Xabi Etxeberri
2017.05.29Segur naiz ondotik kontatuko dudana batzuei gertatu zaigula. Irratian ezagutzen ez dugun abesti bat pasatzen denean eta nazioarteko talde batena dela pentsatuko dugularik, maiz sorpresa ona dugu hitzak euskaraz direla konturatu ondoren, eta taldearekiko hurbiltasun bat sortzen da. Zozoa da beharbada hori erraitea baina jadanik badakizu talde hori kontzertuz ikusteko parada izan dezakezula.
Uste dut hemen musika arloan dugun zorte handienetarikoa etxean entzuten duguna kontzertuz ikusteko parada ukaitea dela. Bereziki ekitaldi kulturalak antolatzen dituzten antolatzaileei esker. Hurbiltasun hori biziki sanoa iduritzen zait, musikaria desakralizatzen baitu eta bere funtzio soziala zehazten baitu. Uste dut ez dela ahantzi behar garaiko plazako musikarien oinarrizko funtzio xumea jendea dantzaraztea edo kantaraztea zela.
Gaur egun musika estiloak zabalagoak dira, bistan dena, eta musika gune ezberdin asko eta anitzak dira. Baina adibidez, bakarrik nazioarteko talde handien errepertorio bat entzuten duen pertsona batek estadioko kontzertu tokia garesti pagatzeaz gain azkenean taldea pantaila erraldoi batean baizik ez du ikusiko.
Antzerkigintzan harritu nintzen textua ahotik belarrietara iristeak mikrorik gabe zer garrantzia zuen. Iduritzen zait publikoa hurbilago sentitzeko beharrarekin musikari kopuru txikiko formatuak gero eta gehiago badirela. Publikoarekin egiazko hurbilketa fisikoaz hitz egiten ari naiz, ez mundu birtualean atzeman genezakeena…
Uste dut laster sare birtualetan diren bideoez asetuko girela eta horietan eskas den intimitatea edo hurbiltasunaren bila usuago zuzenekoetara joanen garela. Gaurko gizartean momentu gutxi ditugu non lasaitzen ahal garen konektaturik izan gabe, mugikorra itzalirik adibidez, eta une horiek berriz sortu ondoren, ohartuko gara neurri humanoago batera itzultzea zein goxo den. Eta hasierako lerroetan azaldu dudan bezala, uste dut xantza dugula tokiko eszena indartsu baten ukaitea, erronka horren gainditzeko lagunduko baikaitu.
Eta azpimarratu behar da denek nazioarteko erreferentziak izanik ere, sortzeko momentuan gure hizkuntzan egitea lortu dugula orain arte, hau estilo guztietan gureganatu dugulakotz. Eta hedabideek tokiko taldeak sustatzeko erantzunkizuna badute. Horietan batzuk duten jarrera arduragabea salatzeko gogoa banuke baina horren ordez Badok bezalako atariei esker euskal taldeek ukan dezaketen erakusgarritasunaz ohartarazi eta baloratu nahiko nuke.