Iker Gurrutxaga
2023.01.11Skabidean - Sortetxeari
Talde nafarrak disko berria atera du, Hiri zahar zikina, hamar urte bete dituenean. Diskoa bera oso fina da, Garate estudioko egonaldia probetxuzkoa izan dela argi geratu da. Aurrerapausoak eman ditu taldeak diskotik diskora eta sekulako artelana iruditu zait Sortetxeari kantua. Euskal kulturako tradizioko bi kantu hartu eta Jamaikako doinu tropikaletara moldatu dituzte, eta hori txapela kentzeko modukoa da. Zuzenekoetan, gainera, sekulako indarra hartzen du. Bidenabar, Asier Capon da abesti honetan soinua jotzen duena, Burutik taldea aipatzeko aprobetxa dezagun. Haien diskoa ere nabarmendu nahiko nukeelako urte honetan. Oskarbi argitaletxearen zigilupean atera dira bi diskoak ere, Skabidean taldekoen zigilua, musikaz harago bestelako kultur espresioei bide eman nahian sortua. Zorionak hamar urte hauengatik eta jarraitu halako abestiak egiten.
Anonyme Popular - Bada morroi bat
Estreinako lana atera dute elkarrekin Igor Elortzak eta Rafa Ruedak Anonyme Popular izenaren azpian. Ikus-entzuneko apartak egin dituzte, disko-liburu dotorea atera eta Zart kolektiboari erreferentzia interesgarri bat batu zaio honekin. Zuzenekoen zain gaude, ikuskizun berezia prestatu dutela adierazi dutelako, baina musikalki egindako lana ere aipagarria da. Mundu anglosaxoian murgildu da Rafa Rueda doinuak egiterakoan eta Igor Elortzak bertsogintzan erabiltzen diren neurri desberdinetan egin ditu kantuak. Honek harrapatu nau ni, ordea, Bada morroi bat errepikaren osteko haizezko instrumentuak dira horren errudun. Buruan iltzatuta geratzen diren horietakoak.
Mugan - Kalean
Donostian, dirudienez, bost urtean behin folk talde batek eszenan bere tokia hartu behar du. Eraul izan zen lehendabizi, Nøgen gero eta Mugan iritsi da orain, eta proiektua ez da Suedian edo Danimarkan ernaldu, Donostian baizik, zuzenean. Talde zabala, instrumentu asko, folka eta popa uztartzeko gaitasun ederra eta abeslari karismatikoa. Osagai guztiak dituen taldea da eta aurten atera dute Bizirik ez bagaude diskoa. Kuriositate moduan, Eraul taldeko abeslaria zenak, Asier Beramendik, parte hartu du diskoko abesti batean. Kalean abestiak ongi nahasten ditu folkaren kutsua, taldekideen ekarpena, eta Pablo Zurutuza abeslariaren kantaera. Izaera berezia duen taldea da, behar beste aukera izan ez duena oraindik, baina hau hasi besterik ez da egin.
Merina Gris - Ardi latxen herrian
EPen zerrendan sartu genezakeen Zerua orain, baina aparte uzteko hautua egin dut eta arrazoia sinplea da, kantu asko 2021ean ezagutu genituela. Abesti honek introtik harrapatzen zaitu, baina gero geruzak nola dauden erabilita sekulakoa da. A, eta tartean dagoen segundo eta erdiko isiluneak aipamen berezia merezi du. Cris Lizarraga Belako taldeko abeslaria euskaraz abesten jartzeak ere bere puntua eman dio zerrenda honetara batzeko, ea Belakok ere Vulken bidea hartzen duen noizbait. Lehendabiziko lanaren ostean, bertsioekin bigarrena atera du Merina Grisek eta behetik gora egin dute zuzenekoetan, gainera. Proposamen zinez interesgarria, elektronika zuzenean jorratzen dutelako, pop abestiak eginaz, rockaren bortizkeria guztiarekin. Segi lanean!
Broken Brothers Brass Band - Joan zen gaua
Nafarrek tradizioa eta abangoardia uztartzeko hautua egin dutela argi dago. Skabideanekin aipatu dugu, Olaia Inziartek ere egin du, iaz Chill Mafiak ere hortik tira zuen, baita Bastardix taldeak ere. Beste askok ere ziur baietz. Baina Broken Brothersekoek hemen egiten dutena apartekoa iruditzen zait. Chill Mafiakoak berak eta Tapia elkartu dituzte, Daddy Tapia-ren zera hori gertatu aurretik, eta zer eta San Simon eta San Juda kantua New Orleanseko karriketako doinuetara eramateko. Musikari zerrenda luzea da, baina Katebegia egin duen katebegi bakoitzari belarriekin txaloka aritzeko moduko lana osatu dute. Tardeoan edo mañanenoan, BBBB ondoan bada, arrakasta ziurtatuta dago.
