Iker Gurrutxaga
ISEO: "Baldorba"
Etxean jolasean hasi eta sortutako proiektu ugari egon dira urte honetan gure eszenan. Ez dakigu Iseok bide berrian aurrera egingo duen edo ez, baina mikrofono bat probatzen hasi eta sortutako lan eder hau denon bihotzetara iritsi delakoan nago. Lau klasiko bertsionatu ditu Etxean diskoan, eta haietako batekin geratu behar nuenez, herrira tiraka, "Baldorba" da da nire hautua.
MADELEINE: "Gure etxea"
Melodiak maite dituen edonork entzun beharreko lana da Madeleine taldearen Ezin dena diskoa. Laukote donostiarra Wuhanen 2020an kontzertuak eman eta lozorroan egon da diskoa kaleratu duen arte. 2021ean, kantu koloretsu hauek aurkeztuz agertu dira. Asturias eta Galizia aldean aurkeztu dute beren lana, baita Ahotsenean ere… ea Euskal Herrian laster badugun aukera berririk. Abesti honekin, beren etxea gure ere sentiarazten digute.
KEROBIA: "03 globo espaziala"
Hemen tranpa txiki bat egin behar eta kantu bakarrarekin geratu naiz, bi lanei aipamena egiteko aitzakian. Izan ere Konstelazioa lana kaleratu duten urte berean etorri da Hilak lan berria eta abesti bat aukeratzea benetan zaila da. "Tina txikia" 2021eko kantu bezala hartu behar dugu? Hori da galderetako bat. Tira, zorionekoak gu, 20 urte bete dituztenean berriz ere bueltan direlako Kerobia taldekoak. Zuzenean disfrutatzeko aukera izan zuten batzuk eta, orain, 2022an, disko berria aurkezteko bira martxan jarriko dute Kerobiako tripulanteek. Tripulanteak diot, oraindik ere espazioaren bueltan dabiltzalako eta horren adibide delako abesti hau.
MIKEL MORENO: "Itsaslabarrean"
Kauta taldearen bidea eten zuen duela urte batzuk Mikel Moreno andoaindarrak, baina ez dio sortzeari utzi sekula. Pandemiak gauza onik ekarri digu eta horietako bat Moreno berriz ere disko bat kaleratzeko bidean jarri izana da. Denborapasan etxeko logelan hasitakoari forma eman eta Adrian Elustondo betiko laguna eta beste hainbat musikari gehiago batu eta Esnatu baino lehen diskoa kaleratu du. "Itsaslabarrean" abestia izan zen singleetako bat, indartsua eta melodikoa aldi berean. Itsasertzetik gidatzen eta eguzkiak aurpegian joz irudikatzen dut nire burua kantu hau entzutean.
ESANEZIN: "Bidegurutzean"
Iaz aurkeztu zuen lehen lagina eta 2021ean kaleratu du Aireratzen lana Esanezin proiektuak. Ianire Aranzabe da honen atzean dagoen pertsona, Altzagarateko neska gazte bat. Herri txikietan gauza handiak sortu daitezkela erakutsi du eta 2022an baieztatuko da hori, dagoeneko diskoan erakutsi duen arren. Aurten lehenengoz taldearekin kontzertu bat eman du, oso entsegu gutxirekin, eta emaitza sekulakoa izan da. Datorren urtera begira diskoa taldearekin aurkezteko asmotan da Esanezin, urtebetez akustikoan aritu ostean, eta ziur kantu berriak ere landuko dituztela. Adi ibili.
UR: "Zoratzen"
Baleak diskoa kaleratu duten urte berean kantu gehiago sortu ditu Ur talde gipuzkoarrak. Funkya euskaraz gozatzeko aukera eskaini digute eta oso aldarte onean jartzen duten doinuak plazaratu. Horren adibide garbia da "Zoratzen" abestia, 2021eko udan argia ikusi duen kantua. Ziur bidean dutela lan berria eta 2022an espero dezagun haien kontzertu gehiagoz gozatzeko aukera izatea, batzuk oraindik ez baitugu zuzenean entzuteko aukerarik izan!
