Musika

badok

2016.05.20

badok

Toriik Ipar Orratza diskoetxe berriarekin atera du diskoa

Aitzineko lanak Stefan Kriegerren Amanita Records estudioetan grabatu zituen Toriik. Aldi honetan Tolosako Bonberenera joan da, Karlos Osinaga  Txap musikari eta soinu teknikariarengana, grabaketa lanen egiteko. Joan den urrian, aste batez egon zen taldea han. Bi gitarra (Nat Cazarre eta Txomin Etxebertze), baxu bat (Pat Gline), bateria bat (Cedric Lepine) eta kantaria (Beñat Bizkai) biltzen ditu Toriik. Zimur sendoak sei kantuko disko berria plazaratu du egun, horrekin abiatua den Ipar Orratza diskoetxe berriaren lehena. Jurgi Ekizak (Ekiza, Willis Drummond) ukan zuen diskoetxe baten sortzeko ideia Ipar Euskal Herrian Cedric Lepinekin, eta Toriikoei proposatu.

Torii

Torii taldea. (Alain Cazenave)

Elkarlana bidean jarri zen, eta Bonberenean egiteko parada etorri Nat Cazarrek esplikatu bezala: “Jurgirekin mintzatu, eta erran zigun: ‘Zergatik ez duzue entseatzen han grabatzea? Beste soinu bat ukanen duzue beharbada, molde desberdina’. Aukera izan dugu, eta biziki kontent gara”. Bidenabar, Hego Euskal Herriko sarearekin elkar ezagutzeko parada: “Nahi dugu Hegoaldean jo; harremana egiteko moldea zen”.

Taldeak baitaki zer soinu mota bilatzen duen, joan-jin franko izan dira Osinagarekin. “Denbora asko pasatu dugu nahasketan. Urrian grabatu genuen, eta kasik bost hilabete pasatu ditugu lan egiten Txapekin gero”. Bi gitarren kolore ezberdinen presentzia argia da kantuetan, eta horien arteko jokoa nahi izan dute pikoan utzi. “Tresnen arteko oreka landu dugu. Bateriarekin ados ginen hastapenetik. Beste tresnekin, ez. Ez da bolumena edo soinua, baina tresna bakoitzaren lekua diskoan eta taldean. Nahi genuen zerbait konpresiorik gabe kasik. Entzuteko biziki garbia”.

Tresnak aparte grabatu badituzte ere, talde giroan izan da egonaldi guzia. Jurgi Ekizaren ustez, horrek badu garrantzia: “Dena pistaz pista egin dute, baina talde guzia hor zen beti. Aste osoa Bonberenean”. Disko grabaketaren esperientziaren aberastasuna baieztatu du Cazarrek: “Memento berezia da talde baten bizian. Harremanetan oso ongi gara, eta indartzen du bai musika lana bai talde harremana”. Ekizak aitzinetik izan zuen esperientzia bera bakarkako lanean eta Willis Drummondekin: “Bonbereneak badu hori; etxe alternatiboa da, eta ikusten duzu horko bizia aste batez. Hor lo egiten duzu, eta bada energia bat etxe horretan. Ikusten dituzu pasatzen beste entseguak, bada irratia, bertan egoten zara, kozinatzen duzu jendearekin. Esperientzia biziki polita da Bonberenean egitea disko bat”.

Kantuen egiteko nola lan egiten duten zehaztu du Cazarrek: “Batean salbu, kantu guzietan Txominek [Etxebertze] eman ditu ideiak, eta gero konpondu ditugu gitarrak. Bi molde desberdinak ditugu jotzeko, eta hori konpondu behar da hastapenetik. Hori egin eta hasten gara besteekin. Bakoitzak ematen du bere ikusmoldea eta mintzatzen gara elkarren artean”. Kanpoko beharri bezala Ekizak franko entzun ditu taldearen grabaketak: “Gehien interesatzen zaidana talde horretan, hain zuzen, bi gitarren arteko jokoa da. Soinuak eta parteak biziki aberatsak dira. Isurtzen bezala da bi gitarren artekoa”.

