Bihotzeko doinuak

Mikel Yarza Artola

2020.06.18
Gezurra ari du - Adrenalized
play_button
add_button
Parasitoak - Anestesia(Musika eta hitzak: Mikel Kazalis)
play_button
add_button
Goian bego - Asgarth(Asgarth)
play_button
add_button
Apokalipsiaren lau zaldunak - Bullets of Misery(Bullets of Misery)
play_button
add_button
Etorkizuna - Gabezia(Hitzak eta musika: Gabezia)
play_button
add_button
Minutu parera - Irkaia(Irkaia)
play_button
add_button
Zingirak - Izaro(Hitzak eta musika: Izaro Andres)
play_button
add_button
Alaitz - Legen Beltza(Legen Beltza)
play_button
add_button
Putacume bat bethi putacume bat da - Naizroxa(Naiz Roxa)
play_button
add_button
Eskualdunak - Numen(Numen)
play_button
add_button
Karamel - Rukula(Musika: Rukula)
play_button
add_button
Hostoak - Zingira(Hitzak eta musika: Iñigo Ibarrondo)
play_button
add_button

Laboa, Lertxundi ala Lete? Errobi, Sorotan Bele ala Gozategi? Su Ta Gar, Latzen ala Berri Txarrak? Hamar kantako zerrenda osatzeari ekin eta komeriak berehala… Talde klasikoekin hari bat sortzea pentsatu dut lehenik, soilik egungo banda gazteak aipatzea gero. Denak nahastuta osatu dut azkenean hamabi abestiko zerrenda, jakitun izan arren txoko txiki honetan ez dela kabitzen bihotza ukitzeko gai den oro.

ADRENALIZED - Gezurra ari du
Ingelesez abestu ohi dute, baina disko berrian lehenengoz egin diote tartea euskarari. Kanta behin entzun eta buruan itsasten den horietakoa da eta Japoniaraino eraman zuten pasa den urtean, Berri Txarrakekin batera. Hain justu, Gorka Urbizu izan zuten ahots gonbidatu abesti honetan. Laukote donostiarraren abilezia sekulakoa da eta onarpen handiagoa merezi du etxean.

ANESTESIA - Parasitoak
30 urteko ibilbidea gaindituta, eredu izaten jarraitzen dute taula gainean eta azpian. Laukote zarauztarrak hainbatetan luzatu izan digu eszenatokia partekatzeko gonbitea, euren festa basatiko parte izateko aukera, eta lehen minututik tratatu izan gaitu errespetuz eta gertutasunez, laguntasun giroan. Egoen mundu honetan, ez da beti horrela izaten.

ASGARTH - Goian bego
Iraganeko taldetzat nuen duela gutxira arte, baina orainaldi betekoa bilakatu zait bat-batean. Ikastolako urteetan zirraraz entzundako doinuak etxeko bozgorailuetan dabiltza azken aldian, baxuaren lau soketan gora eta behera. Orain, oholtza gainetik zein soinu duten ezagutzea falta.

BULLETS OF MISERY - Apokalipsiaren lau zaldunak
Death metala jotzen dute eta Linguae Vasconum Primitiae izena jarri diote euren lanik berrienari. Gainera, Etxepareren liburuaren azaleko irudi berbera erabili dute diskorako. Ba al da halako beste talderik Euskal Herrian? Dena den, aukeran nahiago euren aurreko diskoko kanta seinalatua, euskarazko muturreko metalaren ereserkien artean koka genezake.

GABEZIA - Etorkizuna
Talde lasartearra izanik, hasieratik partekatu genuen anaikidetza sentimendua. Herrian aurrez izandako metal taldeei erreleboa hartu eta bandera hori defendatu genuen hainbat urtez elkarrekin, euskaraz. Euren sen berritzailea paregabea izan da zazpi urteko ibilbide emankorrean. Horregatik, tristura handiz hartu genuen pasa den urteko agurra.

