azaroaren 19an jokatu zen esku huskako lau eta erdiko gizonezkoen pilota txapelketa. Bederatzi egun lehenago ezagutu genuen Aralarko dama abestia. Bada, entzun eta segituan esan nuen "Hau Peio Etxeberria frontoira sartzen den unerako bikaina da2. Gero zorte gehiegi ez zuen izan zenoztarrak, baina kantuak bere efektua izan zuen frontoian. Tradizioa berritzeari buruzko gogoeta egin du Aaztiyen diskoan ZETAK-ek eta horietako adibide bat da hau. Iluntasuna du alde guztietatik lanak eta kantu honek ere bai, hasieratako ZETAK hura gogoko genuenontzat aro interesgarri bat datorrela iruditzen zait.