BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2018.01.18

Juan Gorostidi

Zabaldu hirugarren belarria. Oier Etxeberriaren ‘Locuela’ diskoaz

“Iru belarri-mota bereizi oi ditugu:
1) ageri dan aragizko belarri au;
2) irudimenaren belarria, ta
3) adimenarena edo zentzu ispiritualena esaten zaiona. […]
Lenengoarekin musika zoragarria entzuten da. […]
Bigarren belarria, irudimanarena, lanean jartzen da bere oroimena edo gogoramena piztuz. Zango-ariña da, ta guztiz ibiltari. […]
Geldiro-geldiro, motelduz motelduz joaten da, adimena bakarrik geltizen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin.
Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu,
sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak.
Hirugarren belarria antxen asten da.”[1]

Orixe, 1971. Jainkoaren billa.

BESTALDEKO IZAKI AHALGUZTIDUNAREKIN HARREMANETAN
(IGNAZIO LOIOLAKOA ETA KRISTO ELQUIKOA)
Historiatzat ditugun azken hiru mila urteotan, belaunaldi bakoitzak sortu ditu heroiak eta apostoluak. Agermen baten izenean aritzen dira; tratu zuzena dute Bestaldeko Izaki Ahalguztidunekin. Esan gabe doa, atarramendu gaiztoko jendea izaten da gehienetan: historiaren estoldek irentsitako eroak; jendearen eskarmenturako erreak, kartzelaratuak, birrinduak. Baina beti gertatzen dira salbuespenak, eta salbuespen horiekin betetzen dira, gerora, “Bizitza Eredugarrien Liburuak”.

Jo dezagun orain bostehun urte atzera. Inguruotan, Gaztelako tropak Nafarroako erresuma bereganatzeko gerran dabiltza. Loiolako (Azpeitia) Oinazeko leinukoak haiekin lerraturik dira. 1521eko Iruñeko borroketan larriki zauritzen dute 30 urteko Iñigo, Loiolatarren gazteena. Ondorengo historia aski ezaguna da: karrera militarrerako ezindua, Jainkoaren eta Eliza Katolikoaren zerbitzura jarriko da gizon sutsua. Oinez, mandoz edo ontziz, erabateko erabakimenez, Oñati, Manresa, Erroma, Venezia, Jerusalem, Bartzelona, Salamanca, Paris…, arriskuz beteriko bideetan barna, gerora katolikoen abangoardia ideologiko eta espirituala izango zen konpainia osatuz doa. Iruñeko bataila hartatik 35 urtera hilko da Erroman, baina ordurako mundu osoko ehun etxetan barreiaturiko mila bat gizonek osaturiko armada zaildua buruturik du. Euskal Herriak historia modernoan izan duen gizonik eraginkorrenaren Gogo jardunak ardatz dira subjektibotasun modernoaren eraikuntzan. Hark utzitako Autobiografia edo Egunkari Espirituala irakurtzea nahikoa luke egungo edozein psikiatrak gizona burutik zeharo jota zegoela ondorioztatzeko. Esan bezala, etengabeak zituen harreman zuzenak Bestaldeko Izaki Ahalguztidunarekin, haien esku jartzen baitzituen bere bizitzaren inguruko erabaki guztiak:

“Viernes, 8 de febrero de 1544. Después de notable devoción, en oración y lágrimas, desdel preparar de la misa, y en ella mucha abundancia de devoción y lágrimas asímismo y con retener la palabra, quando podía, estando con intención de no nada; luego después de la misa con devoción y no sin lágrimas, pasando por las electiones por hora y media o más, y presentando lo que más me parecía por razones, y por mayor moción de voluntad, es a saver: no tener renta alguna, queriendo esto presentar al Padre por medio y ruegos de la Madre y del Hijo, y primero haziendo oración a ella por que me ayudase con su Hijo y Padre, y después orando al Hijo me ayudase con el Padre en compañía de la Madre, sentí en mí un yr o llevarme delante del Padre, y en este andar un lebantárseme los cabellos, y moción como ardor notabilíssimo en todo el cuerpo, y consequente a esto lágrimas y devoción intensíssima”[1].

Loiola

Ignazio Loiolakoa, Elias Salaberriaren margoan.