KALAKAN: "Tupindegiko Panpili"
Akaso ez da urteko kanturik onena izango, akaso batzuk halako zerrenda batean sartzeaz harritu egingo dira. Baina aizue, Kalakan taldeak Artizar diskoan sartu zuen bezalaxe, nik zerrenda honetara gehitu nahi izan dut abesti hau. Izan ere doinuetan eta sakontasun handiko diskoa landu du Kalakanek eta, bat-batean, hau sartuta, nahi dutena egiten dutela erakutsi dute. Hori bai, kantuaren mezua… ez galdu xehetasunik, Panpili asko baititugu gure inguruan.
ANITA PARKER: "PMA"
Iazko zerrendan "Azalean" sartu nuen, eta oraingoan "PMA" (Pose merkeen azoka). Disko osoa sartu nezakeen, dantzara eramaten gaituelako eta behar hori ere badugulako oraindik ere. Reset lanaren zain urtebete egin ostean, ez digu hutsik egin Anita Parkerrek eta, dantza egiteko gogoz dagoenak, jarraitu haien sareak, kontzertu zerrenda luzea baitute aurretik Euskal Herritik barrena bidaiatzeko. Denak ere areto eta taberna txikietan. Hori luxua gurea!
GHAU: "Ea nor naizen"
Urtebete hozkailuan zeraman kantuarekin agertu da Gartxot Unsain bere bakarkako proiektua aurkeztera. Baina ohituta dago gauzak gordeta edukitzera, Bi Zaldirekin ere zazpi urte behar izan dituelako diskoa kaleratzeko. Baina Ghau beste zerbait da, musikaz harago doan kontua, eta kaleratu dituen bi bideoak horren adierazle dira. Gartxot antzerkian ere aritzen da eta bere dohain artistikoak erakutsi ditu abesti puska hauetan. Erronka jarri ere bai, ea nor den horrela dantzatzeko gai bideoari grabatzeko sakatu eta hasi eta buka. Musikarekin harrituta baginen, bideoekin are gehiago. Ongi etorri, Ghau!
CHILL MAFIA x BEN YART X HOFE: "Barkhatu"
Bai, ez da euskara hutsean idatzitako abestia, baina hau da konkistatu nauena. Izen propio nabarmenena ez bada izan, bai nabarmenenetakoa Chill Mafiarena 2021ean. Urtarrilean bidea irekitzen hasi eta urtea bukatzerako Euskal Herrian ia denek ezagutzen dituzte. Polemikak polemika, eta ukazioak ukazio, musikaren industriari astindu bat eman diote eta erakutsi dute baliabide gutxirekin edonorengana iristeko gai direla. Denak konkistatu dituzte, baita industriako izenik potoloenak ere. Eta nahi dutena egiten jarraitu dute, konplexurik gabe. Hartara, hautatu dudan kantua hautatzearena. Izan Bilbon, Errenterian, Valladoliden edota Madrilen, mundu guztia haien abestia kantatzen entzuten da sareetan ikusten diren bideoetan. Musika urbanotik oraindik ere asko daukagu ikasteko eta asko dago ilunpean, baina Chill Mafia, Ben Yart eta Hofe lurpetik zeruraino iritsi dira eta ez da kasualitate hutsagatik edota "Gazte arruntaren koplak" egin zituztelako. Proiektua aurkeztu eta urte erdia pasa denerako jaialdi esanguratsuetan ikusi dugu haien izena, hala nola, EHZn aurten eta Bilbao BBK Liven 2022ko kartelean.
DUPLA: "Txiki"
Duplaren Nahieran diskoa horixe da, nahieran egindako lana. Rocka eta Tropical Housea abesti berean uztartzeko gai dira aguraindarrak. Baita Herriko Tabernako ‘perreoa’-ren aldarria egiteko ere edota elektronika ilunenarekin gure geografian dauden edo egon diren diskoteka handiei errepasoa emateko ere. Gainera nor eta Xsakara izan dute hor bidelagun, ‘Ilargiaren semea‘. Euskal Herrian asko gustatu izan da elektronika, eta techno abesti hau ziur toki batean baino gehiagotan entzungo dugula.
ONKI XIN: "Kreuzzberg"
Kantu batek mila sentimendu sortzen dituenean, zerbaitegatik izaten da. Onki Xin taldeak Hikikomori lana kaleratu du aurten eta asko dantzatuko dugu haiekin plazarik plaza jarraian hasten direnean, ziur. Abesti honekin dantza egin daiteke, baina baita hunkitu edota oihuka hasi ere. Edo hori da behintzat niri gertatzen zaidana. Eta hori, Berlinen ez naizela sekula izan! Elektronika elektrikoa, hori ere egiten da gurean.