Jon Urzelai
2020.01.03'THE NEW NORMAL'
Eztabaida errepikakorra da: hamarkada berria 2020an ala 2021an hasten da? Erantzuna edozein dela ere, badirudi aro berria rockaren hilobiaren gainean eraikiko dela. Ez da iragarpen arriskatua, jakina, urteak baitira gitarren heriotza kritikari askoren ahotan dabilela, klixe bihurtzeraino kasik. Adierazle argiak baditugu oraingoan, ordea, hasierak eta amaierak zehazteko gustatzen zaizkigun horietakoak. Deigarriena, Primavera Sound jaialdiak aurtengo ediziorako aukeratutako leloa: The New Normal. Normal berria, alegia. Zer den hori? Bada, dirudienez, jaialdiko afitxan letra lodiz adierazitako izenak reggaetoia eta kale musikak jorratzen dituzten artistez (ere) osatuta egotea. Hori, eta musikarien aukeraketa puskaz parekideagoa. Zerrendan J Balvin Stereolaben jarraian irakurri ahal izatea; Low ikusi ondoren Rosalía taularatzea. Rosalía, noski, nola ahaztu Rosalía? Jaialdien eredua eta muina ez dira aldatu, dena dela; erritmo berriak dantzatzen ditugu betiko dantza-pausoekin.
Baina hau Badok ataria da, ariko zarete jada pantailari kexaka. Utikan erdaretan eta Ebro ibaitik behera gertatutakoak, baita Pitchfork eta antzeko atarien aukeraketak ere; Euskal Herria beste kontu bat da. Edo beste tempo bat du, behintzat. Gurean ere topa genezake aldaketa horien zantzurik, halere. Makrojaialdiez eta haien kartelez gain, Berri Txarraken agurra da sintoma nabarmenena, euskal rock astunaren nagusitasunaren despedida ofizialtzat har baikenezake. Betiko ziruditen ska taldeen mutazioa ere azpimarratzekoa da, baita era paraleloan elektronikak hartu duen pisua ere. Zetak da, ziur aski, adibide arrakastatsu eta paradigmatikoena. Haien diskoaren aurkezpena ere, antzera: zale andana erreferente eta esperientzia berrien gosez, batera baina bakoitza bere kaskoekin. Hori bai, ez da dena berria hemen, oraindik ere ahoan aldarriak dauzkagu eta. Argi gorriak erakartzen gintuen lehen, bazterreko lurrunak orain.
Etorkizunak dakarrena dakarrela, datozen urteotan dantza egingo dugu, agidanez. Hogeigarren hamarkada itzuli da, baina kabaretik, krisi bortitzik eta faxismorik gabe. Tira, agian hobe azken esaldi hau ahazten baduzue. Kontua da dena dela berria eta hori da garrantzizkoena. Orainari distira dariola eta oro dela brand new, inguruko mamu eta aire zaharrak gorabehera.
ABESTIAK
DISKOAK