Su Ta Gar - Horixe naiz
Disko berria primizian entzuteko aukera izan nuen, halako elkarrizketa berezi bat egin behar nielako Su Ta Gar taldekoei. Zenbat eta gehiago entzun eta orduan eta gehiago gustatzen den diskoa da Alarma. Eibartarrak aspaldi ikusi gabeak nintzen zuzenean, urriaren 8an, Illunben, Sarek antolatutako elkartasun jaialdian ikusi nituen arte. Forma ez dute galdu sekula, baina, are gehiago, geroz eta hobeto daudela esatera ausartuko nintzateke. Metalaren erreferente garbia izan dira beti eta disko honetan beren ibilbideari atzera begirakoa egin diotela ere esango nuke momentu batzuetan. Dena dela, gitarrak izan ditu protagonista nagusi Su Ta Garrek, eta Horixe naiz kantu sinfonikoan horixe da nabarmentzen dena. Hasi eta bukatu kantutzarra delako.
Don Condor eta Ñora Alacran - Dantzan
Disko benetan berezia atera dute Niña Coyote eta Chico Tornadok 2022an, horietako bat alter ego honekin eta kunbia doinuak jorratuz. Ideia zoro batetik abiatu eta Ursula Strong Ñora Alacran bihurtzen da, abesten entzun daitekeelarik. Ez dute zuzenekorik eskaini alter egoaren izenean, horretarako Niña Coyote eta Chico Tornado daudelako. Eta nola dauden! Ez dugu berehalakoan ahaztuko San Mamesen sortu zuten magia Metallica eta Hellacoptersen ondoan. Egunen batean, areto ilunen batean, akaso egingo dugu dantza Don Condor eta Ñora Alacranekin. Bitartean, ea selektore finek jartzen diguten Euskal Herriko zuloren batean.
Uger - Xedea eta fedea
Kantu laburrak maite badituzu, beste bat aukeratu diskoan, Lehengo lepotik burua lanak aukera ematen duelako horretarako ere. Rock progresiboa, psikodelia eta halakoak maite badituzu, hau da zure kantua. «Ondoko gelako armairutik abesten duen tipoaren taldea» zen niretzat Uger, eta nire gelan geratu da. Bi lan atera dituzte aurten —aupa Rodeo! Zuek ere eta a zer bi lan puska—, eta batetik bestera badago alderik, baina horrelako kantek erotu egiten naute, buklean sartu eta gozarazi. Bazka taldearekin oholtza partekatu zuten Bilboko Kafe Antzokian —Bazka, 2022ko harribitxi nabarietako bat—, gehienak lehendabizikoak ikustera joan zirenak, baina handik atera zirenek Uger ere gogoan izango dute puska baterako. Hori da kronika sozialak aipatu zuena, eta ez nau harritzen.
Gatibu - Maite zaitut baina ez zaitut behar
Gatibu taldea zerrendara batu beharra zegoen, bai ala bai, disko bezala edo kantu moduan, baina EH Distopikala bezalako disko batekin ausartu dira, konfort egoeratik irten eta lan dantzagarri bat eskaini dute, orain arteko rocketik gutxi duena. Riffaren maisuak dira, hori argi dago eta hortik kantuak eraikitzeko sekulako gaitasuna dute. Publiko zabalarekin konektatzen dute abestiekin eta haien letrek ere horretan asko lagunduko dute disko honetan. Behar ditut nire bizitzan? Akaso ez, baina maite ditut Gatibukoak, hor ez daukat zalantzarik. Musikarekin salbatzetik, distopia tropikal honetan dantzatzeko doinuak sortzera pasa dira bi urtetan eta martxoan ospatuko dute hori guztia beren zaleekin Miribillan.
Zea Mays - Ez zaitez sartu
Beste kantu tranpa bat zerrendan. Tranpa, diskoa osorik aipatu nahiko nukeelako. Adore, kemena, kuraia hasiera batean sei abestiz osatutako zerbait espero genuena, baina azkenean hamar izan dituena. Bost ekoizle, bakoitzak beretik, binaka egindako kantuak, bizipen pertsonal sakonak tartean... Eta ez dut gezurrik esango, berez diskoari izena ematen dion kantua dudala gogokoenen, baina Ez zaitez sartu, objektiboki, beste toki batean dagoela iruditzen zait. Diskoa ixteko bi kantu oso fin egin dituzte, eta, honetan, gainera, letra oso garrantzitsua iruditu zait, mezuak indar berezia duela. 25 urteak ospatu dituzte aurten Errekaldekoek, nahieran egindako disko batekin, bada, jarrai dezatela nahi dutena egiten guk gozatzeko.
