Abestiak argazkien doinuak dira, bizitako une edo etapa baten irudiekin batera barruan berez azaltzen zaizkigunean.
Iraganaren eta orainaren arteko zubiak ere badira, entzun ohi genuenaren berriarekin topo egitean denboran konektatzen gaituztenean.
Ateak dira, etxetik irtendakoan itxi eta handik luzera berez zabaltzen direnean itzultzeko gogoa sortzen digutenean.
Elkar nahasten gaituzten hariak dira, ezberdin egiten gaituena lotuz amankomuneko berria sortzen dutenean.
Elebitasunaren bidez kanpoko eraginei begiratzen irakatsi zigutenen amorrua; post-rocka euskaratuz belaunaldi baten ezaugarri bihurtu zutenen ernegazio garrasia; Arean harribitxia sortu zuenaren bide emankorrean aurkitutako beste bat; bidelagun izandako gitarra garratzen hotsa denborak gozotutako melodien hegaldi bihurtuta; atzerriko gitarren oihartzuna dotoreziaz jantzi zutenen xuxurla; Kutxa Beltzan harro sentiarazi nindutenen leuntasun hauslea; beharrezko musika eszena berri batean nortasun handikoaren ausarkeria; entzulea barrura gonbidatzen duenaren amodiozko melodia gordina; distira propioaren bila dabilenaren argi-izpi itsugarria; tradizioa eta berria uztartzen dituztenen kantu hipnotikoa.