2017.04.06
Orain, bakarka arituko da, baina ez estreinakoz: 2014 inguruan hasi zen, Kasernaratekin paraleloan. Hasierako kantuak eta etenaren aurreko berriagoak bildu ditu Atrezzo-n: hamar, guztira. «Bilduma bat da: orain arte egindakoa bildu, eta nire burua aurkezteko modu bat da».
Abesti guztiak bakarkakora bideratzen zituela konturatu zen sortzean, eta jada haiek Kasernaratekin jotzeko elkarrizketarik ez zegoela. Horregatik hartu zuen tarte bat, mugarik jarri gabe denboran: «Azkenean, urtebete izan da; ez daukat hainbesteko pazientzia! [barreak]». Orain badu zalantza hori, oholtzara bueltatuta nola sentituko ote den. Areto txikiak nahiago ditu, bai kontzertuak ikusteko, bai zuzenean aritzeko. «[Ikusleekiko] Distantziak paralizatu egiten nau, eta kontzertua ematen duzu, baina ezer esan gabe; nahiago dut elkarrizketa zuzenagoa izatea».
Diskoaren izen bereko abestia hautatu du Eneritz Furyak-ek single gisa, eta bideoklipa ere egin du, berak zuzenduta. Zuri beltzeko irudietan, oihal zuri batzuk dira nagusi, tinta beltzez zikinduak. Deigarria da, esaterako, nola ateratzen dituen oihal zatiok gitarra baten kaxatik; behin hustuta, haiek utzita, alde egiten du kaxarekin. «Ez da bakarrik musikarekiko kritika bat: ikusi dut antzerki asko dagoela, gaur egun postureoa deitzen zaiona; konturatu nintzen harreman asko ez zirela sanoak edo errealistak».
Hitzak, melodiaren aurretik
Izan ere, zalantza du benetakotasuna existitzen ote den: «Antzerki guztia ez da txarra; agian, antzerkia da bizitza bera, baina momentu horretan ez nuen zentzu on batean ikusten». “Atrezzo” eta “Hamaika izar” abestiak dira musikarekin lotuta daudenak, haren esanetan. «Islatzen dute musikarekin pozik ez nengoen momentu bat; agian, ikusten ari nintzena baino gehiago, nola bizitzen ari nintzen musika orduan».
Pieza guztiek dute gai bat abiapuntu gisa, baina hitzak sortzean, beste gai batzuekin korapilatzen ditu. «Normalean buruan zerbait dudala hasten naiz, eta gero nahasten ditut beste mila gauza: bizitza da, oro har; maitasunetik hasi eta bart nire buruarekin eduki nuen liskar horri buruz idazteraino». Azaldu duenez, egunerokoak eragin handia du abestien hitzetan, baita aspaldi bizitakoen oroitzapenek, «berrinterpretatuta».
Musikari lotu zitzaionetik ez du tarterik hartzen, baina urte batzuk lehenago literaturak erakartzen zuen. «Beti esango dut musika egin baino lehen zerbait egiten banuen idaztea zela. Txikitan, idazten hasi nintzenean, poemak-edo egiten nituen. Eta uste dut islatuta gelditu dela abestietan». Ariketa hori albo batera utzi bazuen ere, melodiari baino garrantzia handiagoa ematen die hitzei, egun ere: «Ahotsari ere garrantzia handiagoa ematen diot, melodiari baino: nire kasuan, laguntza hutsa baino ez da melodia». Ez da «oso gustura» gelditu soinuarekin, baina ez dio ardura, «ikasteko» balio izan baitio.
“Ahotsari garrantzia handiagoa ematen diot, melodiari baino: laguntza hutsa baino ez da melodia”
Sukalde lan ia guztiak berak eginak dira: kantuak ez ezik, webgunea egitea, disko fisikoak prestatzea eta bidaltzea, kontzertuak lotzea eta abar: «Horrela, kontrola nire esku dago: batzuetan, oso ondo dator jendearekin lan egitea, eta, beste batzuetan, zeure buruarekin lan egin nahi duzu, besterik gabe». Dena den, «patxadaz» hartu du: «Graba nezakeen diskoa astebetean, baina denbora pilo bat hartu dut, egun batean akorde bat eta hurrengoan hamabost grabatuz».
Zenbait abestitan laguntzaileak izan ditu: Unai Pelayo Pelax, Ander Etxaniz eta Mono. Kontzertuak, dena den, bakarka emateko asmoa du. «Ziurrenik, gitarra akustikoarekin bakarrik joango naiz; agian, elektrikoarekin ere bai, baina, edonola ere, biok soilik izango gara». Zerbait sinplea izango dela dio, oraingoz; ez du aurreikusi kantuok talde handiago batean jotzea.
Argitaratu ez dituen kantu batzuk ere baditu, «berriagoak». Hurrengo urterako prest eduki nahi lituzke: Atrezzo ez da «bereziki luzea», eta antzeko zerbait egin dezakeela dio. «Ez nuke nahi grabatzen ditudanerako herdoilduta egotea: batzuetan gertatzen da entzulearentzat berriak diren abestiak musikariak jada ez dituela entzun ere egin nahi».