2023ko KANTU ETA DISKO KUTTUNAK (VI)

Urko Ansa

2024.01.16
Haatik behera - EraulEraul
play_button
add_button
Aieneka - KadiraKadira
play_button
add_button
Limoiondo - IzaroIzaro
play_button
add_button
Harakiri - Hiri Galduak(Hiri Galduak)
play_button
add_button
Xirarena - Ibil Bedi(Hitzak: Amets Aranguren, Ibai Osinaga - Musika: Ibil Bedi)
play_button
add_button
Lohitzunean barna - Olatz Zugasti(Olatz Zugasti)
play_button
add_button
Thèlxis II - GingerGinger
play_button
add_button
Kea eta larruak - Arima(Hitzak eta musika: Paule Bilbao)
play_button
add_button
Gauero - Sara Azurza(Sara Azurza)
play_button
add_button

10 DISKOAK

1.- Maialen - Animus Anima (Egilea editore). Nafarroa Behereko artistaren munduan dena da posible: euskal kanta eta popa; folka eta soula; jazza, rocka eta gospela. Ahots loriatsua eta guztiz magikoa dauka. Lan honekin bere grabaziorik onenetakoa egin du. Orain, soilik hegoaldean merezi duen oihartzuna lortzea geratzen da.

2.- Murgi - Hain zuzen ere (Ipar orratza). Talde progresibo izatetik, Tristtan Mourguyk taldearen izena moztu eta power trio boteretsu eta zentzu batean progresiboa martxan jarri du. Azken bi diskoen garraztasuna eta intentsitatea biltzen duen zuzenekoa duzue hau. Ez duzue gurean antzekorik entzungo.

3.- Izaro - Cerodenero (Egilea editore). Belodromoa bete eta famatuen kolaborazioz osatutako diskoa grabatu ostean, kantu berrien txanda iritsi da Mallabiarrarentzat. Elektronika erabili du zenbait kantutan, hain zuzen ere oldar handia duen segida eder batean, baina Eason diskoko atmosfera limurtzaileen itzulerak eta ahots zoragarriek ere hor jarraitzen dute. Lan borobila.

4.- Ginger - Narras (Egilea editore). Aurreko diskoaren bizitasuna berdintzea lan zaila zen arren, sei kantuko lan berriak helburua lortu duela esan genezake, kantuen izaera frenetikoak eta freskotasunak bere horretan baitirau. Proposamenaren indarrak eta hiru ahotsetan egindako koru harrigarriek onenen artean kokatzen dituzte.

5.- Kadira - Kadira (Mukuru). Lorea Zulaikak bere soinua aurkitu du Kadira taldearen lehen lan honetan. Kantu hauek bere ahotsaren balioa islatzen dute, arnasa eman eta norabide anitzeko aukerak biderkatzen baitizkiote. Hainbat estilok dute lekua lan honetan eta sorpresak ere ez dira falta (Maitaleen swinga, kasu) eta altxor zenbait: Hiru tiro hots, Salbazioa, Oasia, Aieneka... Proposamen baliosa.

6.- Sara Azurza - Hemen berriro (*Zart). Soul musika lekutxo bat egiten ari da gure eszenan. Oraindik txikia agian, baina interesgarria guztiz. Uste ustelak, Unexpected people, Beranduegi da... smooth soul ariketa gozagarriak dira. Hau da: funk osagaia daukate, nahiz eta pop osagaiak ere bere lekua daukan. Eta borobiltzeko, Gauero balada hunkigarria, Sararen ahots sentiberaren luzimendurako aproposa.

7.- Txuma Murugarren - Gautegia (Gaztelupeko hotsak). Urteak eman digun sorpresa handienetakoa: Nick Cave-ren Nocturama diskoa goitik behera bertsionatu du errenteriarrak disko haren hogei urte bete diren honetan. Cave-ren lan bikaina duintasunez bakarrik ez, sentimendu handiz busti du Murugarrenek. Diskoa sakonki sentitzen duela argi geratu da, eta kantuak berrikuskatzeko moduak berak (biluzia zenbaitetan, hunkigarria beti) meritu handia dauka.

8.- Olatz Zugasti - Hitzño bat erran eta, banua berhala (Kantaita enea). Oriotarraren zazpigarren lanak bere ibilbideko hainbat klabe laburbiltzen ditu: Eragin irlandarra, zeltiarra, euskalduna... Arbasoen sua faktore garrantzitsua da disko honetan ere. Giro elizkoia ere ez da falta (Mendian zoinen eder), beste hainbat elementuren artean, baina estudioko aurreko lanarekin egin zuen jauzia (bateriaren presentzia, zuzenekoetan kantuen berrirakurketa eta azken bi diskoetan bere alaba Gratxinaren presentzia gero eta handiagoa) nabari da grabazioan. Klasiko bihurtuko diren hainbat piezako diskoa.

