Jon Gurrutxaga
2019.01.21Hona hemen nire zerrenda eta erabat desordenatuan etorri zaizkidan ideiak:
Euskal rockaren aitzindariak izanik, ezin nituen kanpoan utzi Errobi, Koska eta Niko Etxart. Lapurtarren “Aitarik ez dut” lehen aldiz entzun nuenean txundituta gelditu nintzen bere riff eta leloarekin. “Beldurrez”-en melodia umetan entzun nuen estrainekoz eta iltzatuta geratu zitzaidan hitzetako “otso zakurrak” espresioa. Auskalo norena zen etxetik pasa zen binilo hura, urteetan entzun gabeko kantu hura berriro entzuteko plazera izan nuen duela gutxi Koska taldearen bi diskoen berrargitaratzearekin. Niko Etxart 2007an ezagutzeko aukera izan nuen Korrika 15-erako egin zuen kantuan parte hartzean. Goraipatzekoa beti erakusten duen gogo eta kemena, bi urte lehenago argitaratu zuen “Minuette Rock” kantu bikaina Hapa-hapa taldearekin batera.
Mikel Laboa izan da etxean betidanik entzun izan dudan euskal klasikoa. Rory Gallagherren inguruko liburua idatzi nuenean artista donostiarra elkarrizketatzeko zortea izan nuen, irlandarrak Euskal Herrian eskaini zuen lehen emanaldian publikoan izan zela aitzaikia hartuta. Telefonoz izan bazen ere, ezbairik gabe, egin dudan elkarrizketarik kuttunetakoa. “Gogo eta gorputzaren zilbor-hesteak” izan da betidanik bere abestien artean nire gustukoena.
Ruper Ordorikaren melodiek eta ahotsak beti erakarri izan naute. Lurrean etzanda diskoa azken urteetan autoan oso-osorik entzuten dudan euskal disko horietako bat da.
Eta zer esan Su Ta Gar talde eibartarraren inguruan. Makina bat aldiz ikusi eta entzun izan dudan taldea, 30. urteurrena ospatuz Durangon azkenekoz. Biharamuna lepoko minez eta ahotsa urratuta.
“Zugatik” ez da etxean ditudan Seiurteren kantuen artean, onartu beharra daukat. Bestalde, irratian entzuten dudan oro alai jartzen nau berriztarren abesti honek.
Zalantza asko izan ditut Keuren kantuen artean bat aukeratzean. Azken urteetako lanetatik “Zuhaitzen denbora”k harrapatu nau azkenean.
Amoranteren “Dogma”-k misterioa iradokitzen dit, Napoka Iriaren “Nik ere” piezan riffak hasiera-hasieratik jartzen nau adi eta ahotsak heldu. Neighborren “Nunzare” lasaigarria, atsegina eta freskoa iruditzen zait entzuten dudan bakoitzean. Eta Xabi San Sebastianen “Zuhaitza” bueltaka izan dut azken asteotan autoan; zuzena, indartsua, itsasgarria.