Musika

Antton Iturbe

2017.05.18

Antton Iturbe

Soinu Eleak: Belako

Belako laukoteak dagoeneko ez du aurkezpen beharrik, musikazale guztiok ezagutzen baitugu bere izena eta zeintzuk diren gutxi gorabehera taldearen ezaugarri musikalak. Edo agian ez? Ganora handiz ezartzen dizkiegu etiketak taldeei eta sarritan ez dira batere egokiak, edo gutxienez, motz, ikaragarri motz geratzen dira. Taldekideetako bi —Josu Ximun Billelabeitia eta Cris Lizarraga— elkarrizketatu ditugu Soinu Eleak-en saio berri honetarako eta ederki erakutsi digute Belakoren atzean jakingura handiko lau musikari ausart eta, batik bat, espresio artistiko pertsonal, ireki eta zintzoa maite duten lau lagun bikain daudela.

belako_hamen_C

Josu Ximun Billelabeitia + Cris Lizarraga + Lander Zalakain + Lore Nekane Billelabeitia = Belako.

1.- “SHE SELLS SANCTUARY” (THE CULT,  ‘Love’, 1985)

JOSU XIMUN: Itoiz gogorarazten dit, baina ez da Itoiz, noski.

CRIS: Boston izan daiteke?

BADOK: Ez, kantu zahar samarra da baina Boston baino pittin bat berriagoa.

J.X.: Ahotsa ezaguna egiten zait baina ez dakit. Agian, Midnight Oil?

BADOK: Ez zabiltzate oso urrun… The Cult da.

J.X.: Nik ez dut sekula entzun baina nire aitak bazuen diskoren bat.

BADOK: The Cult-engan pentsatu dut garai hartan oso gustukoa nuelako baina 80ko hamarkadako beste edozein talde gotiko ilun izan zitekeen. Eta hari horri jarraituz, musikari guztiei egitea gustatzen zaidan galdera botako dizuet, lehenik eta behin. Zeintzuk dira zuen lehen oroitzapen musikalak? Eta zein izan zen, abesti bat entzun edo talde bat zuzenean ikustean, “hori egin nahi dut” pentsatu zenuten unea, hots, musika egiten hastea erabaki zenuten unea?

J.X.: Nik, etxean, ume garaian, musika pila bat entzun dut gurasoen bitartez eta modu ez kontziente batean. Gero, nerabezaroan, nire kabuz zer entzun erabaki eta zer nuen gustuko erabakitzen hasi nintzenean, The Clash izan zen nire atentzioa deitu zuen lehen taldea. Ondoren, Ramones eta Joy Division. Triangelu horrek eragin zidan antzeko musika jo ahal izateko talde bat sortzeko grina. Beranduxeago, nire lehengusuaren bitartez The Strokes ezagutu nuen, eta denborarekin nire betiko talde gustukoena bilakatu da. Taldeko laurok kontserbatoriotik pasa gara, eta pianoa, solfeoa, korua eta antzekoak ikasi ditugu baina han ez dugu musika egiteko gogorik garatu. Kontserbatorioek ez dute horrelakorik lortzen, zoritxarrez. Pena da, baina hala da.

C.: Ni Beatles-ekin hasi nintzen musika entzuten, nire aitaren bitartez, zale amorratua baitzen. Baina haiena bezalako musika konplexua egitea ez zitzaidan inoiz burutik pasatu. Institutuan hasi nintzen ni ere nire kabuz musika aukeratu eta entzuten, eta nigan “klik” hori eragin zuen taldea Arctic Monkeys izan zen. Bere musika niretzako idatzia zegoela eta une hartan zehazki behar nuena zela sentitu nuen. Horren ondoren The Strokes eta Yeah Yeah Yeahs aurkitu nituen eta hiru horiek osatu zuten nire triangelu pertsonala. Beranduxeago, Radioheadek izugarrizko eragina izan zuen nigan, baina hasierakoak hiru horiek izan ziren.

J.X.: Hala ere, Arctic Monkeys egun erabat gorrotatzen dugula esan beharko genuke.

C.: Hala da. Azkenaldian erakusten duten AEBetako rock star jarrera ez dut batere gogoko. Hasi zirenean, bere herrialdearekiko erakusten zuten lotura, kutsu kaletarra eta hip-hop-aren eragin hura oso zirraragarriak iruditu zitzaizkidan, baina oraingoari oso aspergarria deritzot.

J.X.: Cris eta biok elkar ezagutu genuen garaian Arctic Monkeys izan zen bion arteko lotura eragin zuena, Joy Division, Pixies eta horiekin batera.

C.: Sonic Youth ere. Eta talde honen inguruan zera esan nahi nuke: jende askok aipatzen du baina oso gutxi dira haren musika ondo ezagutzen dutenak.

BADOK: Ados nago horrekin. Jende asko azalean geratzen da, eta Sonic Youth oso talde anitza eta sakona da. Musikatik harago doazen hainbat lotura dauzka, gainera.

C.: Taldekideen bakarkako lana oso interesgarria da, baita Kim Gordon-en liburua ere.

J.X.: Lee Ranaldo zuzenean asko gustatu zitzaigun baina talde osoa ez dugu inoiz ikusi. Millennials-ak gara, badakizu, gauza asko galdu ditugu, kar kar.

