Musika

badok

2020.07.06

badok

UsoPopen lekukoa hartuko du Mapa Galduak jaialdiak

Hamar urtez UsoPop jaialdia antolatzen aritu zen lagun taldeak proiektu berri bat aurkeztu du: Mapa Galduak. UsoPop bezala, Saran (Lapurdi) egingo dute jaialdi berri hau, azaroaren 20tik 22ra bitartean, eta kontzertuez gain elkartze artistikoak ere proposatuko ditu.

Mapa Galduak

Mapa Galduak jaialdi berriaren afixa.

Zehazki, bi proposamen berezi eskainiko ditu Mapa Galduak jaialdiak: Mugarri 25 sorkuntza eta Zeharkako Bideak ibilbidea. Lehenengoak hainbat artistaren egonaldia izango du ardatz. Nahia Zubeldia (Unama, Lumi), Vincent Bestaven (Botibol), Orbel, Paxkal Irigoyen, Peio I. Erramuzpe (Polygorn, Fusible), Gartxot Unsain (Madeleine), Jonas Bonetta (Evening Hymns) eta Aitor Etxebarria izango dira egonaldian parte hartuko dutenak, eta haien arteko harreman artistikoaren emaitza azaroaren 22an ikusi eta entzun ahal izango da.

Zeharkako Bideak ekitaldiak berriz, ibilaldi sekretu bat proposatuko du Sara herrian zehar. Hainbat gune izango dira ibilbidean eta horietako bakoitzean artista bat eta bizipen bat izango dira. Hastapeneko hitzordua gutun bidez jasoko dute ibilaldian parte hartzeko izena ematen dutenek.

Kontzertuei dagokienez, Izaki Gardenak, La Jungle, Amorante, SLIFT eta Cocanha taldeen emanaldiak iragarri dituzte Mapa Galduak jaialdiko antolatzaileek. Hiru egunetarako bonoak dagoeneko salgai daude.

Joanes Garcia Basurko antolakuntza taldeko kidea elkarrizketatu dute Dunbala podcastean eta jaialdiari buruzko xehetasunak eman ditu. Hemen entzun dezakezu.

ETIKETAK:Aitor EtxebarriaAmoranteGartxot UnsainIzaki GardenakMapa GalduakNahai ZubeldiaPaxkal IrigoyenPeio I. ErramuzpeUsopop