Ion Etxebarria Kortabarria
Zalantza gutxi, amaitu berri den urtea ekialdearena izan da, bai musikari dagokionez, bai kultura ekimen ezberdinen topaleku gisa. Eta beste guztien gainetik disko bat nabarmenduko nuke, Ezhorregatik X Berpizkudea mixtapea, biltzen dituen kantuengatik, eta batik bat, suposatu izan duen fenomenoagatik. Batzuk txistu egin diete Chill Mafia kolektiboko lagunei, baina iruindarrek maitatzen jarraituko dituzte, oraindik.
Hauekin batera Tatxers hirukoaren Hiruzpalau amets larri EPa eta estiloz oso ezberdina den Ibil Bedi taldearen Beltxarga Beltza aipatuko nituzke. A zer hiru disko, a ze belaunaldia datorren ekialdetik. Eta urtearen azken segundoetan, ttak, Broken Brothers Brass Band konboaren Katebegia diskotzarra. Biba zuek!
Ipar ekialdeak ere eman ditu aipatzeko hiru disko: reggae eta sustraiko doinuak biltzen dituen Xiberoots konboaren bigarren diskoa, Diabolo Kiwi taldearen funk iluneko estreinako lan luzea eta Joseba Irazoki eta Lagunak laukotearen III diskotzarra, 2021eko zerrendan egon beharreko must-a.
Euskal Herriko gainontzeko periferia ere ez da atzean geratu. Hiri buruzagiak bezala, Gasteizek ere eman ditu bere aletxoak, aipatutako lanek baino oihartzun gutxiago izan badute ere: Giante, Konpost, Markes Iraizoz, eta Izeki Gardenak zein Libe taldeen errautsetatik sortu berri Pasadena taldeen diskoek kalitatea, gozagarritasuna eta freskotasuna soberan dute. Eta guztiz periferian ez badaude ere, -Gailu taldea berriz bueltan izatea urteko albiste onenetako bat izan da.
Amaitzeko, bi bilduma ere aipatu gura nituzke, Reggaean Jarrai eta Chaos in the Basque Countrydiskoak, egun kasik periferian (baina beti presente) dauden estiloen bilduma zinez interesgarriak direlako.