IRKAIA - Minutu parera
Sarritan entzuten dugu metalzaleok, musika estilo hau entzuteko ohiturarik ez dutenen ahotik, gogorregiak direla gure doinu maiteak. Lizarrako Irkaia boskotea izan liteke askoren aurreiritziak apurtzeko moduko taldea. Musika elektronikoa eta dubstepa nahasten dituzte, gitarra astun, bateria moderno eta ahots guturalekin. Diskotekan goza liteke, heavy metal jaialdi batean bezala.

IZARO - Zingirak
Zerrendako salbuespena dirudi, rock eta metal doinuen artean. Baina Izarok ere badu tokirik azken aldiko doinu kuttunen artean. Bost urte igaro dira jada unibertsitateko gelak, eskolak, eztabaidak… agurtu genituenetik, eta bereziki gogoan dut ikasturte amaiera batean ikaskide batzuek Donostia eta Orio artean egin genuen mendi buelta. Gitarra eraman zuen Izarok eta hainbat doinu erakutsi zizkigun, ordu hartan oraindik existitzen ez zen proiekturako zirriboroak. Udako oporrak ate joka genitueneko txango hori ekartzen dit gogora hautaturiko abestiak.

LEGEN BELTZA - Alaitz
Euskal Herriko thrash metalean erreferente dira eta Hilotzen kasuan gure aita ponteko moduko ere bilakatu dira. Hasieran heroi, gero mentore eta azkenean lagun. Taldeko bost kideak miresten ditudan arren, Ekaitz Garmendiarekin eraiki dut loturarik estuena. Gitarrista ez ezik, soinu ingeniaria ere bada eta gure iraupen luzeko bi diskoak igaro dira bere eskuetatik. Hilotzen bilakaera ulertezina da bera gabe. Hautaturiko kantuan, Aitor Gorosabel izan zuten ahots gonbidatu.

NAIZROXA - Putacume bat bethi putacume bat da
Lasarte-Oriako Multimusikala jaialdian ikusi nituen lehenengoz taula gainean eta buruak eztanda egin zidan, eskema guztiak apurtu zizkidaten. Itxuraz zerikusirik ez duten estiloak uztartu eta emaitza bikaina lortu izan duen taldea da Lezokoa, ideiarik eroenak gogoraerraz bilakatu dituen horietakoa. Mikel Laboak ere egin zuen ekarpena, euren Iqharaturic diskoan.

NUMEN - Eskualdunak
Euskal Herrian, lurrazpiko zirkuituan mugitu ohi da black metal estiloa. Talde batzuek kontzertuen promozioa modu tradizionalean lantzen dute oraindik, sare sozialetatik urrun, eta aretoak lepo betetzen dituzte. Kultuko mugimendu horretako izebergaren punta da Arrasateko Numen taldea. Lotura estua dute folklore eta kultura euskaldunarekin, baina gure mugetatik kanpo eskuratu dute eurek ere onarpen zabalagoa.

RUKULA - Karamel
Taula gainetik lurrera jaitsi eta ikusleen maila berean jarrita, laukote instrumentalak ez du parekorik. Joan ginen lehenengoz euren kontzertu batera eta berehala heldu ziren bigarrena, hirugarrena, laugarrena… rocka, dantza eta festa kezkarik gabe, askatasun osoz gozatzeko arrazoi ezin hobea dira.

ZINGIRA - Hostoak
Sharon Stoner esanguratsuagoa izango da askorentzat, baina pertsonalki, lehen entzunalditik harrapatu ninduen Zingira taldeak. Hirukote oñatiarrak disko bakarra osatu du orain arte izen horrekin eta bertako sei kantek badute nolabaiteko magia berezia. Girotze malenkoniatsua, gitarra melodia bikoiztuak eta baju zein bateria lana zirraragarriak dira. Ohean etzan, begiak itxi eta hegan egiteko modukoa.