Otoi - Leku bat aurkitu baino
Prodigy, Chemical Brothers eta halakoak maite ditut —zuen musika ere bai, Sega Sound Killers!—, eta Urtzi Iza ere ausartu da bide horretan esploratzen. Otoi proiektua, denetarik duena, lan introspektibo garrantzitsu baten fruitu izan dena. Zuzenean entzuteko paradarik ez dut izan oraindik, baina ea laster badudan aukerarik. Enkore taldearen amaieran, ikusten zen nondik nora zihoazen batzuk eta besteak eta hortik zerbait badu Otoik. Kantu hau, ordea, gaueko ordu txikietan jarri eta zoro moduan dantzatzeko egina dago. Berriz ere klub musikaren aldarria egin nahi nuen.
Axeri, Fane, Eli, FEZE (ft. Gozategi) - Alboka
Urtea bukatzerako agertu den abestia, hilaren 20an, argi eta garbi Santamasak girotu asmoz, Arrasatetik iritsi baita kantua. Chill Mafiaren aireak iritsi dira Debagoienara ere. Alboka, rocka, joka atera zenean —la jota del diablo, argentinarrentzat—, nork espero zezakeen 30 urte baino lehen gisa honetara bukatuko zuenik? Transgresioan dago gakoa eta honek badu hortik. Ea zer gehiago etortzen den Etxepe inguru horretatik.
Bonus track: Zetak (ft. Erramun Martikorena) - Itzulera
Aurten euskal kantu batek bazter guztiak dantzan jarri eta belaunaldi, pentsaera, tendentzia eta abar luze bat batu baditu, abesti hau izan da lortu duena. Hater-ik hater-enak ere aitortuko du hau hit bat dela, hasi eta buka. Nik kantuari play sakatu eta lehen hamabost segundoak entzutean —Burutik taldea, berriz ere goraintziak!— kantua pausatu nuela gogoratzen dut. Berriz ere zerotik jarri, eta hamabost segundoak entzun nituen. Eta horrela, akaso, hamar aldiz. Segidan, «Pello, kabroia, berriz ere egin duk», esan nion neure buruari, eta kantua osorik entzun. Eta gero berriz, eta segidan beste behin, eta Oriotik Donostiarako bidea kantu horri bueltak ematen pasatu nuen. Udaberria etorri zen nire bizitzara. Etorri zen udaberria eta etorri zen nostalgia eta etorri zen herri baten beharra dugula adierazteko nahia. Hori eta gehiago. Eta etorri zen ZEID Fest —geratzeko, eta berriz egingo da aurten— eta han sortu zuen magia abestiak eta gero beste mila txokotan ere bai. Urteko euskal abestia izan da, ez daukat zalantzarik. Eta gustatuko zaizue ala ez, baina izan da. Zerrendak osatzeko mila algoritmo, datu eta abar erabiliko dira, baina kantuak sentimendu bihurtzean egiten dira kantu, eta honek badu hortik —baita Hitzekin kantuak ere, gora Nerea, Eymar, Sustrai eta konpainia—. Jarrai dezagun gure kultura babesten, gure kultura kontsumitzen eta dauzkagun harribitxi denak goraipatzen. Baina, kontu bat, ez ahaztu boilurrik preziatuenak lurpean daudela, hortaz, ez utzi lurpean aztarrika ibiltzeari!
2022KO DISKO GOGOKOENAK
Willis Drummond - Hala ere
Laukote moduan kaleratu dute berriz ere diskoa lapurtarrek eta soinuan nabaritu da aldea. Disko borobila, 70etako rocketik abiatu eta 90etakoetaraino bidaiatzen duena, batetik bestera, tenis partida bat bailitzan. Disko pausatuena dela diote, eta izan daiteke, argitsuena ere bai musikalki. Shorebreaker estudioan emandako orduak ongi islatu dituzte disko laranja honetan. Dantzarako grina pizten duen lana kaleratu dute eta hori ari dira erakusten eskaini dituzten zuzenekoetan ere. Diskoa gogoko duenak, zuzenean are gehiago disfrutatuko du Willisen berriena.
