Musika

Antton Iturbe

2021.04.13

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Makala

Musikari, DJ, irratiko aurkezle, zigilu bateko buru… Bere hamaika alderdi ezberdinetan musikarenganako maitasun eta jakinduria zabala erakusten du beti Mikel Unzurrunzaga Schmitz ‘Makala’-k (Zarautz, Gipuzkoa, 1970). “Euskal groove” estilo eta izaera bat inoiz izan bada, bera dugu asmatzaile, arima eta motore nagusi. Bere jakinmin mugagabeak eta izaera baikor kutsakorrak bultzatuta, Euskal Herrian azken 30 urteetan musika dantzagarriaren inguruan jazo diren gertaera garrantzitsu ia guztien atzean Makalaren aztarna aurkitu ahal da.

DJ-MAKALA-1991

Mikel Unzurrunzaga ‘Makala’, Zarauzko Marmol kafetegian diskoak jartzen, 1991. urtean.

Disko berri bat dakar besapean orain, Arima Soul taldearen estreinakoa. Aukera bikaina da Soinu Eleak-en atal berri bateko gonbidatua izateko. Nekez aurki daiteke solaskide egoki eta zorrotzagorik gure jolas txiki honetarako…

1.— “GET  A LIFE” (SOUL II SOUL, ‘Volume II: 1990 – A New Decade’, 1989)

MAKALA: Soul II Soul.

BADOK: Oso ondo!
M: Uff, nola azaldu Soul II Soul zer den niretzako? Erabat markatu du nire bizitza. Aurten 30 urte egin ditugu elkarrekin emazteak eta biok; abesti hau pintxatuz ezagutu genuen elkar, oso zaleak ginen biok. Tira, egia esan, garai hartan ez ginen DJak edo disko jartzaileak, pinchadiscos-ak baizik. Zarauzko Marmol-Malecon kafetegian izan zen, han hasi nintzen pintxatzen 1990ean. Garai hartan, sarritan Londresera joaten ginen binilozko diskoak erostera eta Soul II Soul-eko Jazzy B-k bere denda zuen bertan, Soul II Soul izenekoa, hain zuzen ere. Diskoez gain, arropa eta era guztietako objektu bitxiak zituen eta izugarri flipatu genuen.

B: Pozten nau hain ondo asmatu izanak. Horixe baitzen nire asmoa, pintxatzen hasi zineneko garai haietaz hitz egitea.
M: Soul II Soulen inguruan hainbat kontakizun ditut. Nire estudioko lehen diskoan, Hondartzan (Metak, 2005), “Bizi pozik” kantua Soul II Soul-en “Jazzie’s Groove” abestian dago inspiratuta guztiz. Beno, hobeto esanda, haize moldaketa ia plagio zuzena dela onartu beharko nuke, kar kar. Beste bat, 2014an izan zen. Ziurrenik, nire bizitzako pintxaldi garrantzitsuena eman nuen urte hartan, non eta Glastonburyko festibalean. Eta ez egun bakar batean soilik, lauzpabost egunetan jarraian baizik! Noski, ez nintzen piramide handian aritu, kar kar, eszenatoki askoz txikiago batean baizik, baina jende dezente zegoen hala ere. Jaialdian bertan Jazzy B-k ere pintxatzen zuen eta, noski, haren saioa entzutera joan ginen. Pozez zoraturik ibili nintzen festibal guztian.