2.- “SHE WILL” (SAVAGES, ‘Silence Yourself’, 2013) 

J.X.: Bai, noski. “She will”, Savagesena.

C.: Inoiz ikusi dudan kontzerturik onenetako bat Savagesena izan zen, ezbairik gabe, Radioheaden telonero moduan. Radiohead ikusteko irrikan nengoen, oso urduri, eta hala ere izugarria iruditu zitzaidan Savagesen ekitaldia.

J.X.: Zera onartuko dizut, abestia entzun dudan lehen unean gurea zela pentsatu dudala. Arreta handiz jarraitu dugu egin duten guztia eta geure abestiak sortzeko erreminta moduan erabili dugu sarritan. Nahiz eta gero, azken emaitza ezberdina izan, noski.

BADOK: Zerk inspiratzen zaituzte hainbeste? 

C.: Hil ala biziko jarrera dute. Abeslariak erabat pertsonifikatzen du jarrera hori kontzertuetan, bere izaera sutsu horrekin, baina talde osoaren ezaugarria da kantu bakoitza interpretatzeko intentsitatea eta diskurtsoarekiko koherentzia ikaragarria. Berdin du abestiak aldez aurretik ezagutzen dituzun ala ez, ez da beharrezkoa, zugan duten eragina izugarria baita eta erabat katigatzen zaituzte. Talde batek horrelakoa izan behar du, nire ustez. Jarraitu beharreko eredua da niretzat.

J.X.: Gainera, dakizun bezala, post-punk kutsuko talde pila bat atera da azkenaldian. Joy Divisionen sukurtsalen modukoak dira asko eta asko, eta gehienak ez dira ezer interesgarririk eskaintzera heldu, baina Savages bai. “Superorijinalak” ez badira ere.

BADOK: Taldearen eraginak oso garbiak dira baina zerbait freskoa ekartzen dute, eta niri ere asko gustatzen zaizkit. Oso indartsuak dira. Beraien intentsitate horretaz gain, orain arte eraman duten karrera meteorikoa ekarri nahi nuke solasaldira. Zuen kasuan ere gauzak oso azkar eta arrakasta handiz jazo dira. Bost urtetan bizi izan duzue beste talde askok hogei urtetan ere biziko ez dutena. Ez duzue bertigo sentsaziorik izan?

C.: Ez. Epe jakin batean, beste talde batzuekin alderatuz, gauzak oso azkar gertatu zaizkigula ez dago ukatzerik. Baina egun aro egonkorrago batean gaude eta lanean etengabe aritzen gara. Sarritan esaten den bezala, iristea “erraza” da, mantentzea da benetan gauzarik zailena.

J.X.: Ez dugu bertan goxo geratu nahi. Hemen, Euskal Herrian edota estatu mailan, lan franko egin dugu orain arte. Hainbat aretotara bizpahiru aldiz joan gara dagoeneko eta lokala beteta ikusi dugu aldioro. Une horietan asetuta sentitzen gara, baina anbizio handikoak gara eta ez dugu inongo bertigorik. Uneoro, modu naturalez egin dugu aurrera eta familia eta lagunen sostengua izan dugu. Horri esker nortzuk garen eta non gauden garbi izan dugu beti, eta oinak lurrean izan ditugu. Eta gauzak arin egin baditugu ere, oraindik eta arinago egiteko aukerak izan ditugu, baina ez gara larritu. Kanpotik dena oso azkar joan dela iruditu arren, gure pertzepzioa bestelakoa da.

C.: Sarritan egin digute galdera hau eta norekin alderatzen zaren da gakoa. Oso erlatiboa da. Guk garbi daukagu musikaren mundu zabalean —musika “alternatiboa” izanda ere— hondar ale txiki bat garela.

BADOK: Zuen diskoetxea sortu duzue, diskoak zuen kasa plazaratu ahal izateko. Zerk bultzatu zaituzte horretara eta gustura al zaudete hartutako erabakiarekin? Eta bide batez, beste talde batzuk “fitxatzea” edota haien lana ekoiztea pasa al zaizue inoiz burutik? 

J.X.: Momentuz ez dago halako asmorik. Buru belarri gabiltza taldearen inguruko gauza guztietan lanean. Zigiluarena, autoekoizpenaren beharra sentitu dugulako egin dugu, eta bide batez, gure ibilbidearen jabe izan nahi genuelako. Diskoetxeen papera neurriz kanpo baloratuta dago. Egungo diskoetxeek ez dizute zuk, zure kasa, egin ezin dezakezun ezer eskaintzen. Zure diskoetxea izateak lan handiagoa eskatzen du eta zure poltsikotik dirua aurreratu behar izaten duzu, baina aukera baten eta bestearen baldintzak eta emaitza ekonomikoak alderatuz gero, garbi dago irabazten ateratzen zarela. Abesti bat egiten badugu gurea izan behar du, taldearena, ez daukagu hirugarren baten beharrik. Kantua sorkuntza pertsonal bat da eta beste batek horren gainean erabakiak hartzen hastea ez zait batere gustatzen. Kosta ala kosta, gure erabakiak hartu nahi ditugu. Gu horren barnean, Sergio Cruzado, gure managerra sartuko litzateke.

