BADOK BLOGA

Itsaso Gutierrez

2014.06.18

Itsaso Gutierrez

Oholtza boskoteak hartzean…

Willis Drummond. Euskal Herriko txoko handi eta txikienetan aritua. Elgoibarren deskubritu nituen, duela urte batzuk. Eta ikusi, entzun eta ezagutu gabe ere barruak aztoratzen dizkizun talde horietakoa iruditu zitzaidan. Jarrera trinkoa, eta tinkoa. Akorde bakoitzak indarrez hartzen zuen espazioa. Eta taldean taldekideen arteko konplizitateak, irriak, begiradak, buru-astintzeak… Rafaren punteoak Jurgiren gitarra erritmikoetatik ihesean; eta Xan, baxuan. Pasioz eta indarrez egiten zuen orro, ikusleekin oholtzaz beste bat egin nahian. Ezagun eta ezezagunen begiradetan pausatuz. Eta Felix, baterian. Taldearen erroa eramanez. Erritmoaz, ekarri eta eraman egiten gaitu, aldetik aldera, kantaren bidean. Eta deigarria egin zitzaidan jotzerakoan duen jarrera. Zuzena eta pausatua. Indarra eta sosegua. Eta biziki barrutik kolpe bakoitzean sentitzen ari dela adierazten dizun horietakoa. Eta Jurgi, ahotsarekin jolasean. Tonu grabeen goxotasunetik haserrearen oihuetara abesten (abestuz), adierazten (adieraziz). Ekialdeko euskararen goxoa eta amorrazioa, barruak kolpatzen dituzten hizkiez lagundurik. Gitarra asaldatzean, pua-kontrapua bakoitzaren sentimenean ihesi. Oin puntetan, airean, lurretik harago dagoen emozioetan hegan. Oholtzatik mundura jotzearen magiara ihesean. Eta biribila iruditu zitzaidan taldea, proposamena, eskaintza. Diskoa erosi nuen. Eta zaletu azaletik erraietaraino. Triste, haserre, alai egonda ere, bidelagun izan nuen euren musika denbora luzez. Hautatua. Lagunartera proposatua. Zabaldua.

Willis Drummond (Jon Iraundegi)

Joseba B. Lenoir, Xan Bidegain, Jurgi Ekiza eta Rafa Rodrigo. (Jon Iraundegi)

Duela gutxi, taldean beste lagun bat sartuko zutela jakin genuen, Joseba B. Lenoir. Beste gitarra bat. Jakin-minez hurbildu nintzen Bonberenean eskaini zuten zuzenekora. Willisen kontzertu baten beharra nuen, hainbestetan bezala, dantzatzeko, askatzeko, oihukatzeko… barruak eta larruak astintzeko!

Joseba musikari aparta dugu, gitarra-jotzaile bikaina. Gitarrari marruak, orroak, negarrak ateratzeko gai den horietakoa. Gitarra jotzeak dituen zailtasunak ahaztera behartzen zaituenetakoa. Hatz pribilegiatuez, notekin jolasean eta eskalen gorabeheran pasioz punteatzen duena. Musika eskaintza biribila, indartsua, ozena, zuzena. Josebaren zertzeladekin ziur aski, musikan aberatsagoa, osoagoa. Baina, faltan sentitu nituen, itzalean gelditu ziren (eta taldean ezinbestekoak nituen) konplizitateak, begiradak. Desagertua sentitu nuen Felix bateriaren presentzia, ikuslearen etengabeko arreta hartzen zuen Xan baxu-jotzailearen indarra, Jurgiren gitarra-jotzaile jarrera, Rafaren gitarra astintzeak eta punteoak. Oholtzan beste gorputz bat gehiago, gorputz jarrera berri bat dagoenean guztiongan eragin zuzena du. Musikariengan, ikusleongan. Jarrerak aldatu, birmoldatu eta egokitu behar izaten dira. Ikusleak arreta dosifikatu behar du. Banatu, eta sakabanatu. Ondorioz, irabazten den informazio berriarekin ohikoa den ugari galtzen da. Balantza zaila, ostera, hautuan. Musikaren kalitatean gora egitea, ala ohiko komunikazio-ereduetan sakontzea egokien? Apustu arriskatua. Aurrez lan handia eskatuko zuena. Erabakiak dakar ondorioa. Taldeak txukun egiten du egiten duena, boskote izanda ere. Aldaketetara ohitzeko denbora behar izaten dugu batzuk, batzuetan. Zaleak, zaletzen jarraituko dugu. Ona den taldeak, ondo egiten baitu berea.

ETIKETAK:BonbereneaJoseba B. LenoirWillis DrummondZuzenekoak