Musika

Zuhaitzen arteko animalia

“Zuhaitzaren irudiarekin asko flipatzen dut; oso liluragarria iruditzen zait estetikoki eta izaki gisa”. Hortik Xabi San Sebastianen (Donostia, 1967) azken diskoaren izenburua: Zuhaitzak ez du beldurrik. Batzuetan zuhaitzen artean jartzen da musikaria, eta hori da burura datorkion lehena, haiek beldurrik ez dutela. “Dauden lekuan daudela ere, sustraiak errotzen dituzte lurrean, eta gora egiten dute; irudi ederra iruditzen zait”.

Xabi San Sebastian (Gorka Rubio / Argazki Press)

Xabi San Sebastianek laugarren diskoa argitaratu du. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Izan ere, naturaz inguratuta ondu ditu diskoa osatzen duten hamar abestiak San Sebastianek. «Egunez, naturaz inguratutako bizitzari begira, eta, gauez, barruko mamuei begira. Hiriko eta buruko gauzak handik nola ikusten diren begira, era berean». Hernani (Gipuzkoa) inguruko mendialdean bilatzen du natura babesleku hori musikariak. Donostiatik atera, eta distantzia pixka batera «izugarrizko txokoak» daudela esan du, galduta egoteko eta munduaz modu libreago batean gogoetatzeko. «Zuhaitzen artean konturatzen zara animaliak garela».

Azken hiru urteak eman ditu San Sebastianek diskoa prestatzen, eta aurreko lanetik bost urte igaro dira. «Neketsua egin zait prozesua; agian, leku ausartago batera ateratzea gehiago kostatu zait, eta bestelako trabak ere izan ditut, baina nik jarritakoak».

Argitaratzeko datak «lurrarekin» zerikusia izan behar zuela aspalditik zuen erabakia San Sebastianek. Hala, ez du edozein egunetan aurkeztu diskoa: irailaren 21ean plazaratu zuen, udazkeneko ekinokzioan. Alegia, egunak eta gauak iraupen bera duten egunean. Halakoxea baita diskoa ere, musikariaren hitzetan, «argiak eta itzalak neurri berean» jaso dituena, bien arteko oreka baten bila. Argia arrazoiarekin lotu du musikariak, eta itzala, aldiz, erotasunarekin. «Ez eromenarekin», bota du ñabardura.

Laboa, bere erara
Ahotsarekin esperimentatzera —oihuak, isiltasunak…— ausartu da San Sebastian azken lanean. «Mikel Laboak jorratutako bideetan barna sartu naiz, nire erara». Esperimentazio akustikoa eta «psikikoa» ere aipatu ditu, arrazoiaren bideetatik atera eta «subkontzientetik edo alde ilunetik» datozen bulkadei leku egiteko. «Bota egin naiz disko honetan. Lotsa ematen du gure irudi estatikotik ateratzeak, baina uste dut hori behar nuela».

Beste hiru disko ditu kalean musikari donostiarrak —Orai (No-Cd rekords, 2004), Ospela (Elkar, 2009) eta Erraiak (Elkar, 2012)—, baina hau du lehen autoekoizpena. «Egiteko nuen zerbait zen», azaldu du. Prozesu guztia bizi izan du, eta, lan horrek nekea eta buruhausteak eman badizkio ere, «babestuta ez sentitzea» gustatu zaiola aitortu du, «ikusteko benetan zer den disko bat egitea».

“Bota egin naiz disko honetan. Lotsa ematen du gure irudi estatikotik ateratzeak, baina uste dut hori behar nuela”

Ahotsak eta oinarri akustikoek osatzen dute diskoko «kantuen erroa». Forma aldetik, baina, folka, rock-and-rolla eta psikodelia nahasi ditu, besteak beste. «Aurreko diskoa [Erraiak] rock diskoa zen, baina honetan ez dut hainbeste pentsatu estilo musikalean. Agian, antz handiagoa dauka bigarren diskoarekin, Ospela-rekin». Oro har, Zuhaitzak ez du beldurrik beste denak baino «askeagoa» dela uste du.

Belarri zigiluarekin kaleratu du lana, Matthieu Haranburu taldeko baxu jotzailearen diskoetxearen markarekin —hark egin ditu diskoko nahasketak—. Eta grabatu, Berriozarko Drum Groove Studion (Nafarroa) eta Hernaniko Xaturrenea estudioetan grabatu dituzte kantuak.

Lau lagunek parte hartu dute diskoan: Josu Erbiti baterian —«azken fitxaketa»—, Matthieu Haranburu baxuan —urteak daramatza San Sebastianekin—, Satxa Soriazu teklatuan —Ospela diskotik da taldekide— eta San Sebastian bera, gitarran eta ahotsean. Hitzen atzean, badira beste bi izen: Angel Errok idatzi du Itsaso gureak” kantua, eta Joxean Artzeren hitzak daramatza Ikusezina” izenekoak. «Gainontzekoak barrutik ateratakoak dira».

Zuzenekoetan askotariko moldeetan jarduteko asmoa du donostiarrak: bakarkakoan, taldean, baita bi edo hiruko formatuan ere. Diskoa aurkezteko emango dituen lehen kontzertuen berri ere eman du —irailean jada Iruñeko Katakraken eta Luhuson (Lapurdi) izan zen, eta joan den astean, Baionako Kalostrapen—: urriaren 13an, Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenean; urriaren 19an, Hernaniko (Gipuzkoa) Biteri kultur etxean; eta jakinarazi duen azkena, oraingoz, azaroaren 5ean, Bilboko Biba aretoan.

ETIKETAK:Angel ErroJosu ErbitiJoxean ArtzeMatthieu HaranburuMikel LaboaSatxa SoriazuXabi San Sebastian