BADOK: Sergio oso garrantzitsua izan da, ezta? Oso pertsona langile eta geldiezina da, baina aldi berean oso gertukoa eta apala iruditu zitzaidan ezagutu nuenean.

J.X.: Hala da, bai. Hiru urte daramatzagu berarekin eta gauza bera pentsatzen dugu. Beste alde batetik, gure fan amorratuena da. Garai batean manager lana uztekotan ibili zen, gustukoak ez zituen artistekin lan egin beharraz aspertuta, baina Belako aurkitu zuenean erabat aldatu zen egoera. Sarritan onartu digu berak talde batean joko balu Belako moduko batean litzatekeela.

C.: Berez, Sergio oinak lurrean mantentzea lagundu digun faktore nagusia da. Guretzat oso garrantzitsua da bere presentzia, zeren eta batzuetan “zintzoegiak” izan gaitezke gure adierazpenetan eta kazetari, antolatzaile edo beste edozein pittin bat aztoratu dezakegu. Horrelako egoerak baretzen maisua da Sergio.

J.X.: Ego handiak oso ondo maneiatzen ikasi du eta bera den bezala azaldu da beti, maskararik gabe. Mundu guztiaren begirunea irabazia du eta gurea ere, noski.

C.: Zorte handia izan dugu Sergio ezagutu eta gurekin lan egin nahi izan duelako.

3.- “BLACK MIRROR” (ARCADE FIRE, ‘Neon Bible’, 2007)

C.: Arcade Fire.

J.X.: Erabat miresten dugun beste talde bat da, baina normalean ez digute aipatzen elkarrizketetan. Aurreko diskoan, ordea, eragin oso handia izan zuen.

BADOK: Arcade Firerenak bezalako abesti “handiak” egitea gustatzen zaizuela nabaria da. Baina zentzurik onenean diot, handiak bai baina ez hanpatuak.

C.: Estadioko abestiak baina epika errazegian erori gabe.

J.X.: Oso erraza da tranpa horretan erortzea.

C.: Lurralde zingiratsua baita.

BADOK: Behin baino gehiago aipatu duzue Hamen singlez betetako diskoa dela. Ados nago, eta era horretan ikusten dut zuen musika, pop abesti perfektuaren betiereko bilaketa baten modura. Baina, ba al da pop abesti perfektua egiteko “formularik”, zuen ustez?

C.: Behartu gabe ateratzen dira, eta horregatik funtzionatzen dute. Abestiak aurkitu egiten dituzu, lokalean jotzen ari zara eta bat-batean azaltzen dira eta berehala konturatzen zara abesti handi bat duzula esku artean. “Track Sei” atera zen lehen unetik hit bat izango zela garbi ikusi genuen.

J.X.: Lau trikimailu erabili eta hit bat segituan egin daitekeela uste dute batzuek, baina ez da horrela. Gezurra da hori, ez dago formularik. Are gehiago, “formula” moduko zerbaitera gerturatzen zaren neurrian zure helburutik aldentzen ari zara. Guk zerbait egitea lortu badugu, naturalki egin dugulako izan da, ez dago besterik.

BADOK: Abesti borobilak egitea gustuko duzue. Baina egitura luzeago eta askeagoekin esperimentatzea planteatu al diozue inoiz zuen buruari? Radiohead bezala, esaterako.

C.: Egun jarraitzen dugun sistemarekin, abestiak gure behar pertsonalak bultzatuta ateratzen dira, beste ezerk baino. Gure berezko ezinegonak eta kuriositateak eraginda gauza ezberdinak probatzen hasi gara azken aldi honetan.

J.X.: Beti izan ditugu “B aldeko” abestiak, baina gero, singleak jasotzen du atentzioa, logikoa denez. “Ezkutuko” horien artean baditugu ohikoak baino abesti aldrebesagoak.

C.: Abesti bat egiten dugunean, garbi ikusten dugu single bat izango dela, baina ez da aldez aurretik pentsatzen dugun gauza bat. Ez diogu hamar single idazteko erronkarik edo helbururik ezartzen geure buruari, ateratzen direnak atera daitezela eta kito. Abestiak modu naturalez ateratzea eta betegarri moduan inoiz ez sartzea dira gure bi baldintza nagusiak. Hirugarren diskoan aurrekoetan landutako adarren adarretan gauza berriak probatzen ibili gara, baina beti baldintza horien pean. Ez dugu inorekin edo ezerekin “ezkondu” nahi.

J.X.: Zuzenekoetan, batik bat festibaletan, estruktura berriak probatzea oso zaila suertatzen zaigu orain. 30 edo 40 minutu eskas ditugu eta jendeak singleak eskatzen dizkizu, eta jotzea gustatuko litzaigukeen hainbat abesti alde batera utzi behar izaten ditugu. Aretoetan jotzen dugunean ordea, saio luzeagoak direnez, kontzertuaren erdian pasarte lasaiagoak eta aldrebesagoak sartzeko aukeraz probesten saiatzen gara.

BADOK: Bakarka edo beste elkarlan batzuetan aritzea aztertu al duzue inoiz edo Belakok %100ean betetzen zaituzte? 