B: Zergatik hasi zinen pintxatzen? Zerk bultzatu zintuen musika jende aurrean jartzera? Zer jasotzen zenuen eta jasotzen duzu pintxatzeko une horretan?
M: Galdera ona. Nik berez ez nuen halako asmo berezirik jendearen aurrean diskoak ipintzen hasteko. Besterik gabe, era horretan suertatu zen dena. 1986 inguruan Zarauzko Arraio irrati librean irratsaio bat egiteko aukera izan nuen eta horrek piztu zuen nigan grina. Bost anai-arreben arteko gazteena nintzen eta estilo guztietako musika asko entzuten nuen etxean. Bertatik aukeratzen nuen irratsaiora eramaten nuena. Beranduxeago, 1990ean, Juan Carlos Vaquerizo, La Potoli, Donostiatik Zarautza etorri zen lan egitera. Tipo xelebrea zen baina oso interesgarria, eta izugarrizko jakinduria musikala zuena gainera. Zarautzen Iggy Pub izeneko garito bat ireki zuen, aurretik Donostian izandako El Bowie itxi berria zuela eta. Kupela tabernaren azpian, eskailera batzuk jaitsiz dagoen lokal txiki batean jarri zuten. Gaur egun Lau Teilatu deitzen dela uste dut. Tira, gauza da, bertan kristoren “fauna” biltzen zela, eta garrantzitsuena, oso-oso musika ona jartzen zutela, Bowie, Blondie, eta elektronika mordoa. Potolik bi urtez izan zuen taberna irekita baina nahaste-borraste hutsa zen, droga asko mugitzen zen bertan eta berriz ere, Donostian bezalaxe, itxi egin behar izan zuen. Haren ondoren, aipatu dizudan Marmol izeneko horretara pasa ziren bera eta bere kidea. Hala ere, ez ziren Marmol tabernaren nagusiak, kamarero eta disko jartzaile baizik. Iggy baino askoz espazio handiagoa zuten bertan eta nolabait esateko, gu bere “ikasle” bilakatu ginen. Erosten genituen biniloak bertan pintxatzera animatu gintuzten ni ta beste bi lagun. Beraz, hura izan zen nire unibertsitatea diskoak jartzeko munduan. Eta noski, garai hartan Soul II Soul etengabe pintxatzen genuen.

B: Eta pintxatzerako une horretan zein da zure gogoa, zein helburu bilatzen duzu?
M: Jendearen poza, alaitasuna eta dantza eragitea, hori da gakoa niretzat. Era berean, nire disko kutunak erakutsi eta jendearen erreakzioa ikustea oso zirraragarria da ere.

2. — “FUNGLE JUNK” (DJ FOOD, ‘A Recipe for Disaster’, 1995)

M: Ninja Tune diskoetxekoa dela ziur naiz. Baina zehazki, DJ Food dela esango nuke.

B: Belarri ona, Mikel!!
M: DJ Food sanplerra erabiltzen hasi ginen une berean aurkitu genuen eta ikaragarrizko eragina izan zuen gugan. Coldcut ere pilo bat entzuten genuen eta haiek sortutako Ninja Tune zigiluak ateratzen zuen guztia. 2010ean, Belgikan jaialdi batean nenbilela pintxatzen, nire alboan izan nuen Matt Black Coldcuteko kidea, eta mirespen osoz aitortu nion: “Hi, Matt, zure ‘erruz’ bilakatu nintzen ni DJ!”. Kar, kar.

B: Nigan ere eragin bizia izan zuen disko honek. Elektronikan sakontzera bultzatu ninduten diskoetako bat izan zen. Baina beste hari batetik tira eginez, DJ Food edo DJ Shadow bezalako izenen modura, DJ Makala aukeratu zenuen zuk. Zure izaera lasai eta atseginaren isla dela esan izan duzu inoiz. Hala da?
M: Garai hartan bai behintzat. Nahiko lasaia eta patxada handikoa nintzen. Agian, gaur egun ez hainbeste, kar kar.

B: De La Soul edota Coldcut-i esker sanplerra aurkitu zenuela aipatu duzu lehen. Funtsezkoa izan da zuretzat, bai sortzeko baita pintxatzeko ere. Sanplerrak ahalbidetzen duen berrerabilpena, berrinterpretazioa eta berreraikuntza, musika berriaren sormena dela esango zenuke?
M: Noski baietz. Askotan erabili izan dut kubismoarekiko paralelismoa ideia hori azaltzerakoan. Margolari kubistek aldizkari eta egunkari zatiak jartzen zituzten mihisean, gero gainetik margotzeko. Pop art-ean ere antzera gertatzen da. Beraz, birziklatze hori beste lan teknika bat da azken batean. Sanplerrak aukera hori bera ematen zigun. 90eko hamarkadaren hasieran irten zirenean ikaragarri garestiak ziren tamalez. Baina geroxeago pittin bat merkatzean, 1995 inguruan nire lehen sanplerra erosi ahal izan nuen. AKAI S-2000 modeloa. Pantaila txiki bat eta eskuz mugitu behar zenituen botoi eta tekla mordo bat zituen. Erabiltzeko oso tresna konplikatua zen. Artisautza hutsa zen harekin musika egitea. Beste gustuko artista batzuek egiten zuten metodologia kopiatzen saiatzen ginen neurri handi batean, baina nolabait aurrera ateratzeko gai izan ginen behintzat. Iker Trebiño errealizadorearen etxera joaten nintzen askotan sanplerrerako soinu iturrien bila, bere osabaren izugarrizko jazz disko bilduma baitzuen bertan.

