2017.10.26
Abesti bakoitzari denbora dedikatzea gustatzen zaio Beñat Igerabideri: ez du gustura geratu arteko bakerik izaten. Ez hori bakarrik: bere gain hartzen ditu disko bat egiteko lan ia guztiak. Berak konposatu ditu kantuak, egin ditu hitzak eta grabatu du diskoa bere estudioan, Sonolan —masterizazioa Elkarreko Victor Sanchezek egin du—. Hala egin zuen Orbainak (2014) lehenengo diskoarekin eta hala egin du Geldialdi bakoitzean bigarrenarekin ere. Hiru urte joan dira lehenengotik, eta prozesua «mantsoa» izan dela dio. Su txikian egositako diskoa dela, alegia. Hasia da lan berria aurkezteko kontzertuak ematen, eta bihar bertan Donostiako Tabakaleran egongo da, Kutxa Kultur Klubean, 20:00etan.
«Beti» pop-rockaren inguruan mugitzen den arren, bestelako estiloak ere aurkituko ditu entzuleak disko berrian, Igerabideren esanetan: «Esperimentatu dugu funk pixka batekin, folkarekin, eta badago abesti akustiko bat ere». Lehenengo diskoaren aldean, baikorragoa dela uste du: «Positibotasun asko du, badago kantaren bat edo beste dantzarako… Lehenengoaren aldean, uste dut alaia dela, eta indarra duela».
Melodiak egin ohi ditu lehenengo, eta gero jartzen dizkie hitzak abestiei. Hala ere, arreta handia jarri ohi diela azaldu du: «Hitzak lantzea gustatzen zait, ez zait gustatzen burura lehenengo etortzen zaidana uztea: bueltak ematen dizkiet, eta berridatzi behar badira, berridazten ditut, edo aldatzen ditut, gustura egon arte». Hainbat gai landu ditu abestietan, besteak beste, ausardia, maitasuna, natura eta elkartasuna. «Betiere bizitzaren alde egin dezagun, bizitzan barna egiten dugun geldialdi bakoitza indarrak eraberritzeko balia dezagun».
Kantuak egin ostean osatu zuen taldea aurreko diskorako Igerabidek. Oraingoan, hasieratik izan ditu taldekideak alboan: «Kantuak idatzi ditut eta gero taldean landu ditugu: maketa grabatzen joan gara abestiak egin ahala, eta hori osatuta egin dugu azken grabaketa». Diskoa egiteko ia lan guztiak bere gain hartzen dituenez, taldekideen iritzia beharrezkoa duela nabarmendu du: «Gorka Urrak asko laguntzen dit produkzio lanetan, belarri oso ona du: momentu batean, kantak hainbeste entzun ostean, galtzen da pixka bat perspektiba, eta taldekideek esandakoak oso lagungarriak dira».
“Belaunaldi berria”
Gaur egun ez da ohikoa musikariak berak hainbeste lan hartzea bere gain disko bat egiteko. Igerabidek, esaterako, propio egin zituen soinu teknikari ikasketak, bere abestiak grabatu ahal izateko, eta horixe nabarmendu du Anjel Valdes Elkarreko arduradunak. «Historikoki halako gutxi ezagutu dugu: gogoan dut nola Kaki Arkarazok zapata kendu eta behatz potoloarekin ematen zion grabatzeko botoiari: ikaragarria zen, bere burua grabatzen zuen, kantatu egiten zuen eta konposatu egiten zuen».
«Berpizkundeko» sortzailearen figura dakarkio gogora Igerabidek. «Lehen entzunaldian bertan azalera etortzen dira Beñaten inspirazioak konposatzerako momentuan, bere talentua interpretatzeko momentuan eta bere zehaztasuna makinak ulertzeko eta maneiatzeko momentuan».
Lore ugari bota dizkio Valdesek Igerabideri. «Askotan ez gara konturatzen zeinen garrantzitsua den egiten duguna, musikaren inguruan eta olerkiaren inguruan lan egiten dugunean. Baina, hain zuzen ere, nik uste hori dela munduak behar duena, eta azken bost urteetan Euskal Herrian jaiotzen ari den kantari belaunaldi berri horretan azpimarratu nahiko nuke Beñaten lana».
Valdesen ustez, garaiak aldatu diren heinean, badago musikari belaunaldi berri bat lan egiteko molde berri bat duena. «Musikari batzuek askotan, bizitzaren gorabeherak direla eta, nahiago izaten dute beste epe eta modu batean grabatu. Horrek ekarri du belaunaldi berri bat: etxean gauza asko egiteak bere denbora eta zailtasuna dauka».