BADOK BLOGA

Zuriñe Hidalgo

2015.03.23

Zuriñe Hidalgo

Noiztik datorkigu zaletasuna eta dohaina?

Elkarrizketa askotan egiten didaten galdera izaten da hau: noiztik datorkizu abesteko zaletasuna eta dohaina?

Egia esan, ez dut gogoan noiztik gustatzen zaidan kantatzea, txikitatik oharkabean eta plazer hutsagatik egin dudalako. Duela gutxi arte, galdera honen erantzuna, ziurra ez bazen ere, halako zerbait izaten zen: “nahiz eta sei urterekin herriko musika eskolan lengoai musikala eta txistuko klaseak ematen hasi, aurreraxeago konturatu nintzen benetan gogoko nuena abestea zela, eta nire ustez, honen kontzientzia 11 bat urterekin hartu nuen, mikroa hartu eta oholtzara igo nintzen lehenengo aldian, hain zuzen ere”.

Gogoan dut txikitatik amonak abesten zidala, eta nik kantu horiek guztiak erraztasun handiz ikasi eta berarekin poz-pozik abesten nituela. Gustora egiten nuen, beste hainbat umek egiten duten bezala. Gogoan dut nire logelan, dutxan… beti bakarrik nengoenean, orduak eta orduak ematen nituela kantatzen, besterik gabe, modu inkontziente batean, gustoko nuelako, barrenetik ateratzen zitzaidalako. Musika eskolako lengoai musikaleko klaseak, ordea, ez nituen gogoko, hori bai ongi gogoratzen dudala. Txistua, ordea, gustora jotzen nuen, baina hala ere, ez nintzen guztiz ase sentitzen.

Gezurra dirudien arren, mikrofonoa hartu eta oholtza gainera igo nintzen lehenengo aldian, zerbait ezberdina sentitu nuen eta lehenengo buruhausteak hasi ziren. Eskolako beste ikasle batzuen artean, ni aukeratu ninduten abesteko (“Hara! Eta hori? Nola da posible? Ni aukeratu naute…benetan?? Asko gustatzen zait kantatzea, bai, baina nik ez dut hain ongi egiten!”). Abesten ari nintzen, beste hainbatetan bezala, baina kasu honetan, ezberdina zen, publikoa zegoen (“Ai ama”! Ni beti hain lotsatia eta jende honen guztiaren aurrean abestea ez zait axola! Gustora nago! Ze arraro… ze, ze… ze gozada!”). Momentu horretan ez nintzen modu oharkabean egiten ari, baizik eta modu oso kontziente batean, besteei abestuz, ahalik eta hoberen egiten saiatuz. Ondoren, zorion mezu asko jaso nituen (“Benetan ongi egin dut? Ez… ziria sartzen ari zaizkit, edota ni pozik jartzeko esaten didate. Edo…agian… agian egia esaten ari dira eta abesteko gaitasuna daukat! Mmmm… eztakit nik…”). Ziurtasun falta beti presente garai horietan, baina lehenengo esperientzia horrek zerbait piztu zidan barrenean. Lehen pausua izan zen.

Duela hilabete gutxi batzuk arte, hau guztia neukan gogoan, eta beraz, abesteko zaletasun eta dohainaren galderari erantzunez, pentsamendu eta oroitzapen hauei heltzen nien. 11 urterekin bizitako esperientzia horretatik aurrera hasi nintzela lehenengo pausoak ematen, bidea egiten, ahotsa lantzen, nire buruarengan konfiantza hartzen… egun hori, bizipen hori, hasiera bat suposatu zuela. Baina duela gutxi, aspaldiko gauzak txukuntzen ari nintzela, zoratu ninduen zerbaitekin topo egin nuen, eta bat-batean, oroitzapen pila bat etorri zitzaizkidan burura.

Bost urte nituela, gurasoek mikrofono bat zuen kasete bat oparitu zidaten. Oso sinplea zen, haurrentzako egina zegoelako. Bi botoi soilik zituen, bat grabatzeko eta bestea grabaketa gelditzeko. Grabaketa hauek guztiak bere garaiko zintetan grabatzen ziren. Txukunketa lanetan ari nintzela, ez nuen kasetea topatu, bai ordea, zinta pare bat. Aspaldiko objektu guztien artean, hortxe zeuden, duela 20 urtetako grabazio pila bat, nire amak bere garaian errotulagailuz idatzitako “Zuri 5/6 años” izenburupean.

Hauek hartu, eta arratsalde batekin ez zen nahikoa izan hauek guztiak entzuteko, baina benetan, orduak eta orduak hauek entzuten eman ostean eta milaka barreren ostean, flipatuta gelditu nintzela. Ez nekien bost urterekin, halakoak grabatzen nituenik. Ez nekien, bost urterekin, halakoak egiteko gai nintzenik eta zeinen gustora ari nintzen ni bakarrik! Eskolan ikasitako kantak, amonak erakutsitakoak… guztiak goitik behera kantatu eta zuzen entonatuz, eta hauetaz gain, nik asmatutako kantuak, bere melodia eta guzti (entzutekoak… jaja!). Horrek txundituta utzi ninduen, oso, baina benetan harritu ninduena izan zen, abesteaz gain, “aurkezle lanetan” agertzen nintzela! Neure buruarekin benetan flipatzen ari nintzen, hau bai izan zela barre eztanda egiteko momentua! Benetan gozatzen ari nintzela ohartu nintzen.

Grabaketa hauek guztiak entzuten nituen bitartean, argi ikusi nuen. Bost urterekin besterik ez, nire saltsan ari nintzela agerikoa zen. Abesten, aurkezten… gozatzen nuen, benetan atsegin nuen! Eta nola ez, egoera hau oso bitxia egin zitzaidan, izan ere, hogei urte igaro dira dagoeneko, eta gaur egun, bi horietan jarduten naiz. Batetik, musika talde bateko abeslari eta kantagile gisa, eta bestetik, gaur egun nire ogibidea den saio bateko aurkezle/antzelea izanik. Kuriosoa, baina errealitatea, eta honek guztiak hurrengo lerroetan idatziko dudana pentsatzera eraman ninduen:

Badirudi zaletasuna eta dohaina (edozein delarik) zainetan daramagula, gure gorputz osoa zeharkatzen duela, gau eta egun, txiki-txikitatik, horren kontzientzia ez dugun momentutik ere. Beti hor dagoela, eta modu batean edo bestean, zoriontsu izateko, maite dugun hori egitera kondenatuta gaudela, jaiotzez barrenean daramagulako, eta bizitza osoan zehar, horren atzetik ibiliko garelako, ametsa errealitate bihurtuz, ase izan arte.

Beraz, barruan duzun hori ez utzi geldirik!!!