Bizitzan anai-arreba nagusiagoak izatea eta hiruren artean txikiena izatea tokatu zait. Horrek, noski, bere abantailak eta desabantailak ditu. Abantailetako bat herentzia izan daiteke. Beno, ez beti. Batzutan bigarren eskuko gauzak erabiltzea tokatzen zaigu etxeko txikiei, eta handiegi geratzen zaizkigu, gehienetan. Baina beste herentzia mota bati buruz hitz egingo dut, herentzia musikalari buruz alegia.
Norbera baino sei eta zazpi urte nagusiago diren anai-arreben garaiko lekuko kulturala jasotzea gauza aparta da. Batez ere, musika kultura zabala badute. Honek zazpi urteko abantaila ematen dizu. Nire kasuan, Takolo, Pirrutx (bai, Pirrutx) eta Porrotx edo Katuen Testamentue-rekin batera Nirvana, Metallica edo Negu Gorriak entzuten nuen, bigarren motako hauek lehengo motakoak baino gehiago. Eskerrak anai-arreben nerabezaroko musika taldeei! Nire nerabezaroko Kaos Etiliko edo Extremoduroren Canciones Prohibidas entzuten egon izan banintz nireak egingo zukeen jada, hau desastrea!
Laurogeita hamarreko hamarkadan haurtzaroa pasata, oraindik gogoratzen ditut aitak erositako Napartheid aldizkariak eta Egin-ekin batera zetorren Hitz Egin VHS bikoitza. Negu Gorriak taldeak adierazpen askatasunaren alde antolatutako jaialdi erraldoiaren bideoa zen. Bertan Esan Ozenki diskoetxeko taldeek hartu zuten parte. Artean, hamar urteko ume moko bat nintzen eta ezin izan nintzen joan, hau pena. BAP!, Anestesia, Dut, EH Sukarra, Kashbad, Su Ta Gar eta beste hainbat taldek jo zuten, eta Negu Gorriakek, nola ez. Agian nostalgiko samarra naiz, baina ez didate beste erremediorik uzten. Horra itzuli naiz aspaldiko partez, eta hau sentsazio atsegina! Ahaztuta nuen barrenetik doinu hauek abestea zer zen!
Zerrenda hau anai-arrebek laurogeita hamarreko euskal taldeekin eta Esan Ozenkirekin nire buruan sortu zuten ideia hartan oinarritzen da. Talde guztiak ez dira hamarkada hartakoak, ezta Esan Ozenkikoak ere, baina ideia horrek biltzen ditu zerrenda honetan.
Zuen gustuko izatea espero dut.