BADOK BLOGA

Juan Gorostidi

2019.01.30

Juan Gorostidi

Stratos, txalaparta, sehaska kanta

“Gure iraganaren exotikotasunaren marka bat topatu izan bagenu bezala entzuten dugu txalaparta. Geure burua arrotz bihurtu arte”, zioen berriki Xabier Erkiziak Artze anaiek 1975ean Milanon grabaturiko Txalaparta ’75 iraila diskoa komentatzerakoan. Zer ari zen egosten garai haietan han eta hemen, eta zer geratzen den esperimentu haietatik pentsatzen jarrita, orduantxe eta leku berean grabaturiko pieza bat etorri zait burura: Area taldearen Maledetti bosgarren diskoan hirugarren agertzen den “Gerontocrazia” izenekoa.

Ahots hutsez abiatzen den kantuan, berehala sartzen da Artze anaien txalaparta, saxoarekin batera. Grezieraz ari da Demetrio Stratos, bere ama-hizkuntzan, eta sehaska kanta bat da abesten duena: “Loa, haurrak eramaten dituzun hori,/ eraman hau ere./ Txiki-txikia eskaintzen dizut,/ itzul iezadazu handi./ Mendi baten tamainakoa,/ altzifrea bezain lerden;/ Ekialdetik Mendebalderaino / haren adarrak zabaltzeko gai / izango dena”. Diskoan bertan agertzen da eskuz idatzia:

Stratos

Stratos, disko hau argitaratu eta hiru urtera zendu zen, 34 urterekin, baina utzi zuen arrastoa ez zen nolanahikoa izan. Area taldearekin ezagun egin bazen ere, taldea utzi eta ikerketa akustikoetan murgildu zen azken urteetan. Aparteko dohainen jabe izanda, ahotsaren potentziala erabat zikiratua eta mugatua geratzen denaz jabetu zen. Jaio berrien ahal akustikoak hizkuntzaren eta kantu “ederren” formetara nola mugatzen diren ohartuz, ahotsaren potentzia askatasun psikologikoaren eta politikoaren ardatz bilakatzen saiatu zen, bulkada hura heriotzak moztu zuen arte.

Txalapartak exotismoaren hobi hutsala betetzeko balio izan badu ere, 70eko hamarkadan azaleratu zen ildoa oso bizirik berragertu da mende berrian euskal musikari esperimentalen artean. Atzo bertan grabatua balego bezala entzuten dugu “Gerontocrazia” piezaren sehaska kantua.

ETIKETAK:AreaArtze anaiakDemetrio StratosXabier Erkizia