Diskoko sei kantuez gain kantu zaharrak ere joko ditu taldeak publiko aitzinean: “Kantu zaharrak ere aldatu ditugu pixka bat. Ez, ez ditugu aldatu, aldatu dira! Eta espero dugu izanen direla kantu berriak ere laster”. Hego Euskal Herrian jotzeko gogoa dute, kontzertu gela eta ostatuetan bereziki, jaialdiez gain: “Ostatu batean oso beroa da, jendea hurbil da, bereziki Hegoaldean. Hemen giroa pixka bat epela da, baina han bada indar bat”.

Ipar Orratza
Binilo irakurgailu bat balitz bezala, I hizkiak itxuratzen du disko gainera lerratzen den orratza, eta O hizkiak, biniloa. IO edo Ipar Orratza, Ipar Euskal Herrian sortu berri den diskoetxea.

“Aspalditik banuen ideia diskoetxe baten muntatzeko. Gazteak ginenean bazen erreferentzia bat: Esan Ozenki. Talde bat hasten zenean bazen amets hori horretan sartzeko, eta ematen zion musikari bati helburu bat bezala”, dio Ekizak, xedea akuilatu duenak. Diskoetxeak desagertuz doaz, alta, disko salmenta peko errekaratzearekin batean. “Alde batetik, biziki ontsa da industria hori desagertzea edozein lekutan bezala, azken finean, ez baitzuten musikariek beti irabazten. Haatik, orain bakoitzak egiten du berea, auto-ekoizpenean; ontsa da, alde batetik, autonomia ematen baitu, baina, halere, pixka bat triste zait, berekoitasun bat baita; ez da deus ezartzen komunean; baten esperientziak ez dio deus ekartzen besteari”. Willis Drummondekin osatu sarea baliagarri gerta zitekeela ikusi zuen Ekizak. “Justu Cedricek [Lepine] esan zidan Toriirekin aterako zutela diskoa, eta ikusi nuen aukera egituraren sortzeko; entsegu bat bezala da guretzat. Mementoko organigramarik gabeko egitura da”. Bizkitartean, laster, Bob Xatar Donibane Lohizune aldeko taldeak bere diskoa berriz argitaratuko du Ipar Orratzaren izenpean.

Jurgi Ekiza: “Autokoizpena ontsa da, autonomia ematen baitu, baina, halere, pixka bat triste zait, berekoitasun bat baita, ez da deus ezartzen komunean”

“Segur aski jendeak erotzat hartuko gaitu, egia baita diskoaren garaia amaitu dela arrunt. Baina ez dut Ipar Orratza ikusten bakarrik disko ateratzeko tresna bat bezala. Bai, objektu politak —biniloak bezala—, baina ere gauza bereziak proposatzeko. Adibidez, gaur egun, bideoak egitea biziki garrantzitsua da. Maketa bat baino hobe da live session bat publikatzea”.

Ipar Euskal Herrikoa izatea ere argitu du: “Ibili naiz Bidehutsen orain arte. Jende guziak nahi zuen sartu Bidehutsen. Gure arteko hausnarketan ikusten genuen problema ez dela Bidehuts handitzea etengabe baina beste Bidehuts batzuk sortu behar direla eskuin-ezker”.

Euskararen egoera soziolinguistikoak ere badu zerikusirik xedean. “Euskararen leku berezi eta gogorra ikusiz Iparraldean pentsatu dut izaten ahal zela bozgorailu bat euskarazko taldeentzat. Ahalaz kalitatezko taldeak. Gero, kalitatea bakoitzak ikusten du nahi duen lekuan. Funtzionamenduan, nor sartzen den edo ez, ez dugu oraindik finkatu”.

Hego Euskal Herriari begira, Ipar Euskal Herriko musikarietan diren euskal sortzaileei ikusgarritasun baten ematea da asmoa.

(Ipar Euskal Herriko Hitza-n, 2016ko maiatzaren 3an Iñaki Etxelekuk idatzitako artikulua)

ETIKETAK:BidehutsBobXatarBonbereneaEkizaEsan OzenkiIpar Euskal Herriko HitzaIpar OrratzaJurgi EkizaKarlos OsinagaToriiWillis Drummond