3. — “ARUBA” (TELMO TRENOR, ‘Heat’, 2018).

B: Abesti berriagoa da hau eta gure inguruko artista batena gainera.
M: Balza agian.

B: Bero…
M: Ez da ba Telmo Trenor izango?

B: Hala da, bai. Heat diskotik atera dut. Oso disko goxoa iruditzen zait.
M: Aspalditik ezagutzen dut Telmo. Behin, Makala Jazz Bandarentzat “Shine” abestiaren erremix bat eskatu nion. Sonar jaialdian aritu zenean erremix hori erabili zuten bere promoziorako.

B: Neuk ere Sonarren pintxatzen ikusi nuen aldi hartan. Zuk 2000. urteko edizioan pintxatu zenuen, MACBAn egiten zenean. Jaialdiaren beste garai batzuk ziren haiek. Nostalgiarik sentitzen duzu? Garai haietatik faltan botatzen duzun eta gaur egunera ekarriko zenuen ezer?
M: Estreinako aldiz 1998an joan nintzen Javi Pezen proiektu bateko baxu jotzaile moduan. Mikel Abrego aritzen zen baterian, Javi Pez makinetan, Luis Camino perkusioan eta Kaki Arkarazo mahaian teknikari lanetan. MACBAn egunez jo genuen jendetza izugarriaren aurrean eta kristoren esperientzia izan zen, bai han jotzea baita festibala ezagutzea ere. Artisten arteko giro oso ona zegoen, oso etxekoa. Handik bi urtera, Novophonic diskoetxean erabat murgilduta eta Txarly Brown eta Javi Pezekin elkarlanean nenbilen. Diskoetxearen showcase moduko pintxaldi bat egitera gonbidatu ninduten, eta noski, ohorea izan zen niretzako. Bi platerrekin aritu nintzen MACBAn, egunez. Orduntxe atera berri ziren kamera digitalekin jende guztia argazkiak ateratzen zebilela daukat oroimenean, baina auskalo, zeren eta Internetera joan izan naiz egun hartako argazkirik inork igo al duen ikustera eta ez dut batere aurkitu, kar kar…

Zure beste galderari erantzunez, gertutasuna botatzen dut faltan. Askoz lotuago geunden elkarren artean eta ez zegoen hainbeste “postureorik”. Askoz artista “lurtarragoak” ginen. Gilles Peterson bera, BBCko irrati aurkezle eta DJ ospetsua, Sonar hartan gure bila zebilen Novophonic diskoetxeko promoak eske, eta gu, noski, ezin sinetsirik. Azkenean Txarly egon zen berarekin hitz egiten eta nik aukera galdu nuen, beste kontzertu bat ikusten ari nintzelako. Apaltasun hura faltan botatzen dut askotan. Gaur egun sare sozialen menpeko lehiakortasun handia dago. Pena eta amorru pittin bat ere ematen dit gaur egungo hainbat DJ gaztek biniloekiko zaletasunik ez izateak, eta disko jartzaile batentzat duten loturaz ez jabetzeak. Egun dena digitalki pintxatzen da eta tira, teknikoki oso erosoa da eta oso ondo dago, neronek ere Pioneer pare bat eta pendrive batzuekin izugarri gozatzen dut, baina ni puntu honetara iritsi ahal izateko beste guztia pasatu behar izan dut aurretik. Badira hainbat DJ ordea, zuzenean teknika horretan abiatzen direnak eta biniloen mundua zaharren gauza moduan ikusten dutenak.