MICE - Lautada
hiru pertsonaren artean ekoizten denean lan bat, buruhauste itzela izan daiteke, baina kasu honetan emaitza borobila lortu dute Miren Narbaizak, Joseba Baleztenak eta Ibai Gogortzak. Bakoitzak bere mundutik egindako ekarpenak nabarmenak dira eta koktel perfektua osatu dute denon gozagarri. Soinu borobila Gakobeltz Hit Faktoriatik atera dutena eta zuzenekoan ere forman daudela erakutsi dute. Rockaren atal desberdinak erakusten ditu MICEk, eta denetan oso ongi mugitzen dela argi utzi du beste behin musikari eibartarrak.
Vulk - Vulk ez da
Zerrendan sartu gabe geratzeko arriskua zuen disko horietakoa, izan ere 2022ko hasieran kaleratu zuen talde bilbotarrak bere azken diskoa. Punk jarrera dute eta musikalki aberatsak dira oso. Bortizkeria bai, baina bere neurrian eta erritmo eta soinu oso finekin lagunduta. Zerrendan sartzeko hori nahikoa litzateke, baina, gainera, euskararako pausoa eman dute Vulk taldekoek, erabat euskaraz kaleratzen duten lehen diskoa delako hau. Hortaz, horrek ere bere balioa duenez, zerrendan egon beharra zuen bai ala bai. Manchesterrekoak izan zitezkeen, baina gure artean daude eta sekulako energia deskargak egiten dituzte joaten diren toki guztietan.
Ezpalak - Hortz aina hots
Laukote zestoarrak bigarren urtez jarraian diskoa kaleratu du eta bigarrenean ere sekulako emaitza lortu du. Iazko Kolpatu topatu atera ostean, bagenekien hozkailuan bazituztela hainbat abesti, baina akaso ez genituen horrelakoak espero. Gordinagoak, bortitzagoak, zuzenagoak direla esan daiteke. Melodia bai, baina bere neurrian. Hori bai, Juanjoren ahotsa leunen ere disko honetan entzungo duzue zatitxo txiki batzuetan izango bada ere. Joan diren tokian pozik geratu dira ikusle zein antolatzaileak, hori ere bada zerbaiten adierazgarri.
Harat - Harat
Gaur egun underground zer den eta zer ez esatea oso kontu lausoa da. Baina rocka egitea bada nahiko undergrounda, rock hori erritmo eta armonia bereziz josita badago, maila bat beherago egiten du zuzenean lurpean, eta, gainera, sareetan zure musikarik ez irudirik ez baduzu partekatzen, ia ikusezin bihurtuko zara. Bada, hor sartzen da Harat taldea. BADOKen lanari esker iritsi zen nire esku artera eta urteko disko onenen zerrendara zuzenean sartu guztia jaso nuenean. Ibai Gogortza, Iñigo Telletxea eta Mattin Arbelaitz dira taldea osatzen duten musikari puskak, eta, benetan lan borobila osatu dutela esan dezakegu. Entzuteko, ordea, diskoa eskuratu behar, eta hori lortzeko, kontzertuetara gerturatu behar momentuz. Eskatu haien kontzertu bat zuen herrian eta eskuratu diskoa!
Dena - Zure mugadun hutsune
Lehendabiziko diskoarekin erabat harrituta utzi gintuen talde ondarroarrak eta, dirudienez, ez entzule soilak bakarrik, izan ere Bonberenea Ekintzak zigiluaren azpian kaleratu dute bigarrena. Karlos Osinaga Txap-en eskua ere nabaria da grabaketa honetan, baina, egiari zor, Txapek ziur hauek duten gaitasuna ikustean nahikoa harridura izango zuela bere baitan. Iluntasuna maite dute, emo ukitua badute batzuetan, baina traparekin jolasean ere aritu dira abestiren batean, oso modu sotilean izan bada ere. Rockaren abangoardian kokatu dira, eta hori hasiberriak direla ia-ia. Bide luzea dute aurretik, eta horrela jarraitzen badute, auskalo non ikusiko ditugun hiru hauek. Kuraia on Dena taldeari!
Sofa - Krispetak
Geldialdi baten ostean eta bateria jotzaile berriarekin —Eloi Galan batu da taldera Imanol Sesmaren tokian—, lan benetan ederra kaleratu du Sofa talde zarauztarrak. Musika instrumentala jorratzen zuten orain arte eta oraingoan kantuak abestera pasatu dira. Eta asmatu dute, bete-betean gainera. Letra kiribilduak, beren musika bezain beste, baina oso argitsua den diskoa kaleratu dute eta festarako bide ematen du beren musikak —galdetu bestela Zelatunen izan zirenei—. Sekulako gaitasuna dute eta diskotik diskora ageriago geratzen da hori. Horrek saria eman die, Bonberenea Ekintzak eta BCore zigiluen babesean atera dutelako berriena. Ikusi beharko zer nolako zabalkundea lortzen duten.