9.- Bas(h)oan - Bas(h)oan II (Elkar). Sorpresa gehiago: Bas(h)oan I lan harrigarria argitaratu zela sei urte pasatu dira, eta inor gutxik espero zuen bigarren bat aterako zutenik. Baina dena da posible hainbeste talentu biltzen dituen proiektu honetan. Beñat Axiari eta Joseba Irazokik bat egitearena guztiz logikoa dirudi orain, eta elkarlan honen balioak eskema guztiak apurtzen ditu. Beñaten inprobisatzeko grinak eta besteen esperimentaziorako joerak aparteko harribitxia sortu dute.

10.- Ibil Bedi - Goldea (Egilea editore). Boskote nafartarraren bilaketak eternala dirudi: edertasuna, goxotasuna eta kalitatezko soinua helburu, hirugarren lan honekin asmoa guztiz bete dutela esan dezakegu, ahotsen goxotasuna, konposizioen balioa eta soinu orokorra bereziki aipagarriak baitira. Biolina, saxofoia eta teklatuen erabilerak ere nortasun berezia ematen die.

10 KANTUAK

1.- Eraul - Haatik behera (Egilea editore). Asier Beramendik kantu berri honekin lortu duena deskribatzea zaila da gero. Lehenagotik ere harribitxi hainbatekin gure harridura sortu bazuen ere, kantu hau bere onenen artean sartu beharrekoa dugu. Fintasuna, giroak sortzeko talentu berezia eta era berean leherketa intentsua ez dira falta kantu zoragarri honetan. Emozioa eta katarsia.

2.- Kadira - Aieneka (Mukuru). Kantu iradokitzailea, soseguz eta ongizatez beztitua. Lorea Zulaikaren ahotsak entitate berezia hartzen du gisa honetako kantuetan. Diskoa bera askotarikoa da, baina abesti hau aukeratu dugu transmititzen duen sentimendu magikoarengatik.

3.- Izaro - Limoiondo (Egilea editore). Urte bukaeran argitaratu du mllabiarrak bere seigarren lana. Lan honek badauka non aukeratu, baina kantu hau hartu dugu, ez originaltasunagatik, bai ordea bere exekuzioagatik: delikatua, sentitua, polita eta sinplea... bihotza uzkurtzeko modukoa.

4.- Hiri Galduak - Harakiri (Egilea editore). Gustura entzuten den kantu horietakoa dugu hau. Iluntasuna aukeratzeko tentazioa izan dugun arren, baten bat hautatu behar zen, eta haren pop/rock klasikotasunak ematen dion xarmak harrapatu gaitu. Gitarra eraginkorrak, soinu atsegina eta ahots polita. Zer gehiago eskatu dakiokegu kanta bati?

5.- Ibil Bedi - Xirarena (Egilea editore). Nola aukeratu Ibil Bediren kanta bakar bat, aukeratzeko hamaika geneuzkanean? Xirarena kantuak flotatzen jarri gaitu bere giro barnerakoi eta hedagarria dela eta. Gustu onez eta dedikazioz eraikitako kantua, goxoa eta ederra.

6.- Olatz Zugasti - Lohitzunetan barna (Kantaita Enea).  Sentibera, tonu xarmangarrizko bi ahotsetan egina, delicatessen hutsa. Olatz eta Gratxinaren arteko ahots jokuek, instrumentazio aberatsak eta gaurkotutako eragin tradizionalek garaiezina egiten dute.

7.- Ginger - Thélxish II (Egilea editore). Zarauzko hiru neska eta mutil honek aurreko lanaren botere guztia mantentzea lortu dute. Gainera, errepiken frenetikotasuna eta lilurak bere horretan diraute, eta Thélxish II honekin betekizun guztiak aisa gainditu dituzte. Adikzioa sortzeko moduko kantua.

8.- Arima - Kea eta larruak (Bonberenea Ekintzak). Giro limurtzaileak modan jartzen ari direla dirudi, baina ez dezagun ahaztu garrantzitsuena kantua bera dela, eta Kea eta larruak honek balio handia dauka. Gainera, gitarra indartsuen bultzadak eta Paule Bilbaoren ahots iradokitzaileak azken emaitza soberan anplifikatzen dute.

9.- Maialen Komunekoa (Egilea Editore). Xuxurla iradokitzaile eta misteriotsu luze batekin hasten da kantua, gero oinarri erritmiko sakon eta boteretsuak lekua hartzen du eta finean kantu oso berezi, ezberdin eta dantzagarria eraikitzen du. Baxuaren presentziak eta Maialenen ahotsaren botere ezberdinak (beste kantuekiko, alegia) guztiz markatzen dute abesti sailkaezin hau.