J.X.: Beno, nik baditut beste proiektu batzuk, Lukiek kasu.

C.: Eta Lukiek nire talde gustukoena da gaur egun, beraz arazorik ez, kar kar. Gainera, Lukiek-en Josuk bere ordaina hartzen du eta Belakon baino askoz modu erraietakoaz aritzen da. Elkarlanetan pila bat ikasi daitekeela uste dut. Nik ez dut nire kasa ezer plazaratu oraindik baina nire gauzatxoak egin ditut dagoeneko. Yellow Big Machine-rentzat egin dudan elkarlana, adibidez, oso gogobetegarria izan da niretzako, sortze prozesuan parte hartzen nuela sentitu bainuen, eta taldea oso gustukoa dugu gainera.

 4.- “CHARLOTTE SAYS” (EL INQUILINO COMUNISTA, ‘El Inquilino Comunista’, 1993)

J.X.: Pixies-en antza hartzen diot baina ez dakit zer den.

C.: Bai, Pixies-en antza nabarmena dauka.

BADOK: Estilistikoki Pixies-en musikara asko gerturatzen dira, baina ez dira hain urrun bizi, ezta gutxiago ere.

C.: Ez dakit zer den, baina ikaragarri gustatzen zait.

J.X.: Erabat 90eko hamarkadakoa da. Dinosaur Jr. esango nuke, baina ahotsa ez da J Mascis-ena.

BADOK: Emandako arrastoari jarraitu, oso gertukoak dira.

J.X.: Ah, noski! Leta eta konpainia! El Inquilino Comunista!

C.: Ezagutzen dut baina, egia esan, ez dut inoiz entzun.

J.X.: Nik ere ez, taldeaz istorio asko entzun ditut garai haiek bizi izan zituztenen aldetik. Yellow Big Machinekoak, adibidez, oso zaleak dira, baina niri urrun samar geratzen zaizkit. Hala ere, Leta [Javier Letamendia] ezagutzen dugu eta harremana dugu.

BADOK: Ingelesez abesten aitzindari izan ziren gure artean. Zuek ere ingelesa erabiltzen duzue hein handi batean eta, oro har, oso soinu “internazionala” lortzen duzue, naturaltasunez eta lexiko aberatsaz egiten baituzue. Baina “salgarria” izan arren, globalizazioaren “nahas-mahas” homogeneo horretan disolbatu eta galtzeko arriskua duela iruditzen zait. Hots, egiten duzuen musika Mungian, Vladivostoken, New Yorken edo Singapurren egin zitekeen eta egiten da. Gaur egungo talde askoren jatorria ezagutzea ezinezkoa bezain zentzugabea bilakatu da. Baina zuek euskara ere sartzen duzue. Euskal nortasuna adierazi nahi al duzue horrekin? Garrantzitsua al da zuentzat?

J.X.: Bai, euskal nortasuna, taldearen izenetik hasita, beti izan da garrantzitsua guretzako. Euskaraz ahalik eta gehien aritzeko erronka moduko bat izan dugu beti. Baina aldi berean, eta berriz ere, modu naturalean egiten dugu euskaraz edo ingeleraz. Crisek oso ingeles ona eta arina baitauka. Ingelesez aritzen diren hainbat talderen maila eskas samarra da eta erabat behartuta ari direla oso nabaria da, ordea. Nik ezingo nuke kantu bat ingelesez egin, ez baitaukat Crisen maila, eta hizkuntza horretan ezin dut esan nahi ditudan gauza guztiak behar bezala adierazi. Hori esanda ere, kantuak euskaraz egiteak eta entzulegoak ulertuko dituela jakiteak edukia eta forma zaintzera bultzatzen nau.

C.: Lukiek taldean Josu Juan Carlos Perez gogorarazten duen euskara “anglofilo” batean aritzen da eta jendea pixka bat nahasten du. Baina oso pertsonala izateaz gain, euskarari ikuspegi berri eta aberatsak ematen dizkiola uste dut, eta atzerritarrei erakargarri suertatu dakieke.

BADOK: Euskararen eta beste hizkuntzen arteko joko horiek euskararentzat onuragarriak eta interesgarriak direla deritzot nik ere. Euskarak nolabait arnasa hartu behar baitu bizirik jarraitu ahal izateko. Bestalde, nire galderan inplizitua zegoen euskalduna izatearen kontzeptua. Zer da euskalduna izatea? 8 apellidos vascos-en topikoak betetzea? Nire ustez, zuek egiten duzuenak euskarari eta euskal nortasunari bizia ematen dio, nahiz eta %100a euskaraz egina ez izan. Topikoetan erori gabe, euskara beste mundu batera eta beste giro batzuetara hedatzen duzuelako, hain zuzen ere.

J.X.: Kristona da Kordobara jotzera joan eta lehen ilaran, euskaraz tutik ere ulertzen ez duten hiru gaztetxo gure kantua guztiak abesten ikustea. Gure musikaren eraginez euskara ikastera animatu den andaluziar bat edo beste ezagutzen dut, kar kar.. Oso gauza polita iruditzen zait, benetan.

C.: Gerturatze kultural oso interesgarria dela deritzot, modu artistiko zintzo batean eta oztopo politikorik gabe egina.

