Arkaitz Biain
2020.02.18Euskaldunak dantzan jartzeko trabak
Bai, euskaldunak dantzan jartzeko trabak omen daude. Fama hori badugu behintzat. Baina ez da Euskal Herriko musika ekoizpenean dantzarako proposamenik ez dagoelako. Dantza, gainera, ez da musika estilo jakin baten edo abesti mota batzuen patrimonioa, eta zorionez gurean hori frogatzen duten hamaika kantu ditugu. Horietako batzuk ekarri ditut zerrenda honetara. Tentazioa izan dudan arren, ez da nire bizitza markatu duten talde eta abestien bilduma horietako bat, nahiz eta hemengo talde edo sortzaile batzuk horren parte izango liratekeen. Hemen doa dantzarako zerrenda proposamen bat, beraz… dantzatu, madarikatuok!
Negu Gorriak - "Aizu"
Aizkora bikoitzaren zorroztasun eta bulkada, musika joera ezberdinen koktelera amaigabean, soul dantzagarria prestatzeko gai ere bazen. Hitz eta mezu konprometituak, kasu honetan sentiberatasunez bustiak, entzulearen zerbitzura. Negu Gorriak (eta Iñigo Muguruza) betirako gogoan!
gailü - "Esan ahal banizu"
Mikel Abregoren proiektu berritzaileenaren lehen lagina izan zen honakoa. Bere anaia Okene eta arima ezin beltzagoa duen Javi P3Zekin batu zen abesti honi forma emateko. Ez duzu Gaztean entzungo. Beharbada zure taberna gogokoenean ere ez, baina trip hop eta antzeko joeren lehen euskal aztarnak hemen aurkituko dituzu.
Berri Txarrak - "Lemak, aingurak"
Lekunberriko taldearen inguruan guztia dago esanda, ez dut ezer berria deskubrituko. Hauek ere hainbat estiloren fusioan ez dira motz geratu, eta beraien beste abesti askorekin dantza egin daitekeen arren, honakoak sortu dezakeen gorputz mugimendua bestelakoa da. Denbora da poligrafo bakarra artelanaren bigarren diskoan aurkitu daiteke Ricky Falkner handiaren laguntzarekin ekoiztutako abestitzar hau. Musikagintzan perfekzioa zer den ez dakit oso ziur, baina garbi daukat kantu hau sailkapen horretan ez bada, gertu egongo dela.
Sorkun - "Itsas zaldia"
Kashbadek eta Sorkunen ahotsak niretzat zer suposatu duten, beharbada egunen baten egingo dudan bizitzako abestien zerrendan kontatuko dut, baina dantzarako helburua duen abesti zerrenda batean ezinbestekoa iruditzen zait Ziklomorphosia diskoko abesti hau kontuan hartzea. Musika beltza eta instrumentazio fina oinarri, Sorkunen ahots goxo, sarkor eta indartsua hari bezala, euskal soularen harribitxi honentzat.
Split 77 - "Aio speisboy"
Bilbo eta gaua. Klub, dantza eta iluntasun usaina. Split 77 euskal musika eszenan talde berezia izan da. Zea Mays eta PI.L.T. ezinbestekoekin batera nortasun handiko taldeen katalogoan kokatzen ditut. Rocketik beste, post-punk, pop eta elektronikatik edaten zuten eta zuzenekoetan, abesti honekin bereziki, zapalgailu hutsa ziren: gorputzak dantzan jarri eta birrindu arte.
Gose – "Ezetz"
Trikiak, programazioek eta gitarrek manifestazioaren ostean diskotekan topo egin zuten. Berritzailea forman, apurtzailea mezuan, irrati, musika aparailu eta eskenatokiak astindu zituen. Disko bakoitzarekin pauso bat aurrera eman zuten beraiek eta baita euskal eszenak ere, eta laranja koloreko hau beraien gailurra iruditzen zait: modernoa bezain indartsua.
Glaukoma - "One, two"
Aparteko talentudun taldea. Rapa eta reggaea plastilina lez maneiatzen dute forma propioa emanez. Musikalki ezin dotoreagoa, eta ahotsean eta mezuan … Juantxo jeinu txiki bat iruditzen zait: ezberdintasunak ezberdintasun, eta errespetu guztiarekin, euskal Kase.O. Abesti honetan maisuki funk erritmo eta doinuetan murgiltzen dira, hitzetan berriz, gure garaiko miseria kultural, politiko eta soziala, inongo itzulingururik gabe larrutzen dute. Hau holaxe dihoa: G-L-A-U-K-O-M-A.
Liher – "Beltz gara"
Lideren ahotsak lehenengo momentutik harrapatu ninduen. Soul ahotsek daukaten indarra, dotorezia, xamurtasuna… bere egiten ditu, ikaragarria iruditzen zait. Diskoan eta zuzenekoetan. Rock gogorraren koordenadetan mugitu dira azken diskoan, baina hala ere ahotsaren arima beltza mantentzen da, erritmo oldarkorrenei beste ukitu bat emanez.
Onki Xin - "Elektra"
DZ eta Fer Apoak eskuartean proiektu berri bat zutela jakitea sekulako notizia izan zen. DZ, euskal rap eta “elektronikaren” ezinbesteko erreferentzia da. Eta Fernando, elkarren eskutik joatea oso ohikoa ez den hiru elementuren ekuazioaren emaitza: pentsalari, sortzaile eta aktibista. Beste hamaika proiektutatik ezagutzen ditugu, baina Onki Xinen beste zerumuga batzuetara begira daude eta norabide horretan dantzan jartzeko gonbita dakarte.
Maisha MC – "Frisco x Baraka"
MusikHerrian ezagutu nituen 121 Krew eta Norte Apache, euskal eta euskarazko hip hop-aren ezinbesteko piezak: sortzaileak, umilak, langileak, eta konprometituak. Maisha MC da 121-eko kideetako bat. Ipurterrea sortzaile eta pertsona bezala, 2019aren amaieran ekarri digun lan berria zentzurik onenean berezia denik ezin uka. AEBetan bizi da eta bertako ekoizpen, soinu eta moduak islatzen dira diskoan, rap martzianoa (bai, Marteko soinuekin) eta rap klasikoa maisuki nahasten direlarik. Abesti honetan gainera, Endika Lahaine du bidelagun, eta izenburuari erreferentzia eginez, San Frantzisko (ez Bilboko auzoa) eta Barakaldoko kaleetan rapeatzen irudikatzen ditut.
Sega Sound Killers – "We are alive!"
Matxet geldiezinaren azken proiektua. Egiten duen guztiari, izan hardcorea, rap-a, pop-a edo elektronika, nortasun berezia ezartzen dio. Ez da ohiko patroi eta joko-zelaietara mugatzen, beste ukitu bat ematen dio guztiari, eta proposamen bereizgarri eta berritzaileen bueltan aritzen da beti. Abesti honekin disko musikaren garaira eramaten gaitu, baina gaur egungo sendotasun eta intentsitatearekin.
Dupla – "Milenials"
Belaunaldi berriak ere indartsu datoz musikan ere, Dupla da horren adibide garbia. Eta bizi ditugun garaiak musikalki, bisualki eta gazteen ikuspegitik ulertzeko abesti ezin hobea da honakoa. Arabatik, landa eremutik urbanotik baino gehiago daukan Aguraindik, erritmo elektronikoak, rapa eta melodia itsaskorrak bikote formatuan.