Ondarea

badok

2017.10.31

badok

‘Eta tira eta tunba’ (Joseba Tapia, 2010)

eta tira eta tunba

Hasieran behintzat ez dirudi, gaur egun, bigarren gerra karlistako bertsoak gogora ekartzea oso erreklamo ona denik disko baterako. Adituen berreskurapen historiografikotik harantzago joan nahi duen disko baterako, bederen. Bejondeiola Joseba Tapiari hartu duen ausardiagatik eta Agur Intxorta maite bikainarekin hasitako bideari jarraipena emateagatik. Orduan Espainiako Gerraren alde bakarreko bertsoekin osatu zuen diskoa; oraingo honetan, bi aldeen bertso bilduma egin du.

Baditu Intxortakoarekin antzekotasun ugari, hala nola bertsoen zein doinuen aukeraketa zaindua. Guztiok lanari aitortuko diogun dokumentu historiko kutsuari balioa eransten dio. Agerian dago ere Tapiak gertakarien irakurketa pertsonala eginez topikoetatik ihes egiteko duen gaitasuna. Errazkerietan ez erortzeko trebezia, zentzu musikal bikaina eta herri kulturaren ondarea berrirakurtzeko gaitasuna ere aipa daitezke. Horrek guztiak disko aipagarri bihurtuko luke Eta tira eta tunba, baina bada gehiago.

Intxortakoan soiltasun musikala zena —ahotsa eta trikia ziren protagonista kasik bakarrak— banda oso baten konpainia bihurtu da. Saxofoiak, tronpeta, tronboia eta tubak dira nagusi. Ageriko, eta hain ageriko ez diren, moldaketek bideratutako oreka askotan delikatuan jardun dute musikariek. Haiekin jazpana, eta noski, heldutasunez eta intentzioz betetako Tapiaren ahotsa. Trikitia hortxe dago agertu eta ezkutatuz, dagokion unean presente, besterik ez. Musikalki, Intxortakoan gudariak lubakietan kantari irudikatzen genituen bezala, Donostiako liberalak beren klubeko dantzaldi batean irudikatzen ditugu. Eta horrek ez du zerikusirik teknologiarekin, giro musikal ezberdinak jorratzeko gaitasunarekin baizik, eta horretan maisua dugu Joseba Tapia.

Tapiak berak konposatutako doinuetan nabaria da egilearen heldutasuna, “Apaizak tiraka pin pon”, “Karlos etorri da-ta ikustera guaz” eta “Hilak falta ditugu, ni nago elbarri” dramatikoa aipatuko nituzke bereziki. Egileak menderatzen duen herri dantza musikaren eta azken urteetan erakutsi duen bide «pertsonalagoaren» (Apoaren edertasunaQuébec..) arteko erdibidean kokatzeko moduko doinuak topatuko ditu entzuleak diskoan.

Osagai horiekin guztiekin berreskuratze historiko soila izan zitekeena gaurkotasunez betetako disko erakargarri bihurtu du Tapiak, eta horretarako ez du bertsoen egitura ezta haien edukia traditu behar izan. Karlisten gerra garaiko bertso horiek horrela entzunda ohartzen gara, ziurrenik, bertako ahots guztiak alde bakarrekoak direla: euskal herritarrena.

Testua: Andoni Tolosa (Berria egunkarian, 2010eko urriaren 21ean)

ETIKETAK:Disko KritikakDiskoakHemerotekaJoseba Tapia