B: Biniloaren inguruan esan duzun hori asko gustatu zait, objektu fisikoak denboraren poderioz norberarengan garatzen duen lotura berezi hori, alegia. Pintxatzeko garaian lotura pertsonal hori nolabait igortzen dela esango nuke. Teknika hutsa soilik erabilita ez duzu ezer adierazten. DJ batek istorio bat kontatzen du bere aukeraketaren bitartez. Agian, erromantikoegia naiz…
M: Ez, ez, ezta gutxiago ere. Guztiz ados nago. Gaur egungo hainbat DJk fast food kultura jarraitzen dute. “Hemen eta orain” nahi dute dena eta ez da beti posible. Musika itsaso amaitezina dute eskuragarri, milioika erreferentziaz osatutako artxibategia, baina ez dute kontatzeko moduko istoriorik.

B: Hala da. Ikuspegi guztiz funtzionala da: era honetako musika nahi dut, giro honetarako edota sentsazio hauek eragiteko aproposa dena, eta algoritmoak musika aukeraketa ematen dizu. Baina, berriz ere, non dago lotura pertsonala eta bilaketaren zirrara? Erromantizismoa agian, berriz ere.
M: Baliteke. Baina gure jarrera bera sumatzen dut Bergarako Haus Of Beats-eko jendearen artean, adibidez. Jende horrek diskurtso eta ibilbide bat dauka. Basque On Decks plataforma oso ekimen onuragarria da. Ehunka DJ ikusten ditut hor. Ondo dago hori, harrobia behar dugu, baina ez dut diskurtsorik ikusten. Gazte eta berri izatea ez da nahikoa.

4. — “MARIA SOLA (DUB MIX)” (LOS GAITEROS DE SAN JACINTO, ‘Dub de Gaita (El Fin del Mundo) Vol. 1′, 2017)

M: Zerbait botatzearren… Nicola Cruz, Ekuadorreko DJa?

B: Ez. Onartzen dut hau zailena izango dela.
M: Elektronika sartzen da aurrerago?

B: Bai, dub nahasketa bat da.
M: Cumbia estiloko oinarria dauka.

B: Hala da. Los Gaiteros de San Jacintoren doinu bat da.
M: A, noski! Ezagutzen dut, bai.

B: Erremixez osatutako EP batetik hartu dut. Zoragarria iruditzen zait, “Maria Sola” hau bereziki.
M: Hala da, bai. Nicola Cruz ekarri dit gogora, Argentinako ZZK zigiluaren bitartez antzerako lanak plazaratzen baititu. Hego Amerikako folkaren eguneratze lan bikaina egiten ari dira. WOMEX azoka eta festibalera joaten naiz urtero, eta Global Club Music Network (GCMN) kolektiboaren partaide naiz. Bertan jatorri anitzeko DJ, manager eta ekoizleak biltzen gara eta, besteak beste, WOMEXen jotzen duten artista edota taldeen erremix bildumak egin izan ditugu. Nicola Cruz moduko DJekin kontaktatu ahal izan dut. Artista oso interesgarriak daude bertan. Quantic britainiar artista, Kolonbian aritutakoa, bereziki gustukoa dut eta gerora pertsonalki ezagutzeko aukera izan dut. Los Gaiterosen musika, zehazki, Pazifikoaren ingurukoa da. Kolonbian cumbia estilo ezberdinak daude. Pazifikoko estiloan, adibidez, marimba erabiltzen da asko. Laburrean. WOMEXen artista interesgarri ugari aurki daiteke, world music etiketa eta klub edo elektronika musika uztartzen dituztenak.

B: Musikari eta DJ izateaz gain, beste hainbat alderdi landu dituzu: irrati aurkezle, kontzertu antolatzaile, zigilu baten arduradun, bilduma koordinatzaile… Zure zigiluan Makala Selects Boom Shaka Laka moduko bildumak atera dituzu gustuko dituzun euskal musikarien lana aditzera emateko asmoz. Bestalde, DJ batek bere musika iturriak pittin bat sekretuan mantendu ohi ditu, entzuleekiko misterioa eta ezustekoa eragiteko. Nola kudeatzen dituzu bi alderdi horiek? 
M: Garai batean, DJen artean bagenuen primiziaren jabe izateko lehia puntu hori. Baina gaur egun oso modu naturalean eramaten dut kontu hori. Ez dut inoren konpetentziaren beharrik edo nahirik. Egun, nire burua irakasle moduan ikusten dut gehiago. Ez entzun behar duzuna eta entzun behar ez duzuna agintzeko asmoz, noski, beste musika batzuk eskuragarri daudela erakusteko asmoz baizik. Boom Shaka Laka bilduma, une horretan Euskal Herrian egindako musika beltzaren diagnostiko moduan atera nuen. Euskal Herrian mota askotako musika egiten da eta beltza ere (soul, funk, R&B…) barne dela erakutsi nahi nuen. Niretzako funtsezkoa da beti non nagoen eta nire jatorria zein den garbi izatea eta, era berean, sustrai horietan arakatzea. Beti kanpora begiratzen dugu gauza berrien bila. Gure musika kanpotar batek “bedeinkatua” ez badator, gure kasa gauza bera erabaki eta esateko gai ez garela dirudi.

