DISKOAK
- Hilotz — Aske (Maldito Records). Nondik hasi lan hau deskribatzeko? Grabazio borobila, zitala, errukirik gabeko kaña sartzen duena, konposizio zein exekuzio alorrean konpletoa... Zati instrumentalen maisutasuna gailentzen da lan osoan. Irudimen handiko egiturak, ñabardura amaiezinen festak, gustu handiz egindako aldaketa eta bariazioak, gitarra harmonikoki aberatsak, soinu orokor konpaktu eta garbia. Guzti horri Mikel Yarzaren ahots hilgarri, arraspatu eta muturrekoa gehitzen badiogu, aurtengo diskorik onena daukagu. Disko hau, lan bat baino gehiago, monumentu bat da. Monumentua, bide batez, Ekaitz Garmendia ekoizleari ere egin beharko genioke.
- Nøgen — Under Alt (Airaka). Kalitatezko pop musika, modernoa eta sofistikatua. Ahots zoragarriak, soinu kapa iradokitzaileak, kantu borobilak eta kalitatezko konpositore ekipoa. Sonoritatea eta musikaltasuna bilatzen duten ahotsak, atmosfera erakargarriak eta single bokazioa duten 9 kanta. Guzti hori ez litzake posible izango Haritz Harreguyren jakituriarik gabe.
- Kuartz — II (Egilea editore). Bastidako (Nafarroa Beherea) bikotea dugu Kuartz, Oihan Delavigne (bateria eta koruak) eta Ibes Mongaburek (gitarra eta ahotsa) osatua. Isiltasunak kudeatzeko duten gaitasuna da bereizten dituena. Gustu onez eta nolabaiteko sinpletasunez betetzen dituzte disko osoko pasarteak. Disko osoan azeleratu gabeko erritmoak dira nagusi. Gutxirekin asko esaten duten pieza motak dira, eta horregatik tenpoa azkartzen duten momentuetan efektua ikusgarria da. Stoner rockak badu hemendik aurrera beste kalitatezko defendatzaile bat beraz, afizioa sortzeko moduko boterea eta ahalmena daukana.
- Petti — Manipulazio estrategiak (*Zart). Kontzeptuala, eklektikoa, anitza... Bere lanik onena izateko lasterketan podiumean kokatu da argitaratu den momentu beretik. Kantu patxadatsu baina intentsuak gehienak, Etxeko Uzta taldearekin egindako rock pieza indartsu batzuk ere badauden arren. Et Incarnatus hari laukoteak tentuz eta sentsibilitate handiz jantzi ditu diskoko beste kantu guztiak. Maite Larburuk egin dituen kolaborazioak zirarragarriak dira, eta Harkaitz Canok hitzekin egin duena bereziki aipagarria. Nortasun eta magiaz jantzi baitu lan osoa.
- Gatibu — Musikak salbatuko gaitu (Egilea editore). Badauka azken 18 urteotako euskal musikak garantia hutsa den talde bat, dagoeneko dozenaka abesti ezagun grabatu dituena eta gure plazak merezimendu osoz bete dituena. 6 kantuko lan hau garai onenetara itzulera da. Sentimendua, estiloa, harribitxiak konposatzeko gaitasun berezia, teknika, estiloa... Instrumentu bakoitza sartzen denean, denak milimetrora neurtua dirudi, baina inoiz ere feelinga galdu gabe. Gatibuk oraintxe bertan daukan maila enbidia emateko modukoa da, bloke mardula osatzen dute eta garaitzera datoz.
- Liher — Hemen herensugeak daude (Egilea editore). Emakumezko batek bizitzen duen istorioa kontatzen duen opera-rocka: Jaiotzen denetik, emakume bihurtu, gizarteari aurre egin eta bortxaketa bat jasateraino. Mendekua hartzen duen protagonistak damurik ez du erakusten, gainera. Soinu garbi eta bereziki boteretsua daukan artelana, Hard Rock eta Stoner doinuak nagusitzen diren arren, atmosfera ezberdinak landu dituzte betiere narrazioaren mesedetan. Goitik behera, kalitate eta funts handiko diskotzarra.
