Jon Urzelai
2023.01.12«Euskal Herrian lehen obrak baino ez du kontatzen». Hala baieztatu zuen Angel Errok Berria egunkarian argitaratutako 'Debile principium' izeneko zutabean. Bertan, Chill Mafia fenomenoa kari, «garapenaren sua baino hasikinaren txinparta hobesten» dugula idatzi zuen; lehen lanak dakarren berritasunaren distira nahiago dugula, ibilbide luzeak aintzatetsi beharrean. Ez zaio Errori arrazoirik falta, baina ñabardura batzuk gehitu nahiko nizkioke, eta, bide batez, 2022ak emandakoak aletzeko probestu.
1) Hasikina. «Euskal lurrak, gazteei dagokionez behintzat —orokortzeak pertinentea dirudi— momentu hedonista bat bizi duela dirudi, jai une bat; momentu pop bat». Ion Andoni del Amok idatzi zuen 2016an Party & Borroka liburuan. Sei urteren ostean, pop hori nola zikindu den iruditzen zait azpimarratu beharrekoa. Barkatuko ote dit atrebentzia, baina Verde Pratok kaleratu duen EPa nola, neuk ere Euskal Pop Erradikala izenda nezake sortu dena, irudimen erakustaldi batean. Tolosarrak Hertzainak, Kortatu, Lurdes Iriondo eta Galtzaundi kantu tradizionala moldatu ditu aipatu lanean, baina euskal poparen balizko aldaera erradikala ez da jatorrizko haserrea berrinterpretatzera mugatzen; aita hiltzeko modu bat ere bada. J Martina edo Merina Gris taldeek islatzen dute hori hobekien. Lehenak Negu Gorriak enegarrenez ehortzi nahi izan du eta bigarrenak Hemendik At! berpiztu, generazio hark gaitzetsitako munstro ustez kani-txoni-iraultzaile hura. Badu zentzurik eurodance sui generis haren bergizarteratzeak, Bad Gyal Bertsolari Txapelketa Nagusira ekartzeak beste. Pop garaiak dira hauek oraindik, baina iraultzeko gogoa itzuli da Malakiasen remix gisara.
2) Garapena. Ohituta gauzkaten arren, beratarrek aurten ere eman digutena edonor txunditzeko modukoa da. Mice, Harat, Vulk, Morau eta Beñardo, Janus Lester, Joseba Irazoki eta Petti dira aurtengo disko esanguratsuenetako batzuen egileak, eta denetan ageri da Bera herria, modu ezkutu edo agerikoagoan. Txinpartari buruz aritzeko aski dira honakoa bezalako uste handiko zutabeak, sua zedarritzea kontu gaitza da eta testu luzeagoak komeni. Pablo Salgado Mendez arduratu da Berako kasua aztertzeaz, liburu oso bat eskaini baitie aurten hango musikariei. Iparraldeko harrobiak ere mereziko luke halako analisirik; Lumi, Ødei, Frikun, Orbel, Willis Drummond edo Mäirü taldeek aurten argitaratu dituzten diskoen maila ez baita kasualitatea.
«Behin eta berriz reseteatutako kultura da gurea», hori ere bazioen Errok arestian aipatutako zutabean. Etengabe berrabiaraziz egin nahi dugu, beraz, bidea; txinpartak elkarren artean josiz. Chill Mafia deitu zen iazko eztanda eta aurtengo diskorik interesgarrienetakoa kaleratu duen Hofek esana du haiengatik izan ezean ez litzatekeela musikarekin jarraitzen animatu ere egingo. Ez dena bada beste norbaitentzat norbait, eta hasikin orok badu aurretiko garapena, bere ezinbesteko genealogia.