BADOK BLOGA

Itsaso Gutierrez

2014.08.22

Itsaso Gutierrez

Neu naiz nagusia!

Duela ez asko, taberna baten barran hautsa harturik zegoen aldizkari batean, Sinéad O’Connor musikariaren azken lanaren berri izan nuen. Laugarren orrialdean topatu nuen musikaria orri osoko argazki batean. Kazetariak –ez dut gogoan haren izena— izenburuan hala aurkeztu zuen. Sinéad O’Connor con pelo largo, una imagen que no acostumbramos a ver. Lehen lerroan, hortaz, epai estetikoa. Begiak, ezustean, irudian eta irudiak zekartzan detaile ñimiño guztietan trinkotu nituen. Bere ilean, keinuetan, janzkeran, makilatuta egoteak ere harritu ninduela oroitzen dut… baina arrapaladan, zertan ari nintzen oharturik, alboko albistera jo nuen, hizki txikitan adierazitako horretara, bigarren lerroan aipaturiko horietara. Nos presenta su nuevo disco con un título desafiador. “Yo no soy mandona, soy la jefa”. Eta jarraian, esaldi korapilatu mordoa, bere ibilbide musikal luze eta aberatsaren berri emanez. Besteak beste, O’Connorrekin han eta hemen aritutako ospe handiko gizon musikarien zerrenda goraipatzen zuen, halaxe, Sinéad O’Connorren lanak balio handiagoa hartuko duelakoan-edo.

Urte hauetan guztietan izan dudan kezka baten ispilua atzeman nuen diskoaren lelo horretan. Kantuak egin izan ditut nik, kantuen letrak idatzi, taldea hemendik eta handik promozionatu, hedatu, ezagutarazi, kudeaketa-lanak, kartelak egin, kontzertuak lotu, rider-ak bidali, dirua inbertitu, diskoa autoekoiztu… Zeregin horiek guztiak nire gain hartu izan ditut, eta hala ere, zail egin zait lider papera onartzea. Eta beste taldekideekin partekatzen nituen lanaren onurak (ekonomikoki zein mediatikoki taldearen sena apainduz), taldekoak taldekideago senti zitezen, erabakitzeko eskubide bera izan zezaten, parte-hartze horretan sinestu nahi nuelako, guztien ongizateari so egiten ezkutatzen nituen nire beharrak, nire lanaren errekonozimendua. Eskubideak taldekide guztiontzat berak izanik ardura gehienak nire gain zeudenean. Ikasi nuen, azkenik, kostata, beldur eta kezka askori aurre eginik, neurea defendatzeko bidea, neuk sortu behar nuela. Nahi bezala, eta urte askoren gorabeheran nire musika kaleratzeko grina horretan, taldekideen arteko rolak adostu, egokitu, hitz egin eta onartzea zela onena. Ardurak eta eskubideak balantza berean koka zitezen. Eta buruhauste horiek guztiak ulertu nituen Sinéad O’Connorren lelo horretan. Dirudienez, emakumeoi zail egiten zaigu harrotasunez esatea eta aldarrikatzea, burua edo nagusia neu naiz. Itzaletik ateratzeko lehen urratsa ez al da gure jarrera berrezitzea?