- Esti eta Mikel Markez — Azal berritzen (Egileak editore). Konfinamenduaren eragin zuzena izan da “Azalberritzen”. Aita-alabek, bakoitzak bere etxetik, sortzeko beharrari eutsi ezinik erdibana osatu duten albuma. Mikel ezagutzen genuen, baita bere kantu eder eta sakonak egiteko trebetasuna ere; aldiz, Estirena nobedadea izan da, eta irakaslea etxean izan duen arren, berak konposatu du disko erdia. Gainera, ahots oso boteretsu baten jabe izateaz gain, heldutasun handia erakutsi du lan honetan. Kontuan hartzekoa izango da datozen urteetan.
- Rodeo — Ezherrian (Bonberenea Ekintzak). Teknika handia erakusten duten taldeak asko dira. Egurra gogotik ematen duten beste hainbeste ere. Rodeok, ordea, biak batera eskaintzen ditu bai diskoan zein zuzenekoetan. Zestoarrek Stonerraren lurralde gozagarriak lantzen jarraitzen dute, jatorrizko bertsioari era aski fidelean. Horrek taldearen estiloa mugatzen du? Ez, inola ere. Stoner musika eta irudimena eskutik doaz, eta Rodeok aspaldi asimilatu zuen hori.
- Basaki — III (Egilea editore). Luze egin zaigu (9 urte, alajaina!) Leioarren lan berriaren itxaronaldia. Laukote izatetik hirukote izatera pasatu diren arren, hirurak ere jatorrizko partaideak dira eta Basakiren nortasun agiria diren melodia eta irmotasuna mantendu dituzte. Base erritmikoaren botereak ere bere horretan darrai, baladak egiteko gaitasunak egin duen moduan. Entzun, bestela, “Bitartean”.
- Modus Operandi — Dantza gaitezen hil arte (Baga-Biga). Lan polita eta bizkorgarria landu du, bigarrena jada, talde gasteiztarrak. Betagarriren salaketa eta tematika soziala galdu gabe, bestelako gaiei ere heltzen diena, eta oraingo honetan gainera, nobedade diren beste soinu batzuk ere sartu dituzte, musika latinoa, funkya eta reggaetoia, kasu. Talde segurua da, kalitatea bermatua daukana, eta edozein oholtza sutan jartzeko ahalmena mantentzen duena.
- Bizarro — Deshumanizazioa (Almehuna). Ongi etorriak gitarren boterearen erreinura. 90.hamarkada oso present izaki, ez dira falta Melvinsez gain Edgar Winter Group gogora ekar ditzakeen momenturik. Oinarrizko erritmoa, astuna eta ahalguztiduna, da nagusi hemen, baita melodia intentsu zein konposizio borobil batzuk ere. Gitarren efektuei ere ez diete muzin egin, eta bi ahotsen jokoa aberatsa da E.P. honek dauzkan bost kantuetan.
- Izaro — Limones en invierno (Egilea Editore). Mallabiarraren goraldiak ez du oraindik goia jo, baina espainiar salmenta zerrendetan lortutako bigarren postu hori historikoa izan da. Diskoak argitaratzeko hartu duen erritmo hau frenetikoa da, eta horrek “Easo” diskoan lortutako maila orokorra apur bat jeitsi duen arren, ukitzen duen guztia urre bihurtzen duela dirudi. Ez dira falta kantu sentiberak, soinu kapa mozkorgarriak eta talentudun konposizioak hemen. Hori gutxi balitz, Xoel Lópezekin egindako duoak Izarok hartu duen estatusaz asko erakusten digu. Horregatik, bere ahots natural eta pertsonalak historia egingo duelakoan gaude.
