Urko Ansa
2025.01.17
1.- Nazkatuta (Olloki). Bakarra aukeratu behar, eta gogorra izan den arren, AOR pieza zoragarri hau hautatu dugu onena bezala. 80etako FM Hard Rock kantu apurtzaile haien oinerdeko zuzena, melodia ederra dauka, ahots agudo gozagarria, gitarra solo zein erritmiko garaileak eta teklatu soloa. Hamaika ikusteko jaioak gara.
2.-3 (Pelax). Unai Pelayoren diskoa harrigarria bada, 3 izena duen kantua dugu akaso denetan onena. Deskribaezinezko sentsazioen pilaketa, progresiboa eta math rockaren arteko jolas itzela dugu. Erritmoaren konplexutasunak, egituren mozkorraldi geldiezinak eta erasokortasun oso markatuak diskoko onenean bihurtzen dute.
3.-Erlauntzako erreginak (Tenpora). Tolosako (Gipuzkoa) boskotearen bosgarren diskoak baditu zenbait sekretu, baina hau dugu akaso beraien ibilbideko ederrenetakoa: jazz egitura guztiz alde batera utzi gabe, Elene Arandiaren ahots ederrak sentsazio pilaketa dakar amaiezinezko plazera eskaintzen diguten azken bi minutu eta erdietan. Musika kapa guztiek eraikitzen duten unibertsoa fantasiazkoa eta liluragarria da.
4.-Urte berri on (Izaro). Nola aukeratu hainbeste kantu ederren artean? Gure gabon gaua, Hartu lerak maldan behera... aukera anitzeko diskoa dugu, baina diskoari agur esateko hautatu duen hauxe dugu onenetakoa. Mallabiarrak gabonak sentitzeko duen era trasmititzen du eta kapak sortzeko erabili duen modua delicatessen hutsa da: Grand finalle epikoa eta ahotsaren erabilera garaiezina dauka.
5.-Teoria bat (Gorka Urbizu). Biluzia, hermetikoa.... baina zer nolako melodia ederrak sartu dituen Gorkak bere bakarkako lehen diskoan! Zale bakoitzak bere kantu faboritoa edukiko duelakoan gaude, baina bat hautatzekotan guk Teoria bat aukeratu dugu bere elegantziagatik. Badauka nolabaiteko baikortasun bat gainera, malenkonia kutsu handia darion arren.
6. Basamortua (Marte Lasarte). Skakeitan taldeko konposatzile nagusietako bik (Pello Armendarizek eta Borja Antónek) sortutako taldeak, komertzialtasuna bilatu du nahiko nabarmenki, aurten hainbat artistak egin duten bezala, baina kalitatea nabari da diskoan hainbat kantuetan, adibidez Basamortua honetan, konplexutasun apur bat ere bai baitauka eta ez baitu, gainera, dantzagarritasunik galtzen.
7. Tiraka nabil (Keia). Eraikin sendoa dugu kantu hau. Diskoko kanturik dentsoena, Ane Arrutiren melodia goxo bat dakar hasiera hasieratik, nahiz eta pixkanaka eraikitzen joan diren soinu harresiak kantu osoa zeharo sorgintzen duen. Girotzea intentsua eta erabatekoa da, oso gogorra.
8. Orube (Izaki Gardenak). Pasadena taldeak deskantsua hartu du, baina zorionez Izaki Gardenak itzuli da. Gainera, Libek Jon Basagurenen ondoan jarraitzen du eta kalitatea bermatuta dago, modu ezberdin batean bada ere. Kantu honek bide berriak ireki ditu, lehenago zabaldutakoei muzinik egin gabe: sentibera, goxoa, melodia ederrekoa... hitz batean: zoragarria.
9. Sarearen (Idoia). Hiru urteren ondoren, hemen da Idoia Asurmendiren bigarren diskoa. Bide komertzialean sakondu duen arren (tartean erdaraz kantatutako kantu sorta zabala), lehen diskoko dohaiak mantentzen ditu, eta kantutzar dotore honekin bere sentsibilitate guztia eskaintzen digu. Benetan ederra.
