Ianire Aranzabe
2021.05.311. — "Irudiak" (Lain): Nola abesti batek bizitza salbatu ahal dizun, hori da abesti hau eta talde hau. Ezer ez da berdina abesti hau lehenengoz entzun nuenetik, musikaren magia. Hainbeste irudiren artean galduta nenbilela bidea argitu zidan “Irudiak” abestiak, eta hori ez da sekula ahazten.
2. — "Sua gara" (Lauroba): Bereziki lehen momentutik harrapatzen nauen kanta, bereziki maite dut daukan misterio puntua. Baina abestiaren erdialdean instrumentalarekin batera abiatzen den igoera hori, ufffff, piano, gitarra eta sintetizadore horiekin, geldialdi une horiekin, ileak puntan entzuten dudanero.
3. — "Gelditu hor" (Olatz Salvador): Entzutea besterik ez dago, Olatz eta Idoia Asurmendi elkartuta ezin besterik espero. Kantu honetan eta ahots hauetan bizitzen geldituko nintzake.
4. — "Lili" (Sara Zozaya): Beste mundu batean murgiltzen naiz Sara entzuten dudan bakoitzean. “Etzan eta ixo” dio abestiak, ba hori, eta entzun Sara, beste mundu bat posible dela sinesten dut bere ahotsarekin; eta hori ere “behar dugu”.
5. — "Zure azal" (Liher): Gitarra eta ahots batekin soilik noraino hel daitekeen, abesti honen hitz bakoitza iltzatuta gelditzen da, are gehiago Lideren ahotsarekin; eta ez du gehiago behar.
6. — "Astelehenetan" (Olaia Inziarte): "Astelehenetan" deitzen da baina edozein egunetan hunkitzen nau, Olaiak badu zerbait oso berezia bere ahotsean, baina bereziki ahotsa erabiltzeko duen moduan, momentu bakoitzera hain fin egokitzen. Abesti honetan esaterako “astelehenetan bizitzeko gogoa izatea iraultzailea dela” dioenean bere ahotsak iraultza dirudi.
7. — "Ama" (Ibil Bedi): “Maite zaitut” esateko modu hoberik?
8. — "Hormak apurtzea" (Sua): Azken boladako aurkikuntza izan da Sua, abesti hau entzun eta segituan harrapatu ninduen Aneren ahotsak eta bereziki melodia itsaskor horrek. Horma asko apurtu dituzte jada eta oraindik gelditzen zaizkienak…
9. — "Beste zerbait" (J Martina): Bakarrik esango dut J Martinak badaukala beste zerbait, eta behar genuela.
10. — "Neguprenoa" (Izaro): Lehen momentutik abesti honen izenak bereganatu ninduen, negua eta neoprenoa hitzen arteko jolas horrekin. Eta ezin hobeto doakio abestiari, neopreno baten modura babesten eta goxatzen zaituelako; eta ez soilik neguan. Ezin aipatu gabe utzi abesti honetako lap-steela, ze marabilla.
11. — "Denboran" (Habi + Etxekalte): Bakarka Unai eta Yerayren ahotsek guztiz harrapatzen baninduten pentsa orain biak elkartu direnean. Bukaerako zatia bereziki magikoa iruditzen zait, koru horiek irauten duten bitartean denbora gelditzen dela dirudi.
12. — "Zerbait asmatuko dugu" (Berri Txarrak): Hemen dago gakoa, askotan gauzak ez direla iritsiko eta beraz asmatu egin beharko ditugula. Eta ze asmakuntza ederra abesti hau.