Manex Agirre
2015.12.28BIHURRITZEN DENARI ATERATZEN ZAIO ZUKUA. BERBAFILIA ARIKETA BAT
Zerrendak filtro kontuak dira. Marka utzi didaten kantuak bildu ditut. Baina kontua ez da marka uztea bakarrik, marka zergatik utzi dizun ohartzea baizik. Eta hemen bildutakoek hizkuntza dute markatzaile, niretzat. Osatu ostean ohartu naiz hizkuntzari (ez hitzei, edo edukiari) arreta berezia jartzen dioten (edo, besterik gabe, hizkuntza modu berezian erabiltzen duten) kantuei arreta berezia jartzen diedala. Berbafilia hutsa.
ITOIZ: "Taxi horiak"
“Garai hura bizi izan zuen” bati baino gehiagori entzun diot, Itoizen kantuetako euskarak bazuela zerbait berezia, “kostaldeko aire bat edo”. Gaur kostatzen bazaigu, nahikoa lan izango zuten kantariak esandakoa ulertzen, “garai hartan”. Tira; gustuko dut Itoizen euskara hori, eta baita JC Perezenahoskera erdi ingelestu hori ere, kantuei halako aire harroxko bat jartzen die, erakargarri egiten zaidana. Ze jende xelebre estazioetan.
HERTZAINAK: "Eder bati"
Jon Miranderen letra. Onanismoaren defentsa, halako asperdura patina batekin. Gutxi izango dira euskara talde honek bezain natural (kontuz hitz honekin, eskuetan egin dezake eztanda) erabili dutenak. Kantuen tonuak eta gaiak hala eskatuta, ahozkora lerratuz, askotan. Asko gustatzen zait hori, agian ohikoena ez delako. Ea nork sartzen duen hits hitza, natural, kantu batean. Garik bai, hemen.
BAP!!: "Celosamente gordea"
Harreman berezia dugu kantu honekin, irrati-arrazoiak tarteko. Testua sekulakoa da, kantua ere bai. Testua, horixe baita: testua. Paragrafo bat. Beti pentsatu dut zein zaila izan behar den narrazio bat kanturatzea, erritmo kontuak tarteko. Ruperrek oso ondo egiten duen gauzetako bat, bide batez, Atxagaren poema kilometriko horiekin. BAP!!-tarrek bikain egiten dute hemen.
NEGU GORRIAK: "Hiri gerrillaren dantza"
Beti harritu nauen gauza bat da: Fermin Muguruzak nolako gaitasuna duen gauza mordo bat esateko kantuetan, eta zein ondo egokitzen dituen hitzak erritmoetara. Negu Gorriak-en kantuen bizitasunean eragina du, ezinbestean, ahotsaren berba-zaparradak. "Hiri gerrillaren dantza"-n gozamen hutsa da zein ondo enpastatuta doazen erritmoa, melodia eta hitza.
LAU BEHI; "Gaur gauean"
Ez "gaur gauean", "gaur gauen" baizik. Ikusten: hori da gustatzen zaidana. Estribilloaren neurriak hala eskatzen badu (ez dakit hori izan zen arrazoia, baina berdin zait), ez izan konplexurik: esan "gaur gauen". Kantuak irabazi egingo du. Eta gehitu Tapiaren koru ordainezin horietako batzuk atzetik, gainera. Zer besterik behar duzu ba.
BETI MUGAN: "Filosofi aldaketak"
Klasiko bat. Ba bai, punk-rockean atentzioa deitzen du errepikan Jack Kerouac aipatzen duen talde batek. Gerora On the road irakurtzeko gogoa iltzatu izana zor diot. Eta errepika bat besterik ez da.
AMA SAY: "Mila kolore"
Ahoskera, ingeles-euskara konbinazioa, kantaera. Ze ez du berezi, Ama Sayk. Beraz, zer ez du erakargarri.
DUT: "Txapela buruan ibili munduan"
Hitzen eta esateko moduaren arteko lotura gotorra dago hemen. Batetik letra ziri-sartzailea, bestetik, kantaera ziri-sartzailea. Biak elkar elikatzen.
Seguru nago sudurra itxita grabatu zutela. Hau entzun nuenetik, zerbeza batzuren ondoren, ni ere sudurra itxita saiatzen naiz Cypres Hill imitatzen.
JOSEBA TAPIA: "Soldadu sartzea"
Hau kapritxoz ekarri dut. Har nezakeenKoldo Izagirrerekin Real politik diskoan bertan, edo Apoaren edertasuna-renean egindako kopla zahar itxurako errepikadun marabilla horietakoren bat. Baina Bilintxen bertso hauek ezagutzen dudan puntuz puntuko eta errima ezberdineko zamalkadura ederrenetakoa dute. Hirugarren bertsoan, laugarren eta bosgarren puntuen artean. Tapiak jarritako musikak indartu egiten du efektua, gainera.
BRIGADA CRIMINAL: "Prest al hago?"
Hika. Nork erabiltzen du hika gaur egun, euskal musikan? Brigada Criminal lazkaotarrek hemen bai. Plus bat kantuarentzat, bestela ere zuzen-zuzen sartzen den horietakoa den arren. Eta kezka bat: ez al da, gaur egun, euskal musikan erabiltzen den hizkuntza, estandarregia, konpartimentatuegia? Aire serioegikoa? Badaude kontrako adibideak. Mursego, are The Uski's. Ez al dira gutxiegi?