Keu Agirretxea
2017.01.17"No quiero estar atado a la tiranía del disco", erantzuten zuen orain dela gutxi elkarrizketa batean Iban Urizarrek. Hamar, zortzi, hiru... zer axola du horrek? Abestiak banaka identifikatzen ditut, askotan jakin gabe zein diskotakoak diren. Begira Georgie Dann, singlearen erregea, urtean abesti bat... bueno, hori beste gai bat da. Zerrenda honetako abesti bakoitza momentu konkretu batean etorri da niregana eta aterik jo gabe barruraino sartu da. Zortea dut, gehienekin jotzeko edo eszenatokia konpartitzeko aukera izan dut.
Azkenaldian elkarrekin jotzen izan gara eta argi utzi dit Jon Basagurenek artista handia dela, abesti onak idazteaz gain zuzeneko ederrak eskaintzen ditu, oso onak Izaki Gardenak.
Zer esan behar Izarok duen magiari buruz? Ahoa zabaldu eta harrapatzen zaitu. Abeslari batzuk zerbait berezia dute eta horietako bat Izaro da.
90eko hamarkadan DUT irten zenean aluzinatu egin nuen, bapatean bum!, kolpea mahai gainean. Gogoan dut Oreretako jaietan elkarrekin jo genuen kontzertua.
Joseba Irazoki eta lagunak diskoan altxor asko dago, ez dakit zenbat hilabetetan ez nuen CDa kotxetik atera, buelta bakoitzean zerbait berria deskubritzen nuen.
Era berezian janzten ditu abestiak Rafak, azken urteetan egin duen lana gustuko dut.
Berandu deskubritu nuen Jexuxmai, 2012. urtean kontzertu batzuk elkarrekin eman genituen eta oso ondo konektatu genuen, gustuko ditut bere abesti asko, leku berezi batera eramaten ditu instrumentalki eta abesteko era asko gustatzen zait.
Eta bapatean Amorante etorri zen mundura! Tradizioa, modernitatea... Sekula ez da jakiten Ibanen hurrengo mugimendua zein izango den, ziur ausarta izango dela.
Tiro bat bezala sartu zitzaidan Berriren azken diskoko abestia, etxean eta autoan asko entzuten dugu.
Luxu bat izan zen bere azken diskoan parte hartzea, abeslari eta konpositore handia da Gurru laguna.
Nire anaien rock eta heavy biniloen artean hasi nintzen gitarrarekin lehen pausoak ematen. Egun batean kuadrilako lagun batek Kortatu diskoa utzi zidan eta ez dakit zenbat egunetan geratu gabe buelta eta buelta ibili zen platoan.
Orain dela urte eta erdi nire etxean izan ginen Pablo Novoa eta biok abesti bat grabatzen, bueno, egia esan, ardoari eta gaztari egurra ematen. Ia kontrako eztarrira joan zitzaidan esan zidanean Espaloia diskoaren grabazioan parte hartu zuela. Pablo gran reserva bat da.
Gaztetan Ondarruko Akeita tabernan pasatzen genituen arratsaldeak koadrilan kartetan, pipak jaten, solasean... Askotan soinu banda Mikel Laboa zen. Nork esango zidan urte batzuk geroago berarekin estudioko grabazio saio bat konpartituko nuela. Ziurrenik musikak eskaini didan oparirik onena izan da.
Keu Agirretxea