10.- Sara Azurza - Gauero (*Zart). Emakumezko abeslarien bultzadak geldiezina dirudi. Sararen eskaintza zabala da, eta gorago aipatu dugu soul-funk eragina. Goizero, ordea, pianoan egindako balada hunkigarria da, klasikotasun berezia irradiatzen duena. Eta ahots hori... magiaz eta sentimenduz jantzia, urteko onenetakoa dugu dudarik gabe.

        KONTZERTU ONENAK

1.- Xiberoots. Erribera Kulturgunea (Astigarraga). Maiatzaren 13a.
2.- Kristonak. DIMETAL FEST (Dima). Irailaren 30a.
3.- Xutik. Atabal (Miarritze). Ekainaren 3a.
4.- Numen. DIMETAL Fest (Dima). Irailaren 30a.
5-  Dominic Earl. Brasserie Cötes et Mer (Baiona). Ekainaren 29a.
6.- Hertzainak. Mendizabala (Gasteiz). Urtarrilaren 6a.
7.- Murgi. Prest aretoa (Leioa). Azaroaren 17a.
8.- Olatz Zugasti. Victoria Eugenia (Donostia). Abenduaren 28a.
9.- Hilbera. Berriatuako Plaza. Maiatzaren 5a.
10.-Xabier Zeberio. Arretxinagako Ermita (Markina-Xemein). Abenduaren 30a.
11.-Markos Untzeta. Coliseo (Eibar). Apirilaren 21a.
12.-Belar Hostoak. Uhagon Kulturgunea (Markina-Xemein).  Otsailaren 25a.

1.- Xiberoots. Reggae musikak jarraitzaile ugari izan du aspaldidanik gurean. Talde onak izan ditugu Euskal Herrian, baina Mauletik datorkigun seikoteak muga guztiak gainditu ditu. Zuzenekoen boterea, sakontasuna, kalitatea eta exekuzioa apartak dira, eta soinu sarkor hori sei sokako baxuak maisuki anplifikatzen du. Beraien kontzertuak, festa girokoak izateaz aparte, esperientzia sensorialak ere badira. Gaztedia beraien oinetan daukate.

2.- Kristonak. DIMETAL jaialdi metaleroan parte hartu bazuten ere, egindako botere erakusketa heavyenak ere kontent uzteko modukoa izan zen. Hard Rocketik Rockera egiten dute sarritan, ikuskizun aparta eskaintzeaz gain. Pello Artaberen ahotsa, jarrera eta karismak gidatzen du rock and roll makina hau. Eta Peio baxu jolearena ere ikustekoa da: pose eta postura guztiak maite ditu, eta mugitzeko era bera ere nekez ikusiko dugu inguruko taldeetan. Aparta.

3.- Xutik. Miarritzeko Atabalera bidaiatzea aski izan genuen Hendaiako zazpikotearen botereaz ohartzeko: jende mordoa, festa giroa eta daukagun Ska-Rock-Reggae talderik lehergarrienaren erakustaldia. Haize sekzioak daukan presentzia nabaria den arren, gitarrek egurra ematen dute eta orokorrean rock bultzada horrek ematen die daukaten lehergarritasuna. Sinesteko, ikusi egin behar.

4.- Numen. Lehen aldia genuen Arrasateko basatiekin, eta soinu frogan bertan konturatu ginen zai geneukanaz: euskaraz kantatuaz ere Norvegiako talde ilun bat zirudien. Maila biziki altua zen eta erasoaren intentsitatea nekez sinestekoa. Teknika aparta eduki behar da hain basati eta era berean konplexuak diren egiturak oholtzan erakusteko. Aritzen guturalak ere harrigarriak dira, izugarrizko inpresioa egiten dute. Bilbotik etorri zen mutil bat ezagutu genuen: kotxea hartu, Dimara Numen ikustera etorri eta hauek amaitzean etxera bueltatu zen.

5.- Dominic Earl. Niko Etxarten Hapa-Hapa taldeko gitarra jole ingelesak bere lehen bakarkako diskoa aurkeztu du aurten: All the Rides. Baionako Brassérie Cotes et Mer honetan emanaldi zenbait egin ditu uda honetan. Guk disko berriko hainbat kantu entzun ahal izan genituen, bere unibertsoa osatzen duten popa, rocka, bluesa eta hainbat soinu anglosaxoiez bustia. Kiki Graciet eta lau partaideko banda izan zituen bidelagun. Era goxo eta era berean bortitza eta kadentziak maisuki landu zituzten. Ez dezagun ahaztu Kiki Graciet izan zuela alboan koruak egiten eta harmonika jotzen.