B: Zure DJ lana oso serio hartzen duzu eta DJ batek egunero musika berrien bila lan egin behar duela diozu. Zein aurkikuntza aipatuko zenituzke bereziki azkenaldi honetan?
M: Nire ibilbidean, une jakin batzuetan herrialde bateko estiloan sakontzeko gogoa piztu zait. Dub-a adibidez; garai batean musika jamaikarrean buru belarri sartuta ibili nintzen eta King Tubby jainkoa zela esaten nuen. Bertatik latin musikara (zentzu zabalenean) pasa nintzen: Cuba, Puerto Rico, salsa, descarga… Horri esker Espainian rumba katalanaren moduko latin musika ere egiten zela aurkitu ahal izan nuen. Soul eta afroamerikar musika betidanik maite izan ditut, baina orain latin mundu horren barruan hegoalderantz jo dut eta Kolonbiako cumbia aurkitu dut. Orohar, Hego Amerikako doinu etnikoak eta elektronika nahasten dituzten bilduma ederrak ateratzen ari dira azkenaldian. Iñigo Munster-en Vampisoul diskoetxea adibidez, argitalpen interesgarri ugari ateratzen ari da latin musikaren inguruan. Afrikako musikak ere beti erakarri nau. Afrika munduaren erdigune eta jatorritzat daukat. Han jaio da dena. Afrikaz hitz egitean beti artista berberez aritu izan gara urte askotan: Fela Kuti, Youssou N’Dour eta abar. Baina herrialde bakoitzak bere erritmo eta doinu bereziak dituela ikasten duzu eta altxorrez beteta dago kontinente osoa: high life, funaná, gnawa…

B: Milaka zigilu interesgarri dira han. Nyege Nyege Tapes zoragarria iruditzen zait.
M:  Awesome Tapes from Africa, Analog Africa edo Ostinato Records ere.

5. — “GUARACHA U.F.O.” (MERIDIAN BROTHERS, ‘Desesperanza’, 2012)

M: Badakidala uste dut.

B: Ea ba, bota izena.
M: Meridian Brothers?

B: Bai jauna! 
M: Mixcloud-eko saioak igotzeko ohitura izan nuen garai batean eta haien artean Cumbia Amazónica izeneko bat egin nuen, eta kantu hau bera sartu nuen. Gerora, asteazken gau batean Donostiako Dabadaban eman zuten kontzertura joan nintzen. Ikaragarrizko boloa izan zen.

B: Kasu honetan, Meridian Brothers ezagutzera nola iritsi zinen interesatzen zait. Bildumagile bezala, senari jarraitzen diozu. Era berean, zuk sortutako disko bakoitza gustuko duzun musikari egindako omenaldi bat dela aitortu izan duzu. Nola egiten dituzu loturak herrialde batetik bestera eta garai batetik bestera jauzi egiteko?
M: Ondo zoaz, intuizioz mugitzen naiz.  Demagun cumbia; noiz entzun nuen cumbia lehen aldiz? Gogoratzen duzu Donostiako Bretxa merkatuan ireki zuten Gong disko denda? Kasualitate hutsez erosi nuen han cumbia bilduma bat. Ohiko digging-a egiten ari nintzen diskoen artean eta nire atentzioa deitu zuen. Behin gustatuz gero, bilatzen jarraitzeko erabiltzen dudan irizpide nagusietako bat diskoetxea da.