10. Basan (Olatz Salvador). Donostiarrak ere jauzi handia egin du lan honekin, irrati formulak aurreko bi artelanek baino dezente nabarmenago bilatzen baititu, nahiz eta euskara hutsean kantatzen duen. Edonola ere, Zintzilik eta Aho uhal diskoetan bezala, berezko nortasuna, doinu harrigarriak eta produzkio oso landua dauka disko honek ere. Haien artean akaso Basan dugu erabatekoena eta dudarik gabe famatuena.
11. Troiako zaldia (Anari). Luze egin zaizkigu Epilogo bat diskotik pasa diren zortzi urteak, baina poesiaz jantzitakokantu sorta eder batekin itzuli zaigu azkoitiarra. Troiako zaldia-k dramatikotasuna eta sotiltasuna eskaintzen digu bere tradiziorik hoberenean, baita, noski, karga emozional erraldoiaz eraikitako crescendo garaiezin horietako bat ere.
12. Ihesi (Madame Birrots). Proposamen berezia, atmosfera goxoz eta sorpresa hainbatez betetakoa dakar Baztango bost emakume hauen lehen diskoak. Girotze sinple bezain erakargarrien artean, Kattalin Ezkerrak Ihesi kantuan ahotsa nola goratzen duen entzutea gozamen hutsa da.
1.-Izaro - Izaro gabonetan (Egilea editore). Urteko sorpresarik handiena Izarok eman digu. AEBtako tradiziorik hoberenean, Sinatra, Dean edo Crosbyren sonoritate gozagarriak landu ditu gabon izpiritua borobiltzeko. Hainbat pieza gure kantutegira pasako dira, jada egin ez badute (Gure gabon gaua, Olentzero, Hartu lerak maldan behera...).
2.-Pelax - Esan gabe doa (Balio Dute). Rock progresiboa lurralde oldarkorretara eraman du Pelaxek, eta hori gutxi balitz, erritmoen bortxaketa motak eta jolas amaigabeek math rock manerak landu dituzte Unairen lanik onenean. Erosotasunetik urrun, estimuluen pilaketa benetan harrigarria da.
3.-Olloki - Alienatuta (Egilea editore). Hainbeste kantu mota, hainbeste estilo eta ahots tonalitatek garaiezina bihurtu dute Andoni Oilokiegiren proposamena. Horrek dispertsio handia ematen die diskoei eta lan konpaktuago batekin lor zezakeenetik urruntzen du. Dena den, harrigarria da egiten duen guztia, eta egin dituen AOR kutsuko pieza zoragarriak: Egokitu, Nazkatuta, Lehen aldia... jeinu baten aurrean gaude eta denborak hala erakutsiko du.
4.-Gorka Urbizu - Hasiera bat (Only In Dreams). Denbora izan du Gorkak bere itzulera planifikatzeko, dudarik ez, baina arrakasta lortu duen moduan lortzea ikusgarria da gero: komertzialtasun oro alde batera utzi eta lan barnerakoia eta iluna egin du, biluzia baina era berean argitsua. Kantuen indarrak dena esaten du eta modurik zintzoenean lortu du gailurra; chapeau.
5.-Ezpalak - Gatza (Patana Records). Zein oldarkorrak diren zestoarren kontzertuak. Gero eta gehiago, hala da, baina hori diskoan frogatzea ez da hain erraza izaten, eta azkenik lortu dute horretara hurbiltzea. Momentu honetan beraien ibilbideko momenturik interesgarrienean daude, eta laukote hau mantentzen badute petatzeko aukera oso handiak dauzkate.
6.-Eraul - Dabadaba zuzenean (Live) (Egilea editore). Asier Beramendi donostiarrak zur eta lur utzi gintuen 2017ao Iraultza diskotzarrarekin. Gero, erritmoa jaitsi zuen, baina Blanquita Carraquela proiektu gomendagarria aurrera atera zuen. Azken bi urteetan singleak atera ditu eta orain lehen aipatu LP zoragarri hori zuzeneko gordin eta hunkigarri honetara eraman du. Erraietatik ateratzen den diskoa dugu, berehalako klasiko bat.
7.-Alguillo & Alkimistak - Burua makurtu gabe (Egilea editore). Sorpresa gehiago: Expresión Sonora eta Koska taldeetan aritutako Alfonso Guillók zortzikote gustagarri hau jarri du martxan: soula, gospel koruak, rock pizgarria, perkusio sekzioa, Hammond organoa... Carlos Santana harro egoteko moduko piezak ere badaude, eta orohar kalitate estandarra oso altua eta guztiz ezberdina da.
