2017.01.20
Lagun arteko kontu bat. Hori azpimarratzea garrantzitsua zaio Xano Halzueti. Lagun arteko kontu horrek esplikatzen du zergatik berriz hartu duen oholtza gainera doan bidea, luzaz ukatu ondoren. XanOlive taldearekin Oiartzunen (Gipuzkoa) ariko da larunbatean, 22:00etan, Pagoa aretoan.
Martxotik aurkitua du berriz zuzenekoaren plazera Halzuetek. Ordu arte, musika munduan murgildua gelditu da erabat, baina bere estudioan, Urruñan (Lapurdi) duen Denen Edena izenekoan. Afizio eta ofizioa ditu musika eta grabaketak. Artista andana bat heldu zaio bertara grabaketa eske. Baina bere hari pertsonalari dagokionez, diskoz disko —bost orotara—, intimitatea izan du hautua. Kantu guztiak berak pentsatuak, idatziak, musikatuak eta grabatuak ditu.
Sortzeko prozesuan izan du interesa. «Bideak xerkatzea». Bera bakarrik, askatasuna erabatekoa izateko, interferentziarik gabe nolabait. «Margolari bat bezala» aritzea duela gustuko. Ez dela ongi gelditzen? «Ezabatu, eta berriz hasi». Behin lana bururatu eta entzungai jarri izan du. Baina intimitate batean ondua, ondotik, entzuleak bere intimitatean entzutea, hori izan du gomita. Zuzeneko konfrontaziorik gabe. Gainera, musika elektronikoa egiten duela, ez zuen bere burua ordenagailu baten aitzinean bakarrik ikusten taula gainean.
Bizkitartean, beste artistak gurutzatzearekin, noiztenka zuzenekoetan lagunduz, baina kolaboratzaile soil, bada, azkenean, kolaborazioen bidez etorri zaio berriz ere zuzenekoaren gustua. «Zergatik ez guk» pentsatzen hasi da Halzuet.
«Guk», hortaz. Gu horren barnean Emc Apaizgoa du. Emmanuel Clerc, Basque Electronic Diaspora kolektiboko kide. Aspaldiko adiskidea. Bakarka osatu bost diskoak ekoiztu dizkiona. Horra, beraz, lehen gu-aren elementua: Clercek bere gain hartu du XanOliven kontzertuen alde elektronikoa, bere sintetizadore eta ordenagailuarekin.
Gu-aren bigarren adiskidea ere ez zuen urrun Halzuetek. Matthieu Haranburu gitarra apal jotzailea. King Mafrundi taldean aritu ziren elkarrekin, eta lehenagotik ere lagun ziren. Halzuetek berak gitarra dakar taula gainera, ahotsaz gain. Zuzenean izatekotan, zuzeneko instrumentuak ezinbestekoak zaizkio Halzueti. Erabateko intimitate askea galtzekotan, trukaketa baten ordainez izan dadila, «har-eman bat» hark honela azaltzen duena: «Nahiz eta nire kantuak izan, beren estiloa sartzen dute, eta hori ere biziki interesgarria da». Emaitza, XanOlive. Xano, Live (zuzenean) eta Olive (oliba) hitzen arteko hitz joko bat. Halzuetek umorea ez duela behin ere urrun erakusteko begi keinu bat.
Eskaintzen dutena «elektro pop euskaldun esperimentala» dela diote. Pop, «kantuak direlako», eta esperimentala, kantuak ez direlako irratiko formatukoak. «Luzeagoak dira. Ez dira leunak», abisatu du Halzuetek, eta «disonantzia batzuk» dituztela gehitu.
Mami aldetik, bere bost diskoetan grabatu kantuetan ukan dute nondik hauta. Dela Planeta bi, la nature n’est pas humaine, Xano, Xanormal, Collection été-hiver 2026 eta Euskalduna. Zortzi urteko uzta.
Borroka intimoa
Diskotik diskora ehundu hari bat nabarmentzekotan, euskal eta frantses kulturen arteko bikoiztasunaren gaia dago. Jadanik gogoeta horrekin zebilen 2009an, Planeta bi aurkezterakoan: «Alde batetik, nahi dut euskalduna izan, euskaraz bizi. Baina sortzez frantses aldea ere badut. Ezin dut bizi bakarrik molde batean, bestea gabe. Horretaz konturatu naiz. Eta hori adierazten entseatu naiz. Borroka intimo hori».
Zortzi urte geroago, gogoeta horrek segitu du. Azken lanean, Euskalduna diskoan, Arnaud Oihenart idazlearen (1592-1667) erran zaharretatik abiaturik moldatu duenean bere «euskaldun aldea sakontzeko» balio izan dio.
Arte horretan frantsesez kantatzeko beldurrak ere joan zaizkio. Nahiz eta, mementoko, XanOlive taldearekin kantu guztiak euskaraz izan. Lagunekin eta publikoarekin partekatuz, gero eta gehiago aipatuz, korapiloa askatuz doala aitortu du Halzuetek: «Sendatu naiz!». Aipatu arau, musikatu arau, «onartzen dut biak ditudala eta horrekin egin behar dudala».
Eta ez dagoela bakarrik horretan, hori baieztatu ahal izan du zuzenekoen bidez artistak. Hasiz bere lagun musikarietatik, eta baita entzuleen harreran ere: «Identifikatzen dira horretan ere. Ez dela beti erraza bi mundu horietan bizitzea». Paradoxikoki, orain, ez du baitezpada gaia aipatzeko gogorik. Orain arte zuzenekoak “Hurbiltzeko urrundu” kantuarekin hasten zituzten, adibidez, bikoiztasun horren erreferentzia argiarekin, baina orain ez du kantu horren emateko gogorik. Eta gogoa segitzea, hori bada Halzueten beste ezaugarri bat ere. Izatekotan, forma aldetik suma daiteke halako egoera korapilotsu baten sentimendua, emeki-emeki lasaituz joaten dena.
Orain lehen kantua, “Geldialdian” du. Kontzertua «indar» handiagoarekin abiatzeko baliatzen du kantua. «Kaos» egoera bat irudikatuz. Gero, “Haizegoa” kantuarekin tripako min horiek, galdera eta kezka horiek, «ehizatzen» ditu. Kantuz kantu istorio bat kontatzea, hori ere inportanta zaio Halzueti. Korapiloa askatuz joanen da. Goxatuko da musika, reggae bihurtuz. «Dantzan aritzeko bidea hartuz». Reggaea bere musika kuttunetakoa du Halzuetek. Hari horri tiraka, ororen buru, mundu bat, «giro bat» sortzea du xede artistak.