Musika

badok

2020.11.27

badok

Zetak-ek hiru Gaztea sari jaso ditu eta Izarok abesti onenari emandakoa

Gaztea irratiak antolatutako sariak banatu zituzten atzo gauean Donostiako Kursaalen. Euskarazko irrati-formularen 30. urteurrena zela eta, garai bateko ohitura berreskuratzea erabaki zuten haren arduradunek eta gisa honetako ekitaldietan ohikoak diren osagaiak (zuzeneko musika, umorezko esketxak…) izan zituen gala batekin ospatu zuten. Bederatzi sari banatu zituzten eta horietatik hiru Zetak taldeak eraman zituen: konfinamenduan sortutako abesti onena (“Zeinen ederra izango den”), zuzeneko onena eta talde onena. Pello Reparazen proiektua bost ataletan zegoen izendatuta.

Zetak Gaztea saria

Pello Reparaz, Zetak-ek jasotako hiru sariekin.

Izaro kantariak berriz, bi sari eraman zituen: bideoklip onena (Ander Merinok zuzendutako “Invierno a la vista”) eta urteko abesti onena (“Libre”). Bigarren sari hori jasotzeko umea baliatu zuen kantari bizkaitarrak eszenatokitik emakumeen aurkako indarkeriaren egunean Diego Armando Maradona futbol jokalariaren heriotzak sortutako erreakzioen aurrean bere haserrea azaltzeko. “Atzoko eguna oso gogorra eta tristea izan zen. Hemen zaudenetako batzuek dezepzionatu gintuzuen sareetan. Argi ikusi zen jai daukagula futbolari famatu batek bortxatzen edo jotzen bagaitu. Guk jarraituko dugu hemen irmo seinalatzen zuek zuen burua seinalatu arte; zuen usteen kontra eta zuen legeen kontra, gora borroka feminista!”, esan zuen Izarok txalo artean agertokitik desagertu arte.

Izaro Libre

Izarok abesti onenaren saria jaso zuen.

Horren aurretik, Skakeitan taldeak urteko disko onenaren saria jaso zuen Nola galdu denbora lanagatik. Baina gaueko unerik hunkigarriena Iñigo Muguruza zenari ibilbide osoaren saria ematean gertatu zen. Jon Maia bertsolariak Kantu bat gara testua irakurri zuen eta ondoren Muguruzaren alabak igo ziren Kursaaleko oholtzara oroikurra jasotzera, ekitaldira bertaratutako guztiek, zutik jarrita, bi minutuko txaloaldia eskaintzen zieten bitartean.

Berri Txarrak eraman zuen urteko gertakizun/ekimenari emandako saria, iaz Ikusi Arte birari amaiera emateko Navarra Arenan egindako kontzertuengatik —Gorka Urbizuk jaso zuen saria eta datorren urtean estreinatuko den Dardara filmeko irudi batzuk aurkeztu zituen—, eta Sua taldeak artista hasiberriari emandakoa.

Zuzeneko musika Zetak eta Sara Zozayak (“Hegan” abestu zuten elkarrekin galari hasiera emateko), Izarok (“You” abesti elektronikoa eskaini zuen bakarka),  Zea Maysek (“Negua joan da eta”), Olatz Salvador eta Suak (abeslari donostiarraren lan berriaren “Euria” singlea jo zuten) eta En Tol Sarmiento taldeko Iñigo Etxezarretak (“Zurekin batera”) jarri zuten.

ETIKETAK:Berri TxarrakEn Tol SarmientoGazteaGaztea sariakIñigo MuguruzaIzaroSkakeitanSuaZetak