Urte nahasiak ziren XVI. mendeko haiek, baina ez gutxiago XX. mende hasierakoak. Ordurako, askoz ere bateratuagoa zegoen mundua, eta Europan gertatzen zena askoz azkarrago ailegatzen zen bazter guztietara. Loiolako gizonak mundu zahar baten akaberan hartu zuen parte, eta orduko konkistekin abiaturiko mundu berriak Iraultza Industrialarekin jotzen du bere gailurretako bat. Nekazari lurgabetuen matxinadak zirenak errebolta proletario bilakatu dira, eta, ohi legez, agintarien armez plegatzen dira desesperatuen eztandak. Europaren luzakin bat kontsidera zitekeen Hego Amerikako Txilen agertu ziren orduan ere pertsona argiztatuak, eta, haien artean, Domingo Zarate Vega, El Cristo de Elqui izengoitiz ezaguna egin zena. Haren bizitza ez da gure patroi handiarena bezain ezaguna, ezta eragilea ere. Familia oso pobre batekoa izaki, eskolarik gabea bezain izpiritu suharrekoa. Iñigok Iruñeko istripua izan zuen adin bertsuan gertatu zitzaion Domingori ere beste maila bateko ezbeharra: barrua hautsi zitzaion ama galdu zuenean, eta Iñigoren antzeko promesa bat egin zuen berak ere: ohiko arropak baztertu eta oihal zatarreneko zaiela jantziko zuen; bizarrak eta kalparrak ez zituen hogei urtez moztuko, ezta atzazalak ere. Bestaldeko Izaki Ahalguztidunarekin tratutan jardungo zuen ondorengo urte eta egunak. Nicanor Parra poetak jaso zituen haren predikuak eta bere modu antipoetikoan esplikatu zizkigun. Esan gabe doa Elquiko Kristorentzat ere kontu larriak zirela Bestaldeko Izakiekiko harremanak:

“La actualidad no tiene remedio / cuántos son los que invocan a la Virgen María / con palabras destinadas al Padre:/ Padre nuestro que estás en el cielo…/ ignorancia o descuido digo yo / o se dirigen erróneamente al Hijo / como si se tratara de la Madre: / Dios te salve María –llena eres de gracia / despropósito grande ciertamente / por no decir otra cosa peor: / la Torre de Babel queda pálida / ¡cómo se reirá el Espíritu Santo”[2].

Kris Elquikoa

Kristo Elquikoa bi kide artean, Santiagoko eroetxean.

Zaielaz eta kalparrez jantzita, predikatzen ibili zen, arrakasta handiz predikatu ere, Amerikan barrena, eta jende andana zuen zain trena hartu eta Santiagora joatea erabaki zuenean, 1931n. Halere, agintari sanitarioen zentzua gailendu zen, eta hiriburuko eroetxean sartu zuten denbora batez, “eldarnio mistiko kronikoa” diagnostikopean. Eta, zirkulua itxiz bezala, Jose Antonio Laburu Olaskoaga euskal jesuita adeitsua –teologo izateaz gain, psikiatra eta biologo ere bazena– Santiagon zebilen zenbait ikerketa egiten hango eroetxeetan, aztergai baitzituen herri-sendagintzan bizirauten zuten errito magikoak, eta hango zoologikoetan ere aritu zen, oso interesatuta baitzegoen animalien pertzepzioan. Zinean ere aitzindaria izan zen, eta berak grabatu zituen Elquiko Kristoren irudiak Santiagoko eroetxean[3].

IKUSMENA ETA ENTZUMENA: AGERMENAK ETA ‘LOCUELA’-K
Ikusmena da pertzepzio kontzientean nagusitzen zaigun zentzumena. Zer esanik ez egungo aro digitalean. Azken mendeetan komunikaziorako bide nagusi gisa kontsideratua izan den hitza, berriz, gero eta baztertuago geratzen ari da irudien oldarrari aurre egin ezinean. Bistan denez, gure saindu eta eroen artean ere, agerpenek izan dute nagusitasuna, etorkizuneko munduaren aitzindari, baina badira beste zentzumen oinarrizkoagoak, kontzientziaren azpian bere lana etengabe egiten dutenak. Usaimenak, dastamenak eta ukimenak gainontzeko abereenganako kidetasunean bermatzen gaituzte, baina gizatasunera eramaten gaituztenak pentsamendua, ikusmena eta entzumena dira, eta haietatik sortzen zaizkigun hitzak, irudiak eta soinuak[4]. Lehen hirurak pasiboki bizi ditugu gehienbat; beste hirurekin, aldiz, aktiboki garatzen ditugu sormena eta komunikazio garatuena.