Olaia Inziarte - Lehengo lepotikan burua
Euskal Herrian, 2022an, egin den disko eklektikoenaren saria egongo balitz, honek irabaziko luke ziurrenik sari bitxi hori. Olaiak abestiak egiten dakiela erakutsi digu argi eta garbi, estilo batean edo bestean izan, kantu borobilak sortzeko gai da oronoztarra. Gainera, bidelagun ezin hobeak topatu ditu diskoa lantzerakoan eta zuzenean argi eta garbi ikusten da hori. Rocka, popa, kantautore estiloan, elektronikoagoak diren atmosferatan... egin du igeri Inziartek, bere bizipenak azaleratuz eta ahots indartsua erakutsiz. Ibilbide luze samarra darama dagoeneko eta ausartu da lehenengo bakarkako lana ateratzera, askoren lehendabizikoa izan dadila.
Kokein - Atomika
Zaloa Urain oholtza gaineko animalia da eta kito. Premisa horretatik abiatuz, Kokein taldeari pandemiak gehiegi ez diola eragin erakutsi dute disko berri honetan —ez hartu esaldi hau hitzez hitz, arren—. Aurreko diskoa, Lera, ezin izan zuten behar den moduan aurkeztu, baina orain bi disko berri dituzte nolabait esatearren zuzenean aurkezteko. Gitarren arteko jolasak sekulakoak dira eta zuzenean aho zabalik geratuko da bat baino gehiago Kokeinen proposamenarekin, nora begira ez dakigula ibiliko garelako boskote honekin. Dagoeneko 23 urte daramatza taldeak eszenan, eta ez dute alferrik segundo bat bera ere galdu.
Benizze - Benizze
Bakarkako bidea hartu duen beste musikari bat da Beñat Goitia arabarra. Elektronika modu abangoardista batean landu du eta Europako estilo desberdinak txertatu bere kantuetan. Izan ere, Frantziako, Britainia Handiko zein Alemaniako elektronikaren ukituak entzun daitezke argi eta garbi bere musikan. Kolaborazio benetan interesgarriak batu zaizkio estreinako lanera eta unibertso desberdina uztartzea lortu du bere lan honetan Benizzek. Gaua eta kluba uztartzen dituen diskoa, euskaraz ere klub musika egin daitekeelako.
Janus Lester - Ez gaitzala loak harrapatu
Funky musikaren gorakada nabarmena izan da 2022an euskal eszenan. Amooma, Arima Soul, Baizera!, Guda Dantza... eta mundu honetara sartu irtena egin duten beste hainbat ere badira. Elkarren artean zirkuitu bat sortzeko moduan daude ezbairik gabe. Urte bukaeran agertu zen mundu horren bueltan Janus Lester proiektua. Tira, urte bukaeran abesti, bideoklip, disko eta halakoekin, abuztuan, Kursaaleko terrazan, asko txundituta geratu baitziren hauen proposamenarekin. Hauen edo honen, Jokin Pinatxo baita proiektu honen aurpegia. Musikalki benetan interesgarria den proiektua, soul eta funka uztartzen dituena, kantautore kutsuko pop abestiei muzin egin gabe. Estetika zaindua, bideoklipak ere bai... Bidea egiteko osagai asko dituen proiektua ezbairik gabe.
Ghau - Nora(ez)eroso
Disko laburren sekzioari ere begirada bat eman eta gauza interesgarri askorekin egin dugu topo aurten. Joseba Irazoki eta Pettiren splita, J Martinaren estreinako lana, Pasadenak atera duen diskotxoa, TOCen estilo aldaketa, Mirua hirukoteak denok liluratzeko duen gaitasuna, agertu orduko desagertu den Lvner metal taldearen proposamen interesgarria... Baina batekin geratu nahi nuen atal honetatik, eta hor dago Ghau. Ghau ez da musika soilik, ez da bideoklip zoragarrietara edota zuzeneko performance bikain batetara mugatzen, ez. Ghau Gartxot Unsainen arima da, liburu ere bihurtu duena. Eta hasi besterik ez da egin, urtea bukatzerako ari delako kantu berriak kaleratzen. Elektronika sotileko abestiak, chill moduan gaudenean entzuteko, edota besterik gabe, aske eta mugarik gabe dantza egin nahi dugunerako eginak. Hori bai, tarteka Bananas pixka bat ere etorri dadila.