BADOK: Hari horretatik tiraka, mundu mailan jasaten ari garen homogeneizazio kulturalak kezkatzen nau. Frankizia berak ikusten ditugu hiri guztietako kaleetan eta musikari askok ere frankizia moduan funtzionatzen ez ote duten galdetzen diot nire buruari. Azken aldiko garage taldeen kasua da adibidez, arimarik gabekoak eta berdin-berdinak iruditzen zaizkit denak.

C.: Hala da, frankiziarena oso alderaketa ona da. Trap-arekin ere antzeko gauza gertatzen da, formula asko eta mami gutxi.

BADOK: Agian bai, baina trap-en iraganekiko jarrera urratzaile handixeagoa eta freskoagoa sumatzen dut.

C.: Bai, baina trap-ak dilema baten aurrean jartzen nau. Alde batetik, dantzatu eta gozatu dezaket, baina hainbat gazterengan duen eragin negatiboa ikusita ezin dut erabat besarkatu. Kontzerturen batean edo bestetan izan naiz eta ondo ezagutzen dudan jendeak, eskolako jolas orduan ibiliko balitz bezala, kontrola nola galtzen duen ikusteak ahobete hortz utzi nau. Ez dakit benetan zer pentsatu.

J.X.: Ni orain dela urte eta erdi hasi nintzen trap-a entzuten eta hasiera batean oso ondo, oso gauza freskoa eta edozein gauza zirikatzeko beldurrik gabekoa iruditu zitzaidan. Baina jendea trap abeslariak neurririk gabe miresten hasteak eta idolo moduan ikusteak kezkatu egiten nau, ez zait batere gustatzen jarrera hori eta betiko akatsak errepikatzen ari garela iruditzen zait.

C.: Josu oso zorrotza da horretan. Ni errazago emozionatu eta maitemintzen naiz musikariez baina gero berak lurrera jaisten nau eta gu bezalako pertsonak direla gogorarazten dit.

J.X.: Zenbait gauzarekin oso kritikoak dira batzuk, eta aldiz, beste kasu batzuetan dena onartzen dute.

C.: Hala da, hitzetako matxismoa eta indarkeria dela eta, azken aldian denek arbuiatzen dute reggaetoia eta trap-ari buruz ez dago ezer esaterik, eta badago salatzeko gauza franko. Ez da bidezkoa, izpiritu kritikoa beti gorde behar da, onerako eta txarrerako. Reggaetoi guztia arbuiatzeak ez dauka batere zentzurik. Bestela, zergatik ez rock-and-roll guztia arbuiatu? Ez al daude milaka rock-and-roll abesti matxista?

5.- “ON THE VERGE OF TEARS” (AINARA LEGARDON, ‘In The Mirror’, 2003) 

J.X.: Russian Red ez da izango, ezta?

BADOK: Ez, gertukoa da.

J.X.: Bizkaitarra?

BADOK: Bai.

J.X.: Ainara Legardon?

C.: Bai? Ez zait bada bera iruditu, entzun ditudan bere abestien aldean oso ezberdina da hau.

J.X.: Abesti horren country-americana puntu horrek ez dauka batere zerikusirik orain egiten duen rock esperimental eta ilunarekin.

C.: Beraz, Ainarak Maika Makovski edo PJ Harveyren kontrako norabidea hartu du, hau da, samurretik gordinera pasa da. Primeran iruditzen zait. PJ Harveyren bilakaerarekin desengainu handi samarra hartu baitut. Oso disko onak egiten ditu baina Rid of Me-ren gordintasuna eta erraietako intentsitatea faltan botatzen ditut. Nolabait uler dezaket bide hori hartu izana, baina zahartzearekin geroz eta musika lasaiagoa egiteak ez nau erabat konbentzitzen.

BADOK: Ainara Legardonek SGAEren historiaren inguruan idatzi duen liburua dela-eta ekarri dut bere abestia. Zuek nolabaiteko “ospea” eskuratu duzue, baina horrek ez dizue apenas etekin ekonomikorik eman.

J.X.: Ainararen ikastaro batean izan nintzen orain dela 4 edo 5 urte, taldearen hasieran. Oso pertsona jatorra eta lagungarria iruditu zitzaidan, bere esperientzia pertsonala kontatu izana argigarria izan zen guretzat. Eta etekin ekonomikoari buruz diozuna erabat zuzena da. Sari asko jaso ditugu baina diru gutxi.

C.: Ezer ez. Jendearen begietara dena primeran doa guretzat, dirua barra-barra gastatu eta rock izarren bizimodua eraman dezakegu, eta errealitatean oso urrun gaude hortik. Honetaz jabetzeak beste hainbat artista famaturekiko izan ditudan aurreiritziak zalantzan jartzera eraman nau. Gauzak pentsa baino zailagoak izan baitira beraientzat eta meritu ikaragarria dutela onartu beharra dago. Gu Arte Ederretako ikasleak gara eta gure ingurukoen artean estutasunak baino ez ditugu ikusten. Jende guztiak malabarismoak egiten ditu aurrera ateratzeko. Sortze-jarduera batera dedikatzen zarenean sistemak etengabe oztopoak jartzen ditu zure bidean. Hala da eta hala esan beharra dago.

