2017.07.12
Uztaila aukeratu dute Joseba Tapiak, Xabier Montoiak eta Jabier Muguruzak disko berriak grabatzeko. Ibilbide luzeko hiru musikariek estudioan sartuta emango dituzte hil honetako hainbat egun, udazkenean argia ikusiko duten lanak ontzen. Hiru kasuetan, aldaketa nabarmenak ekarriko dituzte kantu bilduma berriek.
Estudiora sartzen lehenengoa Joseba Tapia izan da. Jonan Ordorika soinu teknikariarekin ari da Azkaraten lan berria taxutzen. Iaz zuzenekoetarako bakarrik sortutako Besamotzak egitasmoa diskora eramango du Tapiak. Egitasmo horretan bere kantutegiko hainbat abesti rock formatura egokitu zituen Tapiak, talde baten laguntzaz: Iñigo Telletxea (baxua), Iker Iriarte (bateria) eta Dani Narbarte (gitarra eta trikitixa). Diskoan Tapiak berak grabatuko ditu tresna gehienak, baxu eta bateria batzuk kenduta. Azken hiru diskoak —Real politik (2006), Eta tira eta tunba (2010), Tximela kapitainaren izarrak (2013)— Zakurraren Biolina zigilu propioaren bidez argitaratu ondoren, Gaztelupeko Hotsak diskoetxera itzuliko da Tapia lan berriarekin.
Xabier Montoia egun hauetan hasiko da disko berria grabatzen. Fredi Pelaezen Pottoko estudioa aukeratu du bere seigarren diskoa osatzeko. Diskotik diskora formatuan eta soinuan aldaketak sartzea gustuko du Montoiak, eta oraingoan hari laukote batek jantziko ditu abeslari eta idazle gasteiztarraren abestiak. Horretarako, aurreko diskoan bezala, Ibon Rodriguezen laguntza izan du —hari moldaketen partiturak sortzeaz gain, pianoa eta gitarra joko ditu Rodriguezek—. Montoiaren azken lana, Montoiaren mundu miresgarria, duela sei urtekoa da eta Bidehutsek argitaratu zuen. Lan berria aldiz, Gaztelupeko Hotsak-ek kaleratuko du. Soraluzeko zigiluak argitaratzen duen Montoiaren lehen diskoa da.
Jabier Muguruzaren disko berriak ere aldaketa handiak ekarriko ditu Irungo musikariaren hogei urtetik gorako ibilbidean. Izan ere, Boza barruan estreinako diskoa kaleratu zuenetik lan guztietan nagusitu diren soinu akustikoak (pianoa, kontrabaxua, akordeoia…) alde batera utzi eta gitarra elektrikoak eta giro elektronikoak izango dira grabazio berriaren ardatza. Bi musikarik lagunduko diote diskoari forma ematen: Ander Mujika gitarrista (Napoka Iria) eta Javi Vicente Carasueño ekoizlea. Bi alditan osatuko dute diskoa: Berako Atala estudioan ahotsak eta gitarrak grabatuko dituzte, Iñigo Irazokirekin, eta ondoren giro elektronikoak gehitu eta nahasketak egingo dituzte Carasueñoren estudioan, Zaragozan.