8.-Kuartz - III (Bonberenea). Akaso espero baino bigunagoa da baxenabartar bikotearen lan berria. Hala ere, stoner manerak lantzen jarraitzen dute eta konposizioak indartsuak dira, nahiz eta zati melodikoen garapenak eta popera hurbiltzen diren doinuak hor dauden. Stonerraren eboluzio bat dugu hau, jatorrizko izpiritua alde batera uzten ez duena.
9.-Kaskezur - Deus (Usopop). Bost urteren ondoren, bueltan da azkenik Baztango taldea. Gustu ona nabari da soinuan eta kontu handiz landutako gitarra delikatu zein biziki gogorretan. Erritmoa eta tentsioa mantentzen maisuak, crescendoak ere berebiziko garrantzia daukate hainbat kantuetan.
10.-Delirium Tremens - ... Ta Nora? (Balaunka). Sei kantu berrik eta bi klasiko zaharrrek (Batzuetan eta Sua) osatzen dute Mutrikuarren azken diskoa. Duintasuna baino gehiago lortu dute: soinu konpaktua, bultzada boteretsua (Hiru aeroplano diskoan lortu zutenaren antzekoa) eta aurten egingo duten azken agur biran joko dituzten hainbat pieza. Itzulera polita izan da 2022an hasi zutena, baina amaierara hurbiltzen ari gara.
11.-Gari - Behin bizitzea (Elkar). Goxotasun berri bat lantzen ari da Gari azken diskoetan. Kantuak modu bereziki atsegin eta limurtzailean sartzen diren horietakoak dira, eta landu duen soinu motak zer ikusi handia dauka azken emaitzan. Ibilbide harrigarria Garirena, gure eszenako produktiboenetakoa eta nola ez iradokitzaileenetakoa, baina baita zabalenetakoa ere.
12.-Keia - Zamalanak (Egilea editore). Ane Arruti eta oñatiarrek bigarren disko honetan bide apur bat ezberdina landu dute, akaso batzuetan leunagoa eta bestetan astunagoa, nahiz eta sakontasun kargak hor dauden eta kantuen egiturak aberatsak diren. Eboluzio txiki bat bezala har genezake, baina Aneren ahotsa (taldearen nortasun agiria) beti bezain zoragarri entzuten da.
1.-Errobi - Euskalduna (Bilbo, maiatzak 4). Atzar Hadi proiektuak zirikatuta, inoizko sorpresarik handienetakoa hartu dugu Errobiren itzulerarekin. Kontzertuak harrigarriki boteretsuak izaten ari dira: Anje Duhalde ahotsez ezin hobeto dago eta Mixel Ducau emanaldietan guztiz askatuta eta motibatuta, Anjeren musikariekin sekulako soinua lortu dute oholtza gainean. Birak aurrera jarraituko du 2025 honetan ere.
2.-Anestesia - Gaztetxea (Orio, uztailak 6). Azken birako azken kontzertuan egon ginen Orion. Zorionez, ez da hala izan eta berriz ere oholtzara bueltatu ziren ia berehala. Gaztetxean ikusi genuena gupidarik gabeko erasoa izan zen, zitala eta gutxitan ikusten den oldarkortasuna erakutsi zuena. Teknikoki ere benetan fin ibili ziren Mikel, Dani eta besteak. Gainera, bateria jole berriak (Jon Albizu zarauztarrak) azterketa nota onarekin gainditu zuen.
3.-Fermin Muguruza - Miribilla (Bilbo, abenduak 21). Amets baten moduko emanaldia, bezperan leku berean emandakoa baino luzeagoa eta 38 kantuz osatutako errepertorio zabala. Herena bakarkako ibilbidean oinarritua, Kortatu eta Negu Gorriaken klasiko sorta ere izan genuen entzungai. Emanaldi profesionala izateaz gain, oso sentitua eta ospatua izan zen. Gainera, Ferminen ahotsa ezin hobeto entzun ahal izan genuen.
4.-Su Ta Gar - Hatortxu Rock (Atarrabia, abenduak 28). Itzela. Urtean zehar eta azken garaietan emanaldi oso profesionalak eskaintzen aritu ostean, Hatortxun amorrazioz ekin zion Aitor Gorosabelek kontzertuari, geldiunerik gabe amaierararaino edukiko zuen jarrera mantenduaz. Xabi, Igor eta Galderrek gogotsu segitu zioten eta azken urteetan egin duten kontzerturik onena eman zuten, hiru kantu berri eta klasiko sorta eder batekin.