6.- Hertzainak. Iazko abenduan BECen emandako kontzertuen ondoren, azken agurra urtarrilaren 6an etorri zen Gasteizen. Historiara pasako den emanaldia izan zen, eta hori gutxi balitz bikaina izan zen gasteiztarrek eman zuten egurra, baita gonbidatuek eman zutena ere: euskal izatea, euskal  rocka eta euskal kulturaren festa aldarrikatzailea izan baitzen. Gonbidatu zerrendak kontzertu bat baino gehiago ospakizun kolektiboan bihurtu zuten jaialdia.

7.- Murgi. Lapurtarren estudioko azken bi diskoek ekarri duten aldaketa azpimarratu dugu gorago. Zuzenekoetan ere, base erritmikoak egiten duena ez da mundu honetakoa: Cédric Lépine bateria jolea eta Greg Juvin baxu jole eta ekoizlea crack hutsak direla esatea gutxi baita. Teknika zehatzari sentimendu eta originaltasun berezia txertatzen diote, betiere kantua goraipatuz eta hauei beste inon entzungo ez duzun gorputza emanez. Tristtan Mourguy liderra, gitarra jole eta kantariak zuzentzen duen proposamena guztiz ezohikoa da.

8.- Olatz Zugasti. Victoria Eugenia antzokia Olatzen proposamena entzuteko lekurik aproposenetakoa da. Horregatik, soinua ezin hobea izan zen emanaldi osoan. Harparen presentzia ia mistikoa, teknika bikaina duen banda (gitarra, baxua, bateria, teklak), Gratxina alabarekin egindako bi ahotseko jokoak, baita gizonezko beste bi ahotsekin egindakoak ere (Ander Zulaika eta Amaiur Cajaraville, hau da, guztira lau), parekorik gabeko proposamena dela argi uzten dute. Euskal izatearen kontzientzia, soinu eta arimen bilaketa, arbasoen sua... guzti hori eta askoz ere gehiago eskaini ziguten, soinu gaurkotua ematen baitiote hainbat kantu zaharrei.

9.- Hilbera. Markina-Xemeingo boskoteak Heavy Metal teknikoa lantzen du. Bi gitarren joko harrigarriak eta ahotsaren tonu altuak nortasun berezia ematen diete. Diskoa oso osorik jotzeaz gain lehen singleko bi kantak eta Latzen taldearen bertsio bat ere jo zuten Berriatuan. Hori gutxi balitz, garapen instrumental konplexuek taldearen berezko indarra sustatzen dute. Ikuslegoak era oso sutsuan bizitu zuen emanaldi hauxe.

10.-Xabier Zeberio. Xemeingo Arretxinagako baseliza jatorri ezezagunekoa da. Ez dakigu barruan dauzkan arrokatzarren jatorria, oso antzinakoa baita, baina kristautasunak bereganatu zuen duela mende batzu, inguruan baseliza eraiki eta arrokak honen barruan integratu zituztenean. Xabier Zeberiok bere biolina, biola eta Nyckelharparekin sortu zuen magia ez dugu ahaztuko. Iñar Sastre piano jolea izan zuen lagun, eta (elizaren egitura dela eta behar ez diren) mikrofonorik gabe era garbi eta gogoangarrian entzun genituen kantu guztiak. Zeberiok ikuslegoari begietara begiratzen zion haien sentimenduak deskubritu eta haien energia atzera bueltan sentitzeko. Emanaldi txundigarria.

11.-Markos Untzeta. Bere ahots goxo eta sustraiduna eta proposatzen dituen egiturengatik, oso berezia dugu Eibartarraren musika. Eibarren, etxean, eta antzoki elegante honetan soinu erakargarriaz gozatu ahal izan genuen. Bere rocka lantzeko moduak bluesa, folka eta kantautore anglosaxoien aire oso markatua ematen diote. Diskoan ematen duen maila ona zuzenekoan ere sobera defendatzen du. Hilezkorra den klasizismo rockeroa.

12.-Belar Hostoak. Txomin Artolaren izen bereko disko mitikoa berriz grabatu dute bere seme Urbilek, Jon Gurrutxagak eta beste lau musikarik. Grabazioaren kalitateak emanaldi bat egitera eraman zituen, eta horrek gehiago ekarri zituen. Jatorrizko lanaren berrirakurketa oso errespetagarria eta berezia da, eta zuzenekoetan bizitza propioa hartzen duelakoan nago. Jonek zuzendu, aurkeztu eta kantatu zituen kantuok, bere estilo pertsonala txertaztuaz noski. Eta Urbilek lap steel gitararrekin egiten duena, baita zuzenean ere, harrigarria da. Hori gutxi balitz, Txomin Artola berbera presente egon zen Markinako kontzertuan, nahiz eta ez zen kantatzera igo. Artolaren unibertso propioak bidegurutze berri bat topatu du gazte hauen eskutik.