Esan beharrik ez dago musikariak entzumenaren unibertsoan mugitzen direla, eta unibertso hori musikatzat dugun horretatik askoz harago zabaltzen da, soinua eta zarata kontsideratzen den oro barne hartzen baitu. Ikusmenaren arloan bezala, aldaketa izugarriak gertatu dira azken hamarkadetan soinu-musikaren arloan. Gure soinu-unibertso gero eta saturatuagoan, makinak nagusitu dira haien produkzioan. Musikak berak, unibertso horren emaitza noble gisa kontsideratua izan denak, gero eta galduagoak ditu bere ezaugarriak.

Baina, zer ikusi du honek Ignazio Loiolakoarekin eta Elquiko Kristorekin? Oier Etxeberriaren azken lanak josi ditu balizko harreman horiek, eta, izenbururako, Ignaziok bere Egunkari Espirituala-n erabili zuen hitz misteriotsua hautatu du: Locuela.

“Domingo, 4 de mayo de 1544. Antes de la missa con lágrimas, y en ella con mucha abundancia dellas, y continuadas, y con loquela interna de la misa con parecerme más divinitus dada, habiendo demandado el mismo día porque en toda la semana quando hallava la loquela externa, quando no hallava, y la interna menos, aunque el Sábado pasado hallava un poco más apurado. Asímismo en todas las misas de la semana, aunque no tan visitado de lágrimas, con maior quietud o contentamiento en toda la misa por el gusto de las loquelas con interna devoción que sentía que otras algunas vezes que en parte de la misa tenía lágrimas. Las de este día me parecían mucho, mucho diversas de todas otras pasadas, por venir tanto lentas, internas, suaves, sin estrépito o mociones grandes, que pare que venían tanto de dentro, sin saver explicar, y en la loquela interna y externa, todo moviéndome a amor divino y al don de la loquela divinitus conceso, con tanta armonía interior cerca la loquela interna, sin poderlo exprimir”[5].

‘LOCUELA’: NAHIKOA AL DUGU ENTZUTEAREKIN?
Zalantzak izan ditut artikulu honi izenburua jartzerakoan. Zer da zehazki Oier Etxeberriaren azken lanak proposatzen diguna? “Soinu-homeopatia”? “Trantze baterako proposamenak”? “Glosolaliarako neurrizko ariketa laburrak”? Horietatik asko duela iruditzen zait; zerbait erakusten digula eta gehiena ezkutatzen, Ignazioren hitzak berak bezala.

Locuela

Pieza oso laburrak dira guztiak, hiru minutuko kantuen muga horretara ere ailegatzen ez direnak normalean (bost minutu pasatxo irauten du bigarrenak, eta bi zatitan dago banatuta), eta tamaina kontu hori nahita egina dela iruditu zait. Leiho moduan funtzionatzen dute piezek, baina leiho zirrikituak ireki eta berehala ixten dira beti. Trantze batetik edo trantze batera zuzentzeko sortuak, baina trantze horiek denbora arruntetik aterako bagintuzkete, zenbat minutu beharko lituzkete orduan piezek?

Gidaritza nahi duenarentzat, horra Elquiko Kristoren hitzak Niño de Elche-ren ahotsean kantatuak:

“A mí me parece evidente / que religión y lógica a la larga / vienen a ser prácticamente lo mismo / se debiera sumar / como quien reza un ave maría / se debiera rezar / como quien efectúa una operación matemática…”.

Eta:

“Resumiendo la cosa / al tomar una hoja por una hoja / al tomar una rama por una rama / al confundir un bosque con un bosque / nos estamos comportando frívolamente / esta es la quinta-esencia de mi doctrina / felizmente ya comienzan a vislumbrarse / los contornos exactos de las cosas / y las nubes se ve que no son nubes / y los ríos se ve que no son ríos / y las rocas se ven que no son rocas…”[6].