B: Gauza bera pasatzen zait niri, oso gustukoa dut diskoetxe jakin baten argitalpenak jarraitzea.
M: Nire ustez, hori 90eko hamarkadan atera ziren Ninja Tune, WARP, Mo’Wax eta antzeko zigiluek gugan izan zuten inpaktuarengatik gertatzen zaigu. Diskoa ondo egongo zela pentsatzeko nolabaiteko bermea zenuen, nahiz eta egileaz ezer ez jakin. Cumbia bilduma hura Londresko Union Square diskoetxeak atera zuela uste dut, nagusiki latin musika estiloa jorratzen zuen, baina bertan Lisandro Mezaren kantu bat zegoen, eta afrosound kutsuko erremix batean cumbia izena jartzen zuen beste bat ere. Hortik hasi nintzen tiraka eta erabat flipatuta geratu nintzen aurkitzen hasi nintzen cumbia estiloko altxorrekin. Reggae berria zen hura niretzat!

B: Behin bilduma edukita oso kontu handiz gorde eta zaintzen duzula kontatu izan duzu. Puntu obsesibo bat baduzula, alegia.
M: Genetikoa dela uste dut, nire aitonak 1932an Itxaropena argitaletxea sortu baitzuen. Liburutegiko arratoi izateko joera hori familiartekoa dugu. Nire ama alemaniarra da gainera, oso karratua, badakizu, kar, kar. Nire disko guztiak diskoetxe eta estiloz daude zehatz-mehatz ordenatuta. Gero, nire lanerako ere, iTunes-eko bilduma xehetasun osoz eta estiloen arabera sailkatuta izan behar dut beti.

6. — “ZERBINA (PEZ CLUB MIX)” (LE MANS, ‘Zerbina’, 1995)

M: La Buena Vida agian…

B: Ez, baina ez zara urruti ibili, Le Mans baita. “Zerbina” izeneko erremix disko batetik atera dut eta hau, zehazki, Javi Pezek egindakoa da. Denak gipuzkoarrak zarete, eta agian, horrek eraginda, Zarautz etorri zait burura. Oso zarauztarra sentitzen zara, eta oso garrantzitsua da jatorria zuretzat. Gaur egungo globalizazio eta homogeneizazio honen barruan zertan ezberdintzen zaitu zarauztarra izateak? Zer du zarauztarretik zure lanak? Honekin esan nahi dudana zera da: egun musika munduko edozein bazterretik ekoiztuta egon daiteke, askotan ezinezkoa da jatorria igartzea. Baina era berean, bakoitzak bere jatorriko zerbait ekar diezaioke musikari, edo ez. Galdera eta burutapena da aldi berean.
M: Bai. Ulertzen dut nondik nora zoazen. Lehen komentatu dudan bezala, gutako bakoitza nondik datorren ez ahaztea garrantzizkoa da. Ni oso euskalduna naiz eta asko maite dut Zarautz. Itsasoaren aurrean bizi naiz, leiho honetatik hondartzako olatuak ikusten ditut. Gaur, adibidez, surfean aritzeko giro zoragarria dago. Niretzako surfak komunio izpiritualaren puntu bat dauka. Babesa ematen dit nolabait. Are gehiago, nire autoekoizpen zigiluak Orrua Diskak du izena, eta itsasoaren orroari erreferentzia egiten dio. Nire bizitzako soinu banda baita. Azken batean, zein da gehien entzun dudan kantua? Itsasoaren orrua, dudarik gabe.

B: Zein ideia polita. Eta hala da, Mikel. Egiten duzun guztian islatzen da itsasoaren eragin hori.

7. — “STRANGE THINGS” (ETTA JAMES)

M: Etta James?

B: Bera da, bai.
M: Ahotsaren inflexio hori nahastezina da, bera bakarrik izan zitekeen. Abestia ez dut ezagutzen baina ahotsarengatik berehala asmatu dut.

