Olaia Inziarte
"Ausardiarik ez" (MICE): 2018ko martxoaren 8an eman zidaten Micek ateratako lehen diskoa Berako emakume taldeko kideek. “Gustatuko zaizu”. Ez nekien Narbaizak proiektu berri hau zuenik, baino Napoka Iria aditu izan nuen, eta gustuko nuen. “Ausardiarik ez” kantuaren atzean, bereziki, bazegoen tristura potente bat, bere buruaz bertze egin nahian, bukle horretatik ihes egin eta mamurik handienei aurre egiteko. Konposizioak, dituen elementu desberdinen zaintzak eta hitzen indarrak Narbaizak nahi duen lekura eramaten dute entzulea.
"Kantu eroa" (JC PEREZ): Nerabezaroan, gurasoen eta inguruaren eraginez, gogotsu irentsi nuen Itoizen diskografia osoa. Juan Carlos Perezek bere bakarkako bidean sortutako kantu honek badu nostalgia puntu hori, eta esperantza kutsua duen sonoritate horrek bere baitan bildu ninduen. Zergati konkreturik gabe, zuzen-zuzenean zerbait erraten dizun kantu horietakoa da, nire iritzi xumean, “Kantu eroa”.
"Zaldi emozionalak" (PETTI): Ez dut gezurrik erranen: pozik jasotzen dut Pettik eginiko edozein lanen berri. Begirune handia diot artista moduan eta Hotzikarak aditu nuenetik jarraitu izan dut bere musika. Azken disko honetan ere Etxeko Uztako kideak hor egon direla nabaria da. Harkaitz Canoren hitzekin behin baino gehiagotan jostatu izan da Petti, eta zaldi emozionalak kantuko bertsoek bereziki hunkitu ninduten.
"Zahartzeko modurik onena" (RAFA RUEDA): Ruedaren disko berria, osotasunean, borobila dela deritzot. Instrumentu organikoak eta errekurtso elektronikoak maisuki nahasten asmatu du, eta ahotsa lehenengo planotik atera gabe, artista zuzen-zuzenean solasean ari zaizunaren sentsazioa ematen du. Autobuseko leihotik begira hunkiturik aditzeko kantu ezin hobea da “Zahartzeko modurik onena”.
"Zuretzako hitz ederrak" (PEIREMANS): Pena ematen dit Berri Txarrak gustuko duen jendeak Peiremans ez ezagutzeak. Partaideek haien taldeetatik aparte sorturiko lana izateak edukiko du zerikusirik honen freskotasunean, eta nabaria da, “bigarren proiektu” izate horrek askatasun puntu bat eskaintzen duela. “Zuretzako hitz ederrak” da, seguraski, Peiremansen kantu ezagunena, eta gehien gustuko dudana aldi berean; mimoz eginiko lana dugu hau.
"Kilima" (SORKARI): Nafarroan bada mugimendua. Gazteriak badu gogoa, eta badago maila. Sorkari rocka eta stonerraren baitan ibiltzen da, eta hemendik kanpoko taldeen influentzia duela agerian da. Bereziki, Lorena Aisaren ahotsak hatseman ninduen ni. Skabideaneko kide ere denak badu ahotsean kolore eta potentzia ezohiko bat, soul anitz irentsi duela agerian uzten duena. “Kilima”-k duen indar eta sentsualitatearen nahasketarekin, bat-batean ohartzen zara burua mugitzen ari zarela, zuzeneko bat ikusteko gogo izugarriekin.
"Topeka" (DIABOLO KIWI): Iparraldea gogoan, zinez talde interesgarria da Diabolo Kiwi. Kobetamendin ikusi nituen lehenengo aldiz zuzenean, eta bereziki gustatu zitzaidan geroago “Topeka” izena zuela jakin nuen kantua. Horren jende gaztea funka hain modu finean lantzen ikustea polita da, izan ere, bada gazte anitz bere ikasketak direla eta (edo ez) funka jotzen duena, baino hortik sortzera badago pauso bat.
"Bigarren aukera" (WILLIS DRUMMOND): Willisen diskografiaren artean, bereziki maite dut kantu hau. Ez dakit seguru heriotzaz mintzo den, edo bideoklipeko hileta metaforikoa ote den. Dena delakoa izanik ere, gogoan dut klasean nengoelarik ikusi nuela kantua kaleratu berri zutela, eta bertan aditu nuen kaskoekin, izkina batean. Kantuak daukan bilakaera aski zaindua dago, txikitasunetik hasi eta txikitasunean akabatzen da, bizitza bera bezala. Bide batez, klimaxean Anariren ahotsa sartu izanarekin ederki asmatu zutela uste dut.
"Keinuak" (KASKEZUR): Bailarako taldea izanagatik hurbiletik jarraitu izan dut Kaskezur. Azken diskoa lan ederra dela erranen nuke, bere osotasunean, baina “Keinuak” kantuaren hasierako gitarrek haiekin batera eraman ninduten, bertze leku baterat. Joku polita sortzen du taldeak, kontu ilunez solasean, haur baten beldurrez, akorde maiorrei leku anitz utziz, gero asots minor eta ukidura bereziz betetako batez bukatzeko.
"Su eman" (UNIDAD ALAVESA): Talde honek badu doinu alaietan kontu gogorrenez solasteko gaitasun hori. Sentsazio gazi-gozoa ematen du “Su eman”-ek, kritika soziala egin eta gizartearekiko esperantza faltatik kontu potoloak bota ondotik, “egun berriaren eguzki printzak” pozik hartzeaz mintzo baita.
"Besteek zer" (MERINA GRIS): Proposamen berezia dakar hirukote honek. Haien sorkuntza musikalaz gain, nabaria da bertze ikuspuntu anitz ongi pentsatu eta landuak dituztela. Estetika bera, bertzeak bertze... Oraindik ez dute haien aurpegia erakutsi, eta ez du ematen erakusteko asmorik dutenik. “Besteek zer” da kaleratu duten kantu bakarra, eta hortzak luze utzi gaitu anitzei. Zerbait desberdina ekarri nahi du Merina Grisek, eta Euskal Herrian Zetak, Bulego eta bertzelako taldeek hemendik kanpoko estiloak hurbildu dizkiguten garaian, ematen du hauek pauso bat harago joan nahi dutela, eta ekoizpenari erreparatuz gero, nabaria da serio hartu dutela haien ideia.