5.-Izaro - Jazzaldia-Zurriola (Donostia, uztailak 24). Kursaalean gabonetako kanten emanaldia ikusi gabe gelditu garenok ez dugu oso atzera egin beharrik, bost hilabete lehenago Jazzaldian eman zuena ere gogoangarria izan baitzen: berak mobila maneiatu eta Izaro bera pantaila handian ikusi ahal izan genuen hainbat momentutan, atzeaz hondartza zela, eta koreografia ederrak ere egin zituen kantu batzuetan bere dantzariekin. Lehergarria eta adiktiboa.
6.-Alguillo & Alkimistak - Aita Agirre kultur aretoa (Elgoibar, urriak 20). Aretoa lepo beteta eta jendea kanpoan gelditu zen Alfonso Guillóren talde berriaren aurkezpen kontzertuan: zortzikote formatua erritmo dantzagari zein gospel koruekin uztartuta, soul manerak, perkusio latinoa... sorpresa benetan ikusgarria.
7.-Belako - Txoznak (Durango, urriak 18). Durangoko jaietan Untzaga plazako kontzertuak amaitzean txoznetara hasten den peregrinazioak beti dauzka bere sariak. Mungiarrek zur eta lur utzi gintuzten beren proposamen melodiko baina izugarri potentearekin. Diskoan baino oraindik intentsuagoak dira zuzenekoetan eta kantuek beste dimentsio bat hartzen dute, grabazioetan ere soinu aparta daukaten arren.
8.-Ginger - Gaztetxea (Ondarroa, urtarrilak 13). Hiru ahotsetan eraikitako koruak, abiadura itzela, melodia zoragarriak... zarauzko punk rock laukoteak bi diskoetan egin duen bideak arrastoa utzi du gure herriko jaietan zein gaztetxeetan. Nera Altxu abeslariak berezkoa daukan karisma beste partaideenarekin batzen da eta energia leherketa harrigarriak sortzen ditu. Zoritxarrez, taldea banandu egin dela dirudi.
9.-Elizabeltz - Gaztetxea (Portugalete, apirilak 27). Aitaren, semearen... izenean euskal shock rock emanaldi totala: eszenografia iluna, mozorroak, zankoak, jendartean nahasten den abeslaria... soinu iluna, sonoritate eta iradokizun beldurgarriak eta heavy metal kontzertu ahaztezina. Askatzailea da bizkaitarren satanismoa, beraz elkartu zaitezte eliza beltzera. Lucifer bagauda!
10.-Satxa Soriazu - Jazzez blai jaialdia (Deba, uztailak 20). Megadeth Thrash Metal taldearen Rust in Peace artelana jazz klabeetara ekarri du Satxa Soriazuk The Megadeth Project disko interesgarrian. Kantuak apur bat luzatuta, Jazz kode frenetikoa eta instrumentalki aberatsa landu du pianoa nagusi dela baina gitarra, kontrabaxua eta bateria ez dira falta jatorrizko materialaren zirimolak eta egitura barrokoak erreproduzitzeko. Aparta.
11.-Karma -EHZ jaialdia (Arberatze, ekainak 29). Stoner kutsua duten kantuak psikodeliarantz egiten dute Antton Araspin eta beste bien doinuek, dessert rockaren tradiziorik hoberenean, nahiz eta taldea sailkatzeko hain erraza ez izan. Euskal Herria Zuzenean jaialdian lehen aldiz ikusi genituen zuzenean. Emanaldi ausarta, boteretsua eta ñabardura hainbat izan zituenak guztiz konbentzitu gintuen.
12.-Ezpalak - Txoznak (Berriatua, maiatzak 10). Garai onak dira zestoarrentzat. Urteetan zehar emanaldi indartsuak ematen aritu ostean, 2024an gailurra jo dute, batetik Juanjo Berasain abeslariaren karismagatik, eta bestetik Eñaut Gaztañaga eta besteek taldeari ematen dioten indarragatik. Konposizioek pisu gehiago hartu dute eta beraien diskorik onena argitaratu dute aurten. Gutxitan ikusiko duzue pasio gehiago oholtza gainean.