B: Oso kantatzeko modu pertsonala zuen.
M: Guk Arima Soulen, txantxa moduan, “Gora Etta James!” esaten dugu askotan. Lelo horrekin kamisetak egitea primeran legoke, kar kar…

B: Etta Jamesen disko honek Donostiako Beltza Records denda dakarkit burura, bertan erosi bainuen orain dela urte asko Luis Beltzak gomendatuta. Orduan hasi nintzen, hari esker, musika beltza aurkitzen eta bertan sakontzen. Beltza Records aipatu izan duzu elkarrizketetan eta horietako batean zera esaten zenuen: “Hamabi urte nituela igandeko paga guztia kaseteetan gastatzen nuen”. Horrelakoak egin izan ditut nik ere behin baino gehiagotan. Erabat identifikatuta sentitu nintzen.
M: Pilo bat pozten naiz. Nire alabak musika nola kontsumitzen duen ikusten dut orain eta pintxoz beteriko barra baten aurrean beti hiru pintxo berdinak hartzen dituela iruditzen zait. Saiatu naiz beste era bateko artistak ezagutzera animatzen, baina ez dut arrakasta handirik izan oraingoz…

B: Zein esango zenuke dela diskoak erostearen plazerrik handiena? Zer da hainbesterako katigatzen gaituena? Garai bateko lurralde ezezagunen esploratzaile moduan sentitzen gara agian? Edo, berriz ere, erromantizismo hutsean erortzen ari naiz?
M: Ez, crate digging-ak antropologiarekin halako paralelismo bat duela esango nuke nik ere. Marmol tabernako disko jartzaileak ginen garai haietan Londresera joaten nintzen bakoitzean diskoak erosteko dirua ematen zidaten. Tabernak berak erosten zituen diskoak eta tabernari batek Alemaniara nindoala jakitean 50.000 pezeta ematen zizkidan diskoak ekartzeko, eta neuri uzten zidan aukeratzeko ardura eta askatasun osoa. Horrek bazuen, noski, erabateko abentura kutsua.

B: 15-16 urterekin tabernetan sartzen hasi nintzenean bertako disko bildumak eta zerbitzari askok zuten jakituria musikalak erabat liluratzen ninduten.
M: Udan Zumaian ibiltzen zinela komentatu didazu lehen. Han bazen taberna bat oso musika ona jartzen zuena baina ez dut izenik gogoratzen.

B: Ihintza!
M: Bai, Ihintza. Hori da! Pasada bat zen taberna hura. Baina beno, azkenean oso musika ona jartzen zuten hiruzpalau taberna zeuden herri guztietan.

B: Bai. Musikaren arabera joaten ginen taberna batera edo bestera eta ez ardo, garagardo edo gin-tonic hobea zutelako kar kar…
M: Galdu egin da hori guztia. Orain dela bi aste Donostiako Eiger taberna itxi dute. Agian era horretako azken taberna zen, gure inguruan. Pena da.

8. — “GUMBO” (CORTIJO Y SU MÁQUINA DEL TIEMPO, ‘Nu Yorica!’, 1996)

M: Zerbait esatera nindoan unean, gitarra horrek erabat deskolokatu nau.

B: Fusio puntutxo bat dauka.
M: Arrastoren bat emateagatik, brasildarra al da?

B: Ez. New Yorkekoa, 70eko hamarkadakoa.
M: Ados. Cal Tjaderrengan pentsatu dut hasieran baina aurrerakoiagoa da. Irakere ere ez da.

B: Irakerekin oso gertu zabiltza baina agian taldea bera ez duzu ezagutuko. Cortijo y su Máquina del Tiempo da.
M: A bai! Ezagutzen dut.

B: “Nu Yorica!” diskotik atera dut. Izugarrizko inpaktua izan zuen nigan Soul Jazz zigiluaren bilduma honek. Londresen Portobello inguruan erosi nuen, 1996an.
M: Honest Jons dendan?

B: Honest Jons-en egun erosten jarraitzen dut, nire denda faboritoen artean dago, baina hau beste batean izan zen. Itxita dago dagoeneko. Intoxica! deitzen zen.
M: Niri ere asko gustatu zitzaidan bilduma hau. Sounds Of The Universe dendan izan zara?

B: Bai, orain dela gutxi gainera.
M: Londresera joaten naizen bakoitzean erromes moduan jotzen dut denda horretara. Betidanik. Bertako bilduma batean nire kantu bat aurkitu nuen behin. Hura poza!

