Iker Barandiaran
2022.01.12WILLIS DRUMMOND: "Noiz da gero" (Garai bereziendako kontzertu berezia)
Itzelezko taldea iruditu zait betidanik baina azken aldian beheranzko joeran ikusten nuen. Eta, hara!, ustekabean pandemia erdi-erdian berrasmatu eta txapela kentzeko ikuskizunak egin zituzten sasiakustikoan beraien onena emanez eta berezko duten armonia maisutasuna (Iparraldeko eskola) are eta gehiago azaleratuz. Chapeau!
BANANAS: "Zenbaterainor" (Garun ta eztarri)
Talde berri honen diskoa etengabe daukat bueltaka. Agian ez dute ezer berria asmatu, baina post-hardcore eta emoaren esentzia ezinhobeto jaso dute: indarra, riff sarkorrak, ahots melodiko bezain sarkorra, instrumentazio landua eta izugarrizko malenkonia itsatsita.
TATXERS: "Urte kontua" (Hiruzpalau amets larri)
Hara! Oraingoan ere Iruñeatik dator notizia! Lau gazte jaso duten legatu guztia desikasiz, Oi! musikak inplizituki dauzkan ezaugarri asko alboratuz eta euskal rock errebeldearen hastapenak errebindikatuz. Gerla beti? Jotakie? Garrulismorik gabeko Oi!? Ba baliteke! Freskoak eta mezu argi eta iradokitzailearekin bai behintzat.
LA REKBA: "Bilatu eta suntsitu" (La Rekba)
Punkak baditu bere ezaugarriak eta koordenada jakinak, gutako asko asetzen gaituztenak, baina ez dago inola ere soberan buelta erdi ematea. Haien gaztetasunean gai izan dira punkaren iluntasunean arakatu eta bestelako ñabardura interesgarriak azaleratzen.
DUPLA: "01200" (Nahieran)
Orain arteko nire ibilbidearen antipodatan egon ahal bada ere, izugarri erakartzen nau bikote honen proposamen eta desparpajoak. Perreoa oso presente, egiten dute musika dantzagarria, baziloia, baliabide gutxirekin, irudimenarekin eta itzelezko jarrerarekin. Organikoari ere eutsiz, lehengo eta oraingo belaunaldien arteko zubi lan txalogarria egiten dute.
ENERITZ FURYAK: "Jaio aitzin" (Emadan)
Eneritz Furyak unibertso propioa duen sortzailea da, hein handi batean –are gehiago– berarentzat egiten ditu kantuak; izugarri disfrutatzen du jolasten, eraikitzen, probatzen. Hitzekin, errepikapenekin, tonuekin… ase ezina da. Ez dago hit!-ik, baina arretaz entzuteko kantu oso bereziak dira, askotan harrigarriak.
ANARI: "Efemerideak" (Orain entzungo duzun hau…)
Zer esan dezakegu Anariri buruz aurretik esan ez duguna? Inork euskaraz transitatu ez zuen eremuetan ahaleginduta bere lekua eraiki eta inurrien moduan landuta hainbat eta hainbat entzuleren zainetan zizelkatuta gelditu dira bere kantutzarrak. Bere kantu gosez gaude beti eta ez du inoiz huts egiten. Hala, urtero Azokan zer opari ekarriko digun zain egoten gara.
PASADENA: "Ez gara hil behar" (Pasadena)
Izaki Gardenak taldearen Dena oskol izan da Libe Garcia de Kortazar eta Jon Basaguren sortzaile handien ibilbidearen orain arteko gailur musikala. Urte askotako musika sorkuntzaren erakusle garrantzitsu eta egindakoaren –por fin– merezitako errekonozimendua. Orain, batera konposatzeko proba egin eta Pasadena proiektu erakargarria erditu dute.
LIHER: "Nor zaren ere" (Eta hutsa zen helmuga)
Zerotik eraiki den taldea da Liher, Lide Hernando abeslari portentoak martxan jarritakoa eta gerora talde soinua eta talde izaera hartu duena. Apustu eta erabaki irmoak hartu dituzte aurrera egiteko parean jarritako oztopo guztiei aurre eginez, eta kantu borobilez osatutako rock zapalgailua bilakatzeko.
HUNTZA: "Odoletan" (Ezin ezer espero)
Unibertsitatean elkar ezagututako gazte koadrila batek erromeria eta rocka batzea erabaki zuen ondo pasatzeko; eta hara non "Aldapan gora" bideokliparen arrakastaren ondorioz ia itsasoan ito zituen olatuak harrapatu zituen. Bi disko geroago, korrontetik aldenduta, sudur puntan jarri zaien diskoa egin dute.
-GAILU: "Horra marrak, karramarro" (Begiak, egiak ba ote?)
Enekokene, Mikel Pintza eta Drake berriro elkarrekin lanean ikustea bada ospatzeko eta pozteko arrazoi garrantzitsua. Eta hori gutxi balitz, aspaldiko –Gailu proiektua berpiztu izana sorpresa itzela izan da. Eskola zaharreko zakurrak soinu gaurkotuekin jolasten, bai horixe!
JOSEBA IRAZOKI ETA LAGUNAK: "Ikusezina" (III)
Joseba Irazoki da Euskal Herriko eszenako musika munstroa, parean edozein erronka jarriz gero maisutasunez gainditu eta bere estilo propioa –errepikaezina- gehitzen diona. Eta, horrez gain, aspaldian JIEL da bere sormen gordina muga eta trabarik gabe plazaratzeko gailua.