KANTUAK
- Petti — Helduentzako sehaska kanta (I). Kantu borobila, ezohikoa eta dotorea. “Diotenez” kantua sartzekotan egon gara, baina bat bakarrik sartu genezakeenez aukerartu dugu hau, halabeharrez. Pettiren ahotsa eta tonua erregistro ezberdinak jorratzeko tresna abila dela badakigu, baina kantu honetan bereziki txundigarria da. Horri Maite Larbururen ahots limurtzailea eta Et Incarnatus soka laukotearen kapak gehitzen badizkiogu, 2020ko podiumerako hautagai perfektua daukagu.
- Gatibu — Musikak salbatuko gaitu. Gernikar laukotea, ia bi hamarkadako ibilbide oparotsua egin ondoren, bueltan da beraien lanik onenetako batekin. Ez dira inoiz joan, baina azken lan honek beraien lanik onenen mailara bueltatu ditu. Kantu honen gantxoa eta boterea apartekoa da: daukan egitura eta melodia ederrak badira, instrumentuak jotzeko teknikak eta denborak neurtzeko gaitasuna aipagarriak dira. Pista bakoitza maisuki grabatua dago, eta guztiaren gainetik baxuaren erakustaldi harrigaria eta atabal kolpe zehatzak daude.
- Blanquita Carraquela — Bourgogne. Eraul taldeari agur esan ondoren, zorionez Asier Beramendi itzuli da, momentuz hiru kanta bakarrik eskaini dizkigun arren. Haukeratutako kantu honen sentsibilitate eta dotoreziak entzulea harrapatzen du berehala. Sustraidun musika eta pianoaren elegantziak, bateriaren kolpe bakan baina zehatzen indarrari gehituta konbinazio aparta osatzen dute. Asierrek melodia zoragarriak egiten jarraitzen du, eta intentsitateekin jokatzen duen bitartean, azkenik errepika (ohi bezala) estasira maisuki bideratzen du. Aparta.
- Esti Markez — Ez da bizitza. Kantari hain gazteak oholtzan ikustea ez da hain ezohikoa izan azken urteotan. Oraingoan, bere aita famatuarekin diskoa konpartitu duen kantariaz ari gara. Lana erdibana egin dute, bakoitzak bere kantuak alegia, eta Estiren ahotsaren indarra eta tonu biziki altuek atentzioa ematen duten arren, kantu honetan beheragoko tonu zoragarri bat hartu du. Kantuaren edertasunak eta letren heldutasuna ere sorpresa aipagarriak dira.
- Kuartz — Energia. Hard pilula boteretsu, irudimentsu eta dantzagarriak dira lan honetako 10 kantuak. “Energia” sonoritatez ondo jantzia, exekuzioz superra eta edukiz ahalmentsua da, Stoner Rock eta rock pisutsuaren zaleontzat zein gustu oneko edozein entzulerentzat aproposa. Kantu hau ez duzue, haatik, segur aski zerrenda askotan ikusiko, estiloagatik bada bederen. Egin kasu: Kuartz bikainak dira. Iparraldea deika daukagu berriro; ez dakit konturatzen ote garen.
- Nøgen — Euria. Momentuan txunditzen duen melodia horietako batez jantzia, Eider Saezen ahotsak berehala harrapatzen zaitu. Gitarra leun eta soinu delikatu eta garbiz jantzia, kantu motzek daukaten magia maisuki azaltzen digu. Ez digute erraz jarri kantu aukeraketa egiterakoan, baina edonor hunkituko duen kanta da.
- Hilotz — Zurrunbiloa. Berriz ere aukeraketa zaila izan den arren, kantu honek Hilotzen dohain guztiak erakusten dizkigu: Muturreko oldarkortasuna, ahots arraspatu eta erasotzailea, gitarra akustiko zein elektrikoak baina ia beti hiltzaileak, bateria zehatza eta segurua eta erritmo aldaketak nonahi. Garapen instrumental konplexu eta adiktiboak eta sentsazio orokor ekidinezina: gainetik kamioi bat pasa izan balitzaigu bezalakoa. Disko osoan bezala, Pablo Cabasesek gitarrarekin egin duen lana goraipatzeko modukoa izan da.