B: Nola ez! Abesti hau ekartzeko arrazoi nagusia kubatar musikarekiko zaletasuna eta Euskal Herrian ezagutu duzun musikari kubatarren diasporaz hitz egiteko aukera zen (Omar González Mesa, Denis Barzaga, Yarian Yaque…). Nola iritsi zinen musikari hauengana eta haiekin elkar lan egitera?
M: Javi Pezen Orkestraren barruan, hasiera batean Bap!! taldeko Jomes izan behar zuen teklatu jotzailea baina ez zitzaion posible izan eta Jimmy Bidaurretaren kontaktua pasa zion Javi Pezi. Jimmy musikari aparta suertatu zen, Gasteiztik zetorren baina jatorriz donostiarra da eta Rotterdameko latin jazz eskola batean egin zuen espezializazioa. Ikaragarrizko ezagutza zuen musika latinoaren inguruan. Berak eraman ninduen kubatar diaspora ezagutzera, bere beste proiektuen bitartez. Handik urte batzuetara Descarga Libre bilduman lanean ari ginela, Denis Barzaga bongo jotzaileari deitu nion —Donostian bizi zen— eta berehala konektatu genuen. Jimmy, Denis eta hemen inguruko tronpeta jotzaile batekin Descarga Libre Quartet osatu genuen eta Jazzaldian eta beste hainbat lekutan jo izan genuen. Era berean, Denisen bitartez beste musikari pilo bat ezagutu dut. Gasteizen bereziki kubatar eta kolonbiar asko dago.

 9. — “DANTZA TZE TZE” (ANGEL KATARAIN, ‘Angel Katarain, 2021)

M: Nahiko zaharra da, ezta?

B: Bai, 30-40 urte inguru dauzka. 80ko hamarkadako erreskate bat da.
M: Angel Katarain da.

B: Bera da, bai. Hegoa Diskak zigilu sortu berriak plazaratu du orain dela gutxi.
M: Badakizu, liburutegiko arratoia naiz eta hau ere ezagutzen nuen. Garaikide ez zela nabaritu dut erabiltzen duen teknikagatik. Mikel Acosta, Hegoa diskoetxeko tipoa, nire atzetik dabil Discogs bilduman dudan disko bat entzuteko. Azken hamarkadan, garai bateko euskal musikaren bilduma bat osatzeko ideiarekin erabat obsesionatuta nabil.

B: Niretzat era honetako aurkikuntzak oso erakargarriak dira. Euskal Herrian eginak izateak erabat kitzikatzen nau.
M: Sekretu txiki bat daukat honen inguruan baina ezin esan. William Fischerrek Akelarre Sorta-ren barruan egin zuen disko “famatu” hori ezagutzen al duzu?

B: Bai, legenda moduko bat dago disko horren inguruan.
M: Horixe bera. Horraino konta dezaket bakarrik.

B: Adi egon beharko… Diskoetxe eta argitalpen mundu horretan zein da zure zigiluaren helburua?
M: Orrua ez da berez diskoetxe bat, nire inguruko lagunen eta haiek egindako lanen erakusleiho bat baizik. Ez dago inon erregistratuta, ez SGAEn ezta enpresa zerrendetan ere. Hogei erreferentzia inguru ditut. Denak digitalak eta denetan pertsonalki parte hartzen dut era batera edo bestera, bi kasutan ezik: Gasteiz Big Band eta No Land Trioren diskoak.

10. — “MULTIPLY” (JAMIE LIDELL, ‘Multiply’, 2005)

M: Jamie Lidell.

B: Bai. Gustukoa zenuela irakurri nuen elkarrizketa batean eta disko hau etxean nuela gogoratu nuen.
M: 2004an Donostiako Elektronikaldira ekarri genuen SuperCollider taldean zebilenean. 2000 eta 2005 artean Elektronikaldia antolatzen ibili nintzen.

B: Elektronikaldia! PanaSonic-en kontzertu bat gogoratzen dut bereziki.
M: Bisualak gogoratzen dituzu?

B: Bai, ikaragarriak ziren! Sinusoide moduko haiek baxuen bibrazioarekin bat. Mouse On Mars ere gogoratzen dut.
M: Horiek Forkik ekarri zituen Gaztemaniak! ziklora. Elektronikaldia jaialdia “Sonar txiki” moduko bat zen, Sonar antolaten zuen Advanced Music agentziak laguntzen zigun batzuetan programazioarekin, Super Colliderren kasuan adibidez. Garai ederrak haiek, ahaztu ezinak!!

ETIKETAK:Arima SoulBap!!Javi PezMakala