Musika

Iñigo Astiz

2016.05.20

Iñigo Astiz

Ska erritmoko ska musika

“Zuek fanatismotik sortu zarete!». Lagunak egindako akusazioa aipatu du Borja Goñi gitarra jotzaileak Bilbomatiks taldearen muina azaltzeko. Jamaikako 1960ko hamarkadako ska musika da haiei gustatzen zaiena, eta Jamaikako 60ko hamarkadako ska musikaren oihartzun argia du taldearen izen bereko diskoak ere —autoekoizpena—. Horixe, beraz, lagunek broma modura aurpegiratutako fanatismoa. «Entzuteko eta dantzatzeko ska bat da hau; ez da lelo errazeko eta kalimotxo botilarekin gora eta behera ibiltzeko musika. Ez gara sartzen hori egiten duen jendearekin. Euskal Herrian modan jarri den gauza bat da, eta errazagoa litzaiguke hori egitea, baina, egia esan, nazkatuta gaude hori entzuteaz». Jatorrira jo du horregatik bederatzikoteak beren ibilbideko lehen lan luzeko zortzi kantuak sortzeko. Gaur aurkeztuko dute diskoa zuzenean, Bilboko Stage Live aretoan, The Aggrolites taldearekin batera.

BILBOMATIKS

Bilbomatiks taldea osatzen duten bederatzi kideen argazkia.

Sortu, 2007an sortu zen taldea, eta 2015ean heldu zen lehen diskoa. «Horretan ere Jamaikako erritmoan aritu gara», egin du lehenik broma Goñik, baina fanatismoaren erreferentzia egin du berriz gero. «Guk Jamaikako musika egin nahi genuen, lagun batek bazuen musika horri eskainitako irratsaio bat ere Irola irratian, eta hasi ginen elkartzen jotzeko jotzen jakin gabe». Bad Manners, The Specials eta Two-tone estiloko taldeen bertsioak egiten eman zituzten hainbat urte. Grezian eta Italian ere izan ziren horri esker, baina jotzen jarraitu, beren kanta propioak egitea erabaki, eta orain heldu da diskoa ska, skinhead reggae eta rocksteady doinuak uztartuz. «Hiruzpalau urteko impasse bat izan genuen, erabaki arte grabatu behar genuela zerbait. Gainera, ez genuen nahi atera edozein gauza; zaindu nahi genuen. Ez dugu lortu nahi genuen bezain klasikoa izatea, baina iparra jarri dugu». Eta harrera beroa izan du lanak eszena espezializatuan.

Euskaraz kantatzen dituzte kanta guztiak, eta, Goñik azaldu duenez, berezia egiten zaio hori ska munduan dabilen jende askori. «Bitan edo hirutan esan digute euskaraz kantatzearena egin zaiela deigarrien. Zoriondu ere egiten gaituzte batzuek horregatik». Haien erabakia argia dela dio: «Guretzat, hautu politiko bat da euskara. Nik uste dut behar zela talde bat egotea, euskalduna eta estilo hau jorratzen zuena. Akats taldekoak, adibidez, euskaraz hasi ziren; baina, gero, erdarara pasatu ziren, eta entzuten genuenean pena hori izaten genuen. Hutsune hori bete behar dela pentsatzen dugu».

«Guretzat, hautu politiko bat da euskara. Nik uste dut behar zela talde bat egotea, euskalduna eta estilo hau jorratzen zuena”

Euskal Herrian aski zabalduta daude punkarekin eta rockarekin nahastutako ska doinuak, baina, Goñik dioenez, oraindik ere «arrotz» egiten zaio jendeari klasikoen erritmo geldoagoa. Hasierako kontua baino ez da izaten, ordea, dioenez. «Skalariak-ek egin zuen lehenengo diskoetan ska klasiko pixka bat, baina jendeak