Harrigarria da zenbaterainoko antza duen azken testu honek hainbat irakaspen budistarekin: “Esnatze-bidearen hasieran mendi dira mendiak; gero, mendi izateari uzten diote; baina mendi bihurtzen dira, berriz, azkenerako”. Ez dakit Elquikoa hirugarren urratsera ailegatu zen, Parraren bertsioan jarraitzen baitu:

“…y las rocas se ve que no son rocas / son altares / ¡son cúpulas! / ¡son columnas! / y nosostros debemos decir misa”. Agian, bai, ezen bere bizitzaren azken urteak erretiratuta eman omen zituen, prediku guztiak alde batera utzita.

Etxeberriaren lanaren une bakoitzak zerbait iradokitzen eta eskaintzen digu: Tolosako karmeldarren elizan grabaturiko David Azurzaren kontratenor ahots zerutiarra, esaterako, baina beti makina hotsen kontrapuntuz osatua, edo aireportuetan eta autobideetan jasotzen ditugun ahots mekanikoez (“Hartu zure tiketa, mesedez”). Mamuz osaturiko koroez edo elizetako organoen aztarnez; soinu organikoak edo kosmikoak, nonahi… Bertikaltasuna iradokitzen zaigu bi piezatan (Alfabeto vertical I eta II): ahots eta soka soinu hautsiak, totelka ari diren borborrak, urrunetik entzuten diren makinak, eskala zerutiarrak… HE-MEN-NA-GO mantra tibetarra bilakatua E-E-A-O bokaletan putzuratuz, H-M-N-G kontsonanteen kolpez… Diskoaren izena duen pieza jostalaria da, haur ahotsak gizonezkoenekin nahasten dira, urrutiko zaunkekin, oihartzun aztoragarriekin, arrastiriko ordu sakratuetan… –nabaria Xabier Erkiziaren ekarpena.

Aztarnak ditugu, zuzenean osatu beharreko proposamen baterako ideiak. Baina proposamen horiek Orixek aipatu Hirugarren Belarrira zuzenduak daudenez, alferrik ibiliko gara “ageri den belarriarekin” edo “irudimenarenarekin” haietaz jabetzen saiatuta. Ez zaigu “musika zoragarrian” geratzeko aukerarik eskaintzen, ezta “oroimena edo gogoramena piztuko duen” horretan ere. Beste ariketa mota bat iradokitzen digu, zentzumen guztiak “geldiro-geldiro, motelduz motelduz” joango diren eremu horretara gidatuko gaituena. Orixeren hitzak beste behin gogoratuz, “adimena bakarrik geltizen dala, entzundako arri-bizi edo oiartzun edo erantzun erdi-ixil batekin- Ola dijoa ixilduz, osotara itzali dedin arte, soñu, sorgin-soñu ta nolanaiko ots bixiko edo diferenteak. Hirugarren belarri antxen asten da”[7].

[1] “Diario Espiritual, primera parte”. Obras Completas de San Ignacio de Loyola. BAC.
[2] Nicanor Parra, 1977. Sermones & Prédicas del Cristo de Elqui. Galería Época.
[3] Euskal Filmotekak gordetzen ditu Labururen grabazio aitzindariak.
[4] Gure artean bost zentzumenez aritzen ohituak bagara ere, sei zentzumenez aritzen da psikologia budista, esaterako, pentsamendua seigarrena delarik.
[5] “Diario Espiritual, segunda parte”. Obras Completas de San Ignacio de Loyola. BAC. Loquela hitza hogeita bost aldiz agertzen da egutegian, 1544ko maiatzaren 11tik 25erako sarreretan, ez beste inon; eta haren esanahia misterio bat da adituentzat.
[6] Nicanor Parra, 1977. Sermones & Prédicas del Cristo de Elqui. Galería Época. Diskoan, bigarren eta seigarren piezak, hurrenez hurren, Canción del Cristo de Elqui I eta II.
[7] Hirugarren belarria da Oier Etxeberriaren egitasmo orokorrago baten izena. Xabier Erkiziarekin eta beste hainbat aditurekin 2011-2013 bitartean ospatu ziren jardunaldiak ere izen horren pean egin ziren. Etxeberriaren ibilbide musikalaren entzumen eta adierazpen orokor bat nahi duenak, ordubeteko saioan eskaini zioten RTVko Ars Sonora saioan.

ETIKETAK:David AzurzaNiño de ElcheOier EtxeberriaXabier Erkizia