- Liher — Thelma & Louise. Opera rock estiloko disko baten pieza izaki, bertatik bereiztuta entzuteko ere aproposa dugun kantu boteretsua dugu hau. Iñigo Etxarriren gitarra soinu lodi eta indartsuak agintzen du hemen, oinarri erritmiko zehatza ahaztu gabe noski. Abesti zapaltzaile eta kementsu honetan Lide Hernandoren ahotsak dena betetzen du, oraingoan bere bertsio potenteenarekin. “Uniforme izerditu/ezingo nauzu gelditu” urteko errepika onenen artean sartzekoa, dudarik gabe.
- Bizarro — Ihesi. Potemkineko bi partaidek (Aixibar Urteaga eta Iban Idigoras), Tommaso Galati maisu italiarra, Iñigo Palacios eta Aitor Regueiro abeslariak osatutako boskote boteretsua. Praktikan une askotan bi abeslari dauzkan taldea da, eta soinu indartsu eta melodiez jositakoa dugu. 90etako rock alternatiboan bilatu beharko genituzke errefrentziak, eta kantu honetan konkretuki Screaming Treesen “Dust” diskoan segur aski. Amaiera epikoa dauka, emanaldi bat amaitzeko perfektua, nahiz eta gero azken zatian teklatu batek nolabaitekoa outroa egiten dion.
- Rodeo — Belaunaldi galdua. Hirugarren eraso honekin Zestoarrek ohi bezain oldarkor izaten jarraitzeak beraien zaleak pozik utziko ditu. Stoner Rock estiloa bere sustrai eta magia guztiarekin lantzen dute oraindik ere: Kyussen irakaskizunak hain era profesionalean barneratze hutsa aipagarria baita. Kantu honek sustrai horiek era pertsonalean landu daitezkeela baieztatzen digu, eta Stonerrak bere baitan hamaika sonoritate, giro eta erritmo onartzen dizigula oroitarazten. Kantu frenetikoa eta irudikorra.
- Izaro — Libre. Gezurra dirudi, baina lauzpabost urte bakarrik pasatu dira Mallabiarrak lehen lana atera zuenetik, eta eduki duen igoera meteorikoa ikusita, bere talentuagatik ez balitz arrisku bizian egon zitekeen artista dela ere pentsa liteke. Kantu ahaztezinak egiteko ahalmena mantendu du 2020 honetan: pasarte intentsu eta tentuz landutako oinarri instrumentalek profesionalki jantzi dute guzti honen lehengai nagusia eta azken batean garrantzitsuena: Izaroren sormenaren eta bere ahots imita ezinaren magia. “Libre” hau guztiz borobila eta ederra da.
- Modus Operandi — Dantza gaitezen hil arte. Iñaki Ortiz de Villalba kalitatearen sinonimoa dugu egiten dituen proiektu guzietan. Betagarriren banaketa deigarria egin zitzaigun arren, laster plazaratu zuen berriro talde guztiz berriaren lehen lana. Orain, bigaren eraso honetan aurreko taldearen nortasun ezaugarriak mantentzen ditu bai soinu eta errritmo anitzen alorrean, baita berezko baikortasun eta jarrera kementsuan ere. Esandakoa: talde hau eta bere gidaria garantia hutsa dira. Diskoari izena ematen dion kantua euskal hit bat da, estiloen gainetik dagoen abesti landu eta borobila.
EPILOGOA
Aipamen berezia: Kantuen artean, Zetak taldearen “Zeinen ederra izango den”, Anne Etchegoyenen “Ixilik”, Olatz Salvadorren “Euria”, hiru adibide jartzearren. Etorkizun Beltza taldeko abeslaria den Imanol Orozkori, bere ahots jario boteretsuagatik, Amurrioko Izate Faltsua metaleroei beren kemenagatik, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda... eta zerrenda hauetatik kanpo geratu diren beste hainbati. Pandemia honen erdian kontzertuak antolatzen ibili direnak izan duten ausardia eta kemenagatik. Durangoko Azoka online egiteko ideia izan eta gauzatu zutenei. Zailtasun guztien gainetik kazetaritza musikala egiten jarraitzeko morala eta grina erakutsi duten guztiei.