BADOK: Ainararen liburua eta jabetza intelektualaren inguruan dituen teoriak ezagutzen dituzue?

C.: Ez, baina funtsean eta askoz hobeto landuta, bitartekaria diru guztiarekin geratzen dela esango duela suposatzen dut.

J.X.: Arazoa SGAEren monopolioa eta egin duten kudeaketa txarra da. Ez dago beste alternatibarik dagokizuna eskatu ahal izateko.

C.: Elektrizitate konpainien gehiegikeriaren antzekoa da.

J.X.: Tarte batez Creative Commons lizentziarekin egin genuen dena baina azkenean SGAEra bueltatu behar izan ginen, bertako kide ez bazara ezinezkoa baita zure eskubideen ordaina jasotzea. Eta gainera, eskubide horien kontrola eta zenbaketa zeuk eraman behar duzu eta zeuk joan behar duzu SGAEren egoitzara haien ordaina eskatzera. Haiek ez dute hatz bat ere mugitzen. Oso egoera deserosoa sortzen da.

BADOK: Hau guztia modu duin batean egiteko biderik egon beharko du bada…

J.X.: SGAE moduko enpresak egotea berez ona eta beharrezkoa da, baina ezin dute hain modu ustelean funtzionatu. Hori da gakoa.

6.- “CACTUS” (DAVID BOWIE, ‘Heathen’, 2002)

J.X.: Bowie?

BADOK: Bai. Eta abestia, norena da? Bertsio bat baita.

C.: Badakit baina ez zait izena burura etortzen… ai ama!

BADOK: Elkarrizketan dagoeneko aipatu duzuen talde batena da abestia.

[Une horretan Crisen ahizpa pasatu da kafetegiaren ondotik eta Crisek agurtu eta barrura sartzera gonbidatu du, abestia norena den asmatzeko gai izango delakoan. Baita asmatu ere. Modalitate berri hau “ahizparen komodina” izendatzea erabaki dugu, beraz]

C.: Pixies!!!!

BADOK: David Bowie ekartzeko arrazoia, Pixiesekiko lotura eta bere eragin handiaz gain, bere esaldi ezagun hau da: “Ez zaitez inoiz saiatu entzulegoak zer nahi duen asmatzen eta asetzen, zuk nahi eta sinesten duzuna egin beti”.  Zuek entzulego oso zabal batera iristen ari zarete, gero eta zabalagoa gainera. Horrek hainbeste jende asetu nahi izateko nolabaiteko presioa sortzen dizuela suposatzen dut. Baina bestalde, asetu nahi izate horrek porrotera eraman zaitzake. Nola kudeatzen duzue eztabaida hori?

C.: Sorkuntzaren munduan, zure ustez ondo funtzionatuko duen zerbait egiten saiatzea ohiko akatsa da. Zuretzat funtzionatu behar du lehenengo eta behin, eta hala bada bakarrik funtzionatuko du besteentzat. Zure barneko zerbait behar du izan, lokaleko intimitatean gozatutakoa behar du.

J.X.: Entzulegoak zu gozatzen ikusten zaituenean gozatzen du. Hala pasatzen zait niri ere, entzule moduan. Hala eta guztiz ere, Bowieren posizio gorenetik jarrera hori mantentzea askoz zailagoa dela onartu beharra dago.

C.: Bere biografia irakurri nuen eta miragarria da zein ausarta izan zen eta zenbat irain eta oztopo gainditu behar izan zituen ikustea. Hala eta guztiz ere, Madonnak hitzaldi batean esan zuen bezala, Bowie miresgarria da, baina gizon bat zelako egin ahal izan zituen gauza guzti horiek eta bere erara. Emakume batentzat ez litzateke inondik ere posible izango. Ikaragarri gustatu zitzaidan Madonna bezalako izar batek hori salatzea. Erabat ados bainago. Presioaren kontuari dagokionez, senari jarraitzen badiogu bide zuzenetik goazela sumatzen dugu eta horrek gure buruarekiko ziurtasun handia sentiarazten digu. Beraz, presioa onuragarritzat daukagu, gauzka ondo dihoazkigula esan nahi duelako. Eskakizun maila goratzea gauza bizigarria da taldearentzat.

7.- “NO MIRES A LOS OJOS DE LA GENTE” (GOLPES BAJOS, ‘Golpes bajos’, 1983)

J.X.: 80ko hamarkadakoa erabat.

C.: Miss Kittin.

BADOK: Ez. Zaharragoa da.

C.: Radio Futura.

BADOK: Hortxe-hortxe…

J.X.: Decima Victima…

BADOK: Oso gertu zabiltzate…

C.: Nacha Pop.

BADOK: Ozta-ozta baina ez. Galiziako Golpes Bajos da. Ezagutzen duzue? Abesti batzuetan 80ko synth-pop ukitu nabaria duzue.

J.X.: Ezaguna zait baina ez dut entzun.

C.: Nik ere ez baina asko gustatu zait.

BADOK: Galdera honetan, musika kazetariok, eta oro har musikazale zailduok, sarritan azaltzen dugun jarreraren autokritika egin nahi nuke. Ez baita zilegi talde gazteengan jartzen dugun zama: haien lana iragan “loriatsuago” batekin alderatzen dugu etengabe, eta noski, beti gara gai antzekoak edo, nahi izanez gero, “hobeak” deritzogun taldeak aurkitzeko. Presio jasanezina da hori talde gazteentzat, ailegatu ezinezko langa bat jartzen baitiegu era horretan. Geure buruen nolabaiteko erreset bat egin beharko genukeela iruditzen zait. Musika hizkuntza bezala ulertu eta espresio bakoitzaren berezitasunak era “garbiagoz” aztertu eta gozatu.

C.: Nire ustez, talde berri bat aurretik entzun duzun beste batekin identifikatzen duzun unean, zure belarriak itxi egiten dituzu nolabait eta betirako bi talde horien arteko lotura bat ezartzen duzu. Oso nekeza zaizu gero jatorrizko erreferentzia horretatik harago joatea. Denok egiten dugun akatsa da.

BADOK: Horixe da, hain zuzen ere, esan nahi nuena. Ondo adierazi duzu.

C.: Joy Division eta Pixies-en zakuan sartu gaituzte berehala eta horretara mugatu gaituzte. Horregatik, aurreiritzi horren aurka egitea eta hori baino askoz anitzagoak garela erakustea erronka eta helburua bihurtu da guretzat. Aurpegi polita baino askoz gehiago gara.

BADOK: Baina, bestalde, eta agian presio horren ondorioz, talde gazte askok iragan horrekiko gehiegizko begirunea azaltzen dutela iruditzen zait. Hots, eredu jakin batzuen jarraipenean gehiegizko arreta jartzen dutela eta ez direla erabateko askatasunez espresatzen. Hein batean horregatik aipatu dut trap estiloa lehenago, emaitzak hobeak edo eskasagoak izan daitezke, baina funtsean iragan horrekin apurtzeko desira bat nabari da estilo horretan. Eta hasiera batean behintzat, onuragarria dela deritzot.

J.X.: Bai, arrazoi duzu, gu erreferentzia garbiegiak saihesten saiatzen gara. Abesti bat konposatzean pasarteren batek beste talde baten musika gehiegi gogorarazten badigu beste norabide batetik eramateko ahalegina egiten dugu. Gogorarazi digun talde horrek inoiz egingo ez lukeen zerbait egitea probatzen dugu, adibidez. Baina, trap-aren inguruan, zera pasatzen zait, soinu apurtzaile eta berria dela onartu arren, azkenean patroi bat sortu du honek ere, eta trap musikari denek edo gehientsuenek jarraitzen dute patroi hori bera. Ondorioz, ahalmen urratzaile guzti hori galdu egiten da. Estilo ezberdinak nahastea gustatzen zaigu eta horretan Gorillaz moduko talde bat dugu eredu. Izugarri gustatzen zaigu.

C.: Erraz konformatzen ez den eta beti gauza berriak probatzeko prest dagoen jendea, horiek dira gure kutunak.

8.- “RATTLESNAKE” (ST VINCENT, ‘St Vincent’, 2015)

J.X.: CocoRosie?

BADOK: Ez, baina ez zaude oso urrun. Emakumezkoa da, bakarlari bezala aurkezten du bere burua eta izen artistikoa erabiltzen du. Prince-ren ukitu bat ere badauka.

C.: Lady Gaga esango nuke, baina ez da izango, noski.

BADOK: Ez, St Vincent da.

C.: Jope! Ba benetan behin baino gehiagotan pentsatu izan dut St Vincentek Lady Gagaren alderdi arraroena gogorarazten didala.

J.X.: Ezagutzen dut. Oso ona eta kristoren gitarrista dela iruditu arren, ez nau erabat katigatzen.

BADOK: Ulergarria da, musikari oso trebea eta oso artista pertsonala eta bitxia da, baina bere musika ez da erraza. Trebezia miragarri hori emakumezko bati lotuta ikustean, ezinbestekoa zait ICON aldizkarirako Crisek, musika munduaren inguruko matxismoa salatuz, idatzitako eskutitza aipatzea. Baina zuen esku uzten dut elkarrizketarako komentatzea ala ez. Agian pittin bat aspertuta zaudete gai honetaz. Hala ez bada, zerk bultzatu zintuen eskutitza idaztera?

C.: Hainbat elkarrizketaren ostean, emakumeen egoerari buruz eta horren inguruan sentitzen nuen frustrazio eta ezintasunari buruz mila gauza esateke uzten nituela sentitu izan dut. Zuri buruz argitaratzen den guztiaren kontrolik ez duzu eta prentsak sarritan txotxongilo baten moduan sentiarazten zaitu. Gauza da, une jakin batean, batere gustatu ez zitzaidan elkarrizketa baten ondoren (indie eszenako “tío bueno” eta “tía buena” zen kazetariaren hizpide nagusia, pentsa), beste batean mikromatxismoaz galdetua izan eta ezin izan nuen nahi bezala erantzun, eta gero kazetari batek bere txantxa matxistekin neure onetik atera arazi ninduen, eta jada nahikoa zela eta zerbait egitea erabaki nuen. Hurrengo elkarrizketan matxismoaren inguruan galdetua izatean edo zantzu matxistako iruzkinen bat entzutean erabat lehertu baino lehenago, esan nahi nuen guztia eskutitz batean jartzea, hain zuzen ere. Jeneroen arteko desoreka, askok dagoeneko gaindituta daukagun arazo bat dela diote baina ez da horrela, jarrera matxistak garai berrietara moldatu dira soilik eta bere horretan jarraitzen dute kasu askotan. Pila bat irakurri nuen idatzi aurretik eta kriston lana izan zen 4.500 karakterretan esan beharreko guztia biltzea baina lortu nuen azkenean eta oso pozik sentitu nintzen. Baina gero, argitaratzeko garaian, berriz ere prentsak nahi bezala maneiatu zituen gauzak eta oso tonu sentsazionalistako sarrera eta titularra jarri zizkioten artikuluari. Oso gaizki pasatu nuen egun horretan, testuari eman nahi nion izaera konstruktibo guztia galdu egiten baitzen eta nik inolaz ere bilatzen ez nuen zantzu biktimista nabaria zuen. Edozein erara, eskutitzaren eta sarreraren arteko aldea oso agerikoa da eta El País-en azaltzean oso hedadura zabala izan du eta ondorioz, jende askoren aldetik feedback oso positiboa jaso dugu. Belakoren alde soilik ez baizik eta nire antzera jarrera matxistei egunero aurre egiten dieten emakume lankide guztien alde idatzi dudala garbi utzi nahi nuke. Ezagutzen ditudanak eta ezagutzen ez ditudanak barne.

9.- “MANUELA” (AMORANTE, 2017) 

C.: Amadou et Mariam.

BADOK: Kar, kar, ez da batere erantzun desegokia baina oraingoan ere askoz gertuagoko artista bat da.

C.: Delorean? Bollywood-eko musika dirudi, ezinezkoa zait jakitea.

BADOK: Elgoibarko artista bat da.

J.X.: Uf, ezta ideiarik ere. Mursegorena izan liteke.

BADOK: Bai, baina kasu honetan Iban Urizar Amorante da egilea. Oso artista interesgarria. Ezagutzen duzue?

J.X.: Ez. Baina interesgarria dirudi, bai.

BADOK: Musika estilo eta eremu berriak ezagutu eta probatzea aipatu duzue etengabe elkarrizketan. Bide horretan, akatsak egiteko beldurrik ez da izan behar. Are gehiago, eta Amorantek bere elkarrizketan esan zuenarekin lotzen dut, errore bera erabilgarria suertatu daiteke sormen prozesuan. Hala da zuentzat ere?

C.: Batzuetan segurtasun falta handia sentitzen dut egiten dudanarekiko eta taldekideak dira aurrera ateratzea bultzatzen nautenak, horrexegatik bakarlari moduan lan egiten duen jendea bereziki miresten dut. Oso ausarta izan behar duzu era horretan aritzeko. Talde batean denok gara garrantzitsuak sormen prozesurako, denok laguntzen diogu elkarri. Baina bakarka zarenean oso ezberdina izan beharra dauka eta horrek jakinmin handia eragiten dit.

J.X.: Erroreena El País-erako emandako elkarrizketa batean aipatu genuela uste dut. Arte Ederrak ikasteak akatsak onartu eta geureak egiten lagundu digula esango nuke.

C.: Ez dugu perfekziorik edo borobiltasunik bilatzen. Abestiaren eskeletoa eta josturak agerian egotea ez zaigu axola. Zuzenekoa, bere akats guztiekin, biziki maite dugu.

J.X.: Berriak eta zureak diren doinuak sortu ahal izateko akademian ikasitako guztia “desikasi” behar duzu lehenik eta zerotik hasi berriz ere. Hori da zailena.

C.: Batzuetan konpromiso politikorik ez dugula aurpegiratzen digute, baina gure konpromiso pertsonal eta artistikoa gauza errazekin ez konformatzean eta norabide berrien etengabeko bilaketan datza.

10.- “ZEBRA” (ZEBRA, ‘Teen Dream’, 2010)

J.X.: Beach House?

BADOK: Bai! Bere ahots tonuak zurea gogorarazten dit, Cris.

C.: Behin baino gehiagotan esan didate, baita Cat Powerrena ere.

BADOK: Abestiaren izaera onirikoaz probestuz, eta azken galdera moduan, musikalak ez diren eraginez hitz egin nahi nuke. Zeintzuk dira, baldin badaude, musika mundutik kanpo Belakoren gainean eragina izan duten horiek?

C.: Zinema batik bat. Zinefilo hutsak baikara.

BADOK: Belako talde bezala definitzen duen filmik ba al dago? Edo agian hobe, aukeratzekotan, zein filmerako gustatuko litzaizueke musika konposatzea?

C.: Galdera tranpa da hori, beste behin ere gauza bera galdetu digutelako eta erantzuna ondo pentsatuta dakargulako, kar kar. Japoniako Ghibli estudioaren zale amorratuak gara. Bertatik deituko bagintuzte pozez zoratuta joango ginateke.

J.X.: Disko berrian Ghibli estudioen musikan inspiratutako doinu bat daukagu.

ETIKETAK:AmoranteBelakoCris LizarragaItoizJC PerezJosu Ximun BillelabeitiaMursegoSergio Cruzado