Errobi gogoan

Badok

2024.05.02
Alboka - Errobi(Musika: Beñat Amorena, Mixel Ducau)
play_button
add_button
Aitarik ez dut - Errobi(Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart)
play_button
add_button
Gure zortea - Errobi(Musika: Anje Duhalde-Hitzak: Daniel Landart)
play_button
add_button
Agur t'erdi - Errobi(Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Anje Duhalde)
play_button
add_button
Nora goaz? - Errobi(Musika: Anje Duhalde, Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart)
play_button
add_button
Gure lekukotasuna - Errobi(Hitzak: Daniel Landart-Musika: Anje Duhalde)
play_button
add_button
Kanpo... - Errobi(Musika: Mixel Ducau-Hitzak: Daniel Landart)
play_button
add_button

1) Pello Lizarralde (idazlea) 

'Kanpo' ('Errobi', 1975)

Arrebak dio urtebetetze egunean egin nion oparia izan zela. Azkarra ni: harri batez bi txori. Banekien etxean geratuko zela, guztion eskura. Hurrengo hilabeteetan ez genuen besterik entzun. Buruz ikasi genituen, bai notak bai hitzak. Gogoan betiko Errobiren Errobi.

Hilabete gutxira zuzenean entzuteak are gogoangarriagoa egin zuen. Aginako elizan, artean legeztatu gabea zen alderdi politiko baten aurkezpenaren aurretik ikusi genituen Anje eta Mixel, gitarra bana eskuetan, beste inoren laguntzarik gabe. Disko bakarra zuten kalean, eta osorik eskaini ziguten. Handik aurrera askotan izan nuen haiek entzuteko aukera, baina ez nuen berriz sentitu lehen aldi hartakoaren pareko zirrara.

Hainbeste maite nuen musika motaren eraginpean ondutako kantak ziren. Kaliforniako doinu distiratsuak eta euskarazko hitz gordin haiek bat eginik entzuteak plazer ikaragarria eskaintzen zidan. Eta berresten zigun gu ere jada urte batzuk lehenago mundua hankaz gora jartzen ari zen belaunaldiarekin batu ginela.

2) Ødei (Odei Barroso, Musikaria)

'Gure lekukotasuna' ('Gure lekukotasuna', 1977)

Ttikitatik entzun dudan abestia da Gure lekukotasuna, eta, beti ez bada, gehienetan, hautatu gabe izan da : herriko karriketatik pasa den txaranga bat jotzen ari delako, besten gaualdi bukaerako dantzaldi taldeak oholtzaratu duelako, ala bozgorailuetatik ozen ateratzen ari delako tragoa galdegin bitartean. Kantu honen hitzek beti oroitarazi didate zein hertsiki loturik izan diren usaiaz kantua eta gure lurraldea, kantua eta borroka, kantua eta herria. Ostatuetan, lagunartean, bazkalondoan... kantatzeko usaia galtzen joan bada ere badira horri heltzen diotenak oraino, eta lekukotasun eder bat da abesti hau:
"Badakigu bai, kantuaz beste, nahi duela Herriak...
Bainan ez dira denontzat berdin iraultzaren iturriak".

3) Ruper Ordorika (Musikaria)

'Alboka' ('Ametsaren bidea', 1979)

Disko horretako lehengo pieza da, instrumentala. Bitxikeria bat errobiren obran. Niretzako izugarrizko lana da pieza hori. Gure mutiko dnboretan esperientzia bat zen Errobi ikustea, guztiz aurretik zihoazelako gauza askotan. Bere garaian egin nuen haien Kanpo kantuaren bertsio bat, Azukre koxkorrak diskorako. Gu asko markatu gintuzten Daniel Landarten letrek ere, baina Alboka hau juxtu beste inspirazio batetik dator.

4) Amets Aranguren (Ibil Bedi / musikaria)

'Aitarik ez dut' ('Errobi', 1975)

Eskolako kantak, nerabezarokoak, amarengandik jasotakoak... Denok dugu gure bizitzako soinu bandaren nolabaitekjo sailkapena. Nik estimu bereziz oroitzen ditut autoko musika ataleko kantuak. gurasoek haur ginela autoan jartzen zituzten cassette-etakoak. Tartean Errobirenak.

Duhalde eta Ducau oholtzara itzuliko direla jakin eta segituan proposatu zigun aitak familia egunpasa Bilbon.

Ematen du autoko musika izanen dela berriz Errobi maiatzeko Iruñea-Bilbo bidaian, egun batez bada ere.

5) Txuma Murugarren (musikaria)

'Gure zortea' ('Errobi, 1975)

Bizi-bizian diskoa izan zen entzun nien lehenengoa. Gabonak ziren eta anaiak eta biok gure sos apurrak gastatu genituen disko horretan. Talde txundigarria iruditu zitzaigun, euskaraz horrelakorik! Maitemindu ginen, noski. Rock soinuak ematen zituzten disko hartan, baina, zer diren gauzak, anaiak eta biok Gure Zortea abestia genuen maiteen. Disko hartan a capella eta bertsio motzean agertzen bazen ere, abestiak barneraino sartzen zaizun zerbait dauka, soiltasun horretan handia da eta zirrara hori sekula, nehork ez, deusek ez du hiltzen ahalko.

6) Itxaro Borda (idazlea)

'Kanpo' ('Errobi', 1975)

Patrice Roulleau marrazkilariak azala ilustratu zion Errobiren lehen diskoa atera zenean, txoke eder bat izan zen enetako ere, hamasei urte nituen eta euskaraz aditzen nuen lehen aldiz, Frantziako orduko irrati bakarrean entzuten nuen musika mota berdina, hau da folkaren eta rock progresiboaren ildokoa. Errobiren album hori osorik maite nuen, baina egun kanta bat aipatu beharko banu Kanpo izenekoa litzateke. Daniel Landartek idatzi hitzen erritmoa hurbiletik jarraitzen dute musikak eta kantarien ahotsek, euskal lurraren desjabetze prozesua mailuka bezala kontatzeko. Kanta horren gaurkotasun izugarria azpimarratu nahiko nuke, hor aipatzen diren minak, hala nola inertzia politikoa, espekulazioa eta espoliazio ekonomikoa, ez direlako ez sendatu, ez eta konpondu.

7) Tristtan Mourguy (Murgi, musikaria)

'Agur T'erdi' ('Agur T'erdi', 1985)

3 urte nituen Errobi taldeak bere azken lana plazaratu zuenean eta fresko daukat gogan zelako zirrara egiten zidan aldi guziez Agur T'Erdi sarrerak. Bateriaren ostinato delakoa, teklatuaren soinu liluragarria eta bi ahotsen moldaketak. Harrigarri dena. Ez zuten arrakastarik bildu disko horrekin bainan niretzat abesti hau sekulakoa da. Jonan Ordorikak beti zion gure taldeak (Murgi) antzekotasun handia zuela heiekin. Kalkulatua ez izan arren beti pozten nintzen horren entzutean!

8) Fred Berruet (Kazteria)

'Nora goaz?' ('Errobi', 1975)

Errobi taldeak 1975ean atera lehen diskoko (Errobi – Elkar) Nora Goaz? abestian, besteak beste garaian etengabe garatzen ari zen turismoaren gehikeria salatu, eta Parisera lan bila joaten zen Zuberoko nahiz Baxenabarrareko gazteriari herrian bizitzeko aukera eman ahal izateko lantegi berrien beharra aldarrikatzen zuten.

Talde lapurtarraren hitz gehienak idatzi zituen Daniel Landarten arabera, "gero eta argiago ikusten [zuten] euskaldunak, Euskal Herrian, gutxiengoan sartzen ari [zirela]" (eke.eus)

Ipar Euskal Herriaren orduko errealitate gordinean oinarritzen den kantu honek, "Atzar hadi" deiarekin bukatzen da, garai hobeagoak iristekotan, euskaldunak borrokara deituz.