2016.11.04
Harro. Hitz bakar horretara errenditu dute Zea Mays taldeko kideek hogei urteko ibilbidea betetzear daudenean sentitzen duten guztia. Horregatik jarri diote izenburu hori beren zortzigarren diskoari: Harro (Garden Records). Harrotasuna sentitzen dute atzera begiratu eta egindakoari begiratzean, eta harrotasun hori dute etorriko zaienari aurre egiteko helduleku ere. «Guretzat, garrantzi handia dute diskoen izenburuek, eta asko pentsatzen ditugu», azaldu du Iñaki Imaz Piti taldeko gitarra jotzaileak. «Kanpaina lelo moduko bat da, diskoaren birak iraungo duen hiru urteetarako motor edo lelo bat eskaini behar du». Eta oraingoan, beraz, argia da mezua: harrotasuna da taldearen leloa. Bultzada horrek sortu ditu diskoko hamabost kanta berriak.
Aurreko diskoan egin zuten aurrenekoz proba, eta errepikatu egin dute oraingoan. Dave M. Allen ekoizle ezagunaren laguntzaz osatu zituzten Da diskoko kantak orain hiru urte, eta harengana jo dute oraingoan ere. Allen izan dute, berriz ere, ekoizle eta nahasketetan, Urdulizko Tio Pete estudioan (Bizkaia) grabatu dituzte kantak berriz; ohi bezala, Jose Lastra izan dute soinu teknikari, eta Londresko Metropolis estudioan masterizatu dute diskoa orain ere Andy Hippy Baldwin teknikariarekin. Dena berdin-berdin, eta dena ezberdin, halere. «Gauza berri pila dauzka diskoak», azaldu du Aiora Renteria abeslariak.
Pitik eman ditu berritasun horien zehaztapenak: «Gu beti izan gara Leñorenak: bateria, baxua, gitarra eta ahotsa. Eta beti lagunei eskatu diegu programazioekin eta teknologiarekin laguntzeko; baina, oraingoan, guk geuk sortutako programazio eta sintetizadore gainean jolastuz sortu ditugu diskoko kanta erdiak-edo. Eta, horri esker, freskotasuna mantentzea lortu dugu». Horrez gainera, kantak ohi baino laburrago atera zaizkiela ere zehaztu du gitarra jotzaileak. «Zuzenagoak dira abestiak, eta, horregatik, hamabost kanta dituen arren, gure azken garaietako diskorik laburrena izango da hau, 53 minutu ingururekin».
“Zuzenagoak dira abestiak, eta, horregatik, hamabost kanta dituen arren, gure azken garaietako diskorik laburrena izango da hau, 53 minutu ingururekin”
Klabea dira berritasun horiek taldeak iraun dezan, Pitik dioenez. «Monotoniarekin apurtu eta emaitza ezberdinak lortzeko beti saiatu behar da gauza berriekin probak egiten, eta, nik uste dut asmatu egin dugula horrekin». Aurrez ere sartuak zituzten elementu elektronikoak abestietan, baina oraingoan ildo hori «egonkortu» egin dela azaldu du gitarra jotzaileak. Zea Maysen kasuan ohikoa denez, halere, era guztietako kantak bildu nahi izan dituzte. «Dantza egiteko dira batzuk, rockeroak beste batzuk, pop hutsa diren batzuk ere badaude, eta gitarra eta ahotsarekin bakarrik sortutako “Zu” abestiak ixten du diskoa. Hauxe da Zea Mays 2016an dena».
Garden Records zigilua
Hiru kolaborazio ere izan dituzte oraingoan. Love Of Lesbian taldeko Santi Balmes abeslariak, esaterako, ahotsak sartu ditu “Orain” abestian. Txufo Wilsonek ere programazioekin lagundu ditu, eta bereziki garrantzitsua izan da Doctor Deseo taldeko Raul Lomas teklatu jotzailearen presentzia ere. Printzipioz, kanta bakar baterako sintetizadoreak grabatzeko asmoz azaldu zen estudiora Lomas, baina, azkenean, bi egun eman zituen han. «Ia kanta guztietan sartu du zerbait; esplotatu egin dugu!», azaldu du barrez Renteriak.
Urteak daramatza taldeak autoekoizpenean, eta, oraingoan ere, haiek kontrolatuko dute banaketa eta ekoizpena. Garden Records zigilua sortu dute, halere, horretarako. Zehaztu dutenez, taldearen diskoak kaleratzeko soilik sortu dute zigilua, eta taldekideak izango dira haren arduradunak. Haiek jarraituko dute beren lana banatzen eta sustatzen, beraz.
Aurreko diskoekin hainbat banaketa bide frogatu dituzte Zea Maysekoek; Era diskoa, esaterako, kontzertuetan bakarrik jarri zuten salgai. Oraingoan, ordea, eskura dituzten bide guztiak landu nahi izan izan dituzte. Horregatik, aldi berean jarri dute salgai diskoa digitalean eta analogikoan beren Bandcamp orrian zein disko dendetan. Eta, horrez gainera, Durangoko Azokan erakusmahaia ere jarriko dute, eta kontzertuetan ere salduko dute diskoa.
«Sorpresa pilo bat izango dugu». 2017a urte berezia izango dela ere aurreratu du Renteriak. 20. urteurrena izango du datorren urtekoa taldeak, eta ospatu egingo dutela esan dute. «Urte berezia izango da».
KONTZERTUAK