2024ko KANTU ETA DISKO KUTTUNAK (VII)

Iker Gurrutxaga

2025.01.21
Ulehertu - Niña Coyote eta Chica Tornado / Gailü(Musika eta hitzak: Niña Coyote eta Chico Tornado / Egokitzapena: Gailü)
play_button
add_button
Gure orbainak - J MartinaJ Martina
play_button
add_button
Fusilaren Hotsa (ft. Flako Fonki) - La TxamaLa Txama
play_button
add_button
Beste Behin - Bengo
play_button
add_button
Marranetis - Hok Ttuk Amalau
play_button
add_button
Tirikitrauki - DuplaDupla
play_button
add_button
Garai honetan - PI.L.T.(Musika eta hitzak: Rafa Rueda)
play_button
add_button
Merezi ote - Chill MafiaChill Mafia
play_button
add_button
Elektrizitatea 25 - Zea Mays
play_button
add_button
M.L.C. (x YPSEN x LACASIA x PANDO) - Monsieur leCrêpeMonsieur Lecrêpe
play_button
add_button
Zuon txanpona - TOCTOC
play_button
add_button
Zaldi zuri bat - Olatz Salvador(Musika: Olatz Salvador / Hitzak: Izaro Bilbao)
play_button
add_button

Aurtengo zerrenda osatzerako garaian barruan zerbait mugitu didaten disko eta kantuak aukeratu ditut. Nahikoa ausaz egiari zor, baina batzuk aspalditik zerrendatuta nituenak. Kalitate handiko lanez jositako urtea izan delakoan nago 2024a, horregatik hautaketa egiterakoan buruari buelta gehiegi ez ematea erabaki dut, bestela ez nukeelako inoiz bukatuko. Geroz eta ekoizpen potoloagoak egiteko gaitasuna dugu Euskal Herrian eta hori txalotzeko zerbait da. Dagoeneko estudioetatik harago mugitu da hori, artistek geroz eta gaiatsun gehiago dutelako ekoizpenean ere, eta hori harrotasuneko motiboa da. Pena bakarra izaten dut urtea bukatzen den bakoitzean, atera den guztiari behar beste denbora eskaintzeko aukerarik ez izana. Ea nola datorren 2025a.

Kantu kuttunak

1)  'Ulehertu' - Gailü

Niña Coyote eta Chico Tornadoren kantuarekin egin dutena sekulako artelana izan da. Eta kantuak duen mezua, oso beharrezkoa.

2)  'Zuon txanpona' - TOC

Talde berezia da ezbairik gabe TOC eta hein batean soinu propioan izan duten garapenari esker izan da hori. Kantu honek denetarik du, eta eman duten aurrerapausoaren adibide nabarmenena delako gehitu dut zerrendara. Lo-Fi soinuak, sinte kutsua, erritmo desberdinak eta kantatzeko modu berezia gitarra klasikoak ematen dion ukituarekin. Artelan bat.

3)' M. L. C.' - Mr. LeCrêpe

Gorka Urbizuren diskoa atera zenean ez zen besterik aipatzen batean eta bestean. Bada, Lekunberrin Gorka Urbizuk egin zuen lehen disko aurkezpenean abesti honi buruz hizketan ibili ginen guztiak. Errimarekin nahi duena egin, zortzi minutu alferrikako barra bat bera ere gabe... Residente berari erakutsi eta hura ere belarriak txaloka jarriko lukeen kantu puska.

4) 'Elektrizitatea 25' -  Zea Mays

Kantuaren urteurren ospakizuna denoi halako opari bat egiteko baliatu du Errekaldeko taldeak. Sekulako emakumeak ditugu oholtza gainean eta oholtzaren bueltan lanean, eta ez ditugu behar beste goraipatzen. Hor ez daude denak, baina indar erakustaldi bikaina egin dute. Gure We Are The World propioa egin nahi zutela aipatu zuen Aiora Renteriak. Bada hori eta gehiago lortu dute.

5)  'Merezi ote' - Chill Mafia

Albiste tristea izan zen Agur eta ohore x allá va la despedida diskoa kaleratzea, beren bidea eteten zutela esan nahi zuelako. Kantu ederrak eman dizkigute trukean, eta hau hamarreko bertsioa da. Hunkigarria, errespetuzkoa eta sinisgarritasun handikoa. Polemikak polemika, Chill Mafiak arrastoa utziko du etorkizunean iraun dituen lau urteen ondorioz.

6) 'Garai honetan' - PiLT

Frankenstein moduko bat izan zen kantu hau agertu zenean, pasarte desberdin asko zituelako. Baina emozioak konektatzen gaituenean, dena eginda dago. Nostalgiatik edan dugu Pi.L.T. bueltan dela jakitean eta haien doinu gaurkotuak dira 2024ko Balak Airean Ep-an etorri direnak. Energia positibo uholde bat.

7) 'Tirikitrauki' - PiLT

EDM musika, batxata eta euskara kantu berean. Koktel bikaina udako kantua izan behar zuen horretarako. Eta, nire ustetan, ezbairik gabe hau izan da 2024ko udako kantua. Konpetentzia egin dion beste kantua, Fandango Nasty izan delarik, hau ere Duplarena. Festa ziurtatuta dago hauekin eta nahieran, gainera.

8) 'Marranetis' - Hok Ttuk Amalau

Hondarribian elkartu diren rap kolektibo honek merezi du tokirik zerrendan. Euskara bultzatu asmoz elkartu ziren, bertako hizkuntza erabilita, bertako erreferentziak baliatuta baina bestelako keinuei uko egin gabe. Eminem kantu berriarekin agertu den urtean, hauek hari egin diote keinu, alajaina. Urteko sorpresa handietako bat kolektibo honena ezbairik gabe.

9) 'Beste behin' - Bengo

Estiloz ez da nigandik gertuen dagoena (kontuz, eta beste asko ere ez zerrenda honetan), eta kuttunen zerrendan izateko batzuetan ez da behin eta berriz entzuten dudala arrazoia, baizik eta egindako lanari balioa eman nahi diodala. Eta hori da ezbairik gabe Bengoren Belharra diskoak merezi duena. Behin eta berriz aipatu dut nazioarteko estudio handi batean eginda dagoenaren sentsazioa ematen duela disko honek eta ez Ergobian Aitor Bengo eta Julen Adurizen artean. Handitasun horren adibide garbiena iruditzen zait Beste Behin kantua eta horregatik sartu dut zerrendan. Bira emankorra dute aurretik.

10) 'Fusilaren hotsa' - La Txama

Euskal Herrian musika mexikarrak beti izan du harrera ona, baina orain arte tex-mex mundua izan da gehien besarkatu duguna. Korridoen mundura eramaten gaituzte, ordea, La Txamakoek. Eta ez korridoetara soilik, kunbia hau adibide. Hauek haizezko eta sokazko instrumentuekin egin dute guztia eta benetan txalotzeko moduko soinuarekin. Askotan esan izan dut Euskal Herrian haizezko instrumentuak grabatzen ez garela onenak izan, bada hauek beren kabuz lortu dute soinu oso on batekin grabatzea. Haizezko instrumentuak aipatuta, ezin Goxua’N Salsa aipatu gabe utzi, haiek ere bikain grabatu dutelako beren bigarren lan luzea eta sekulako lana egin Urak Eginen Du Bide diskoan. Baina, La Txamari helduz berriz ere, festa eta aldarrikapena uztartzen dituen proiektua da, duen itxura baino askoz ere serioagoa dena. Eta memoria historikoko hainbat ariketa ere egin ditugu haien kantuei esker. Sorpresa ederra.

11) 'Gure orbainak' - J Martina

Disko borobila egin duela iruditzen zait J Martinak Negu Gorri lanarekin. Disko kuttunen zerrendan sartzeko modukoa zen (ohartuko zineten dagoeneko kantuen zerrenda nolabait ere diskoena zabaltzeko erabiltzen dudala), eta lana erreztuko zidan hala egin izan banu, kantu bakarra aukeratzea zaila delako. Baina Gure Orbainak hasieratik sekulako pieza iruditzen zait. Hitz gutxi, erritmo dantzagarria eta melodia itsaskorra. Kantu batek ez du askoz gehiago behar eta mezuak garrantzia duenean behar duen efektua lortzen duela iruditzen zait gisa honetara aurkezten denean. Beste asko akaso goraipatuagoak izan diren abestiak dira, konplexutasunagatik, sortzen duten emozioengatik… baina hau sekulakoa iruditzen zait niri. Zintzilik zuzenekoa.

12) 'Zaldi zuri bat' - Olatz Salvador

Zainak Eman diskoa ona bezain ausarta iruditzen zait Olatz Salvadorren ibilbidean. Arriskatua eman duen pausoa, egiteko modua eta emaitza borobila zinez. Arrisku horretan guztian Zaldi zuri bat kantuan erabili dituen teknikak, ahotsaren trataera eta kontatzeko modua hobekien islatzen dituela iruditzen zaidalako aukeratu dut hau. Badu zerbait abesti honek berezi egiten duena. Zuzenekoa ikusteko desiatzen.

Disko kuttunak

1) 'Errekak nola' - Bananas

Astebete baina gutxiago falta da Touché Amoré taldeak Atabalen kontzertua emateko eta oraindik ez dut ulertzen nolatan oholtza ez duten partekatuko. Emozioak dantzan jartzen dizkigun taldea da Bananas, eta, nire kasuan, kontzertu bat gertu dudanero ume txikia bezala urduritasunak hartzen nau. Beste behin sekulako diskoa egin dute, azalpen teknikoetan sartu gabe, maisulana.

2) 'Hasiera bat' - Gorka Urbizu

Igande gauerdi batez hainbeste euskaldun disko bera entzuten ez dakit askotan izango ote ginen eta diskoaren ingurukoak partekatzen are gutxiago. Hori eta gehiago lortu du Urbizuk lehen diskoarekin. Aukeratu duen soinu unibertsoak sortzen duen berotasunak soilik zerrendan egotea merezi du. Gero gainerako kontuak datoz: hitzak, zuzenekoa... Lehen lagin apartekoa.

3) 'Orube' - Izaki Gardenak

Bi singleak nahikoa izan ziren riff on batekin zer sortu daitekeen erakusteko. Hibernazioak on egin dio Basagurenen proiektuari nire usterako eta beste indar batekin itzuli da Izaki Gardenak. Soinu kategoriakoa duen beste disko bat.

4) 'Deus' - Kaskezur

Erritmo ezohiko eta soinu bereziak maite badituzu hau da zure diskoa. Puntu eklektiko bat badu Kaskezurrek, baina kaos ordenatu bat bihurtzeko duten gaitasunak egiten du hain berezi taldea. Zuzeneko zinez interesgarri batekin defendatzen dute diskoa eta engranaia sistema ondo olioztatuta dutela esan dezakegu.

5) 'Esan gabe doa' - Pelax

Abestera pasa dira disko honetan Pelax taldekoak eta hori izango da akaso aldaketa nabarmenena aurreko lanetatik. Artifizio askorik gabe sorkuntzatik tiraka beste disko puska bat osatu du talde donostiarrak. Hauek ere zuzenean disfrutatzeko taldea dira, Euskal Herrian gutxi izango baitira maila honetako zuzenekoa eskaintzen duten taldeak. Aukerarik izanez gero, ez galdu eta disfrutatu Pelaxekoen gaitasunaz.

6) 'Falsollano' - Virenque

Euskararako salto erabatekoa eman du Virenque talde nafarrak. Rockaren bueltan dabilen taldea, Austral lan zinez interesgarri baten ostetik zer ekarriko ote zutenaren zain ginen. Bada oiloipurditan jartzen duten melodia sorta gorde dute disko berrian, indarra eta goxotasuna orekan eta kritika ugari hitzetan. Ea lan honekin aukera gehiago izaten dituzten eta Euskal Herriko luze-zabalean beren musika hedatzeko aukera izaten duten. Merezi dute.

7) 'Giza zarata' - Anari

Espero gabe 2024an etorritako beste disko horietako bat. Hitzen eta musikaren arteko oreka oso zainduarekin, ahotsari behar duen espazioa emanda eta musikaren energia dosia batere galdu gabe etorri den diskoa. Ikasgai ugari gordetzen dituen disko borobila.

8) 'Herrari' - Bele

Ez da inondik inora ere erraza Lide Hernandok 2024 honetan egin duen ariketa. Liher taldea agurtu aurretik ezagutu genuen Herrari Bele proiektuaren diskoa eta, musika beltzaren zantzuak bere musikan aspaldi ikusi bagenituen ere, rocketik pop mundurako saltoa handia da. Gitarra zintzilikatu eta dantzara. Ahotsarekin egindako lanaz gainera, guztia Iñigo Etxarri eta bien artean egin dute, eta lortutako emaitza oso ona izan delakoan nago. Halako disko bat bi pertsonen artean egitea eta hain denbora gutxian oso zaila da. Xehetasunez beteta, erreferentzia oso potoloak ekartzen ditu burura eta, gainera, zuzenean ere maisuki defendatzen dute egindakoa. Halako pausua ematen duen musikariari zorionak ematea baino ez.

9) 'Izaro Gabonetan' - Izaro

Disko ezohiko bat, baina Gabonak gustatzen zaizkigunontzat sorpresa atsegina. Mundu anglosaxoian pop kulturako artista ugarik ateratzen du urtero diskoren bat Gabon kantekin eta Izarok bide hori hartu du. Bi munduak uztartu dizkigu, euskal oles kantu klasikoagoak eta jingle anglosaxoiak biltzen baititu diskoan. Egun ematen ari den kantutegiko aldaketa bikain baliatuz, etorkizunean maiz entzungo ditugun hainbat kantu gehitu ditu Gabon kanten zerrendara Izarok. Hartu lerak eta maldan behera ibiltzea soilik falta zaigu.

10) 'Lore' - Janus Lester

Folkaren mundua besarkatu du disko honetan batez ere Janus Lester proiektuak baina mimoz egin du. Ahotsari lehen zuen protagonismoa areagotu diolakoan nago lan honetan eta Lore kantua bera da horren adibide gorena. Auskalo zenbat ahots geruza eta zer nolako espektroa hartzen duten guztien artean. Lan intimoagoa, beste giro batekoa. Kantu bat aukeratu beharko banu, biluziena iruditzen zaidana aukeratuko nuke, Lore, Jokin Pinatxok egin duen lanari benetako balioa eman nahian. Ea antzokiren bat laster zapaltzen dudan hura ikusteko.

11) 'Ez da besterik' - Marte Lasarte

Urteko proposamen freskoena iruditu zait Marte Lasarterena. Ez dakit argi esaten non dagoen gakoa, baina gorputza mugiarazten dit etengabean eta estimulu positiboz josita dator haien musika nigana. Diskoarekin asko dibertitu ostean, zuzeneko are dibertigarriagoak espero ditudan talde horietakoa. Ea zer dakarren aurkezpen birak.

12) 'Gatza' - Ezpalak

Zerrendan hutsik ezin zuen taldea. Martxan jarri direnetik pauso bat aurrerago eman du disko bakoitzarekin Ezpalak taldeak, soinu eta identitate propioarekin eta bidean ikasitako guztia gehituz beren musikari. Ideia garbiekin, talde oso konpaktu baten forman eta bakoitzak sekulako ekarpena eginaz. Ikus-entzunekoetan eman duten aurrerapausoa ere ezin aipatu gabe utzi disko honetan. Bide batez, EP bat aipatu nahi nuke gisa honetako beste talde batena urteko kuttunen zerrendan kabitzeko tranpatxoa eginaz: Trini Fox taldearen Flanagan. Harreman handia du Gaztain estudioarekin Urrestillako taldeak eta Ezpalaken pare jarriko nituzke jarreraz eta zuzeneko indartsu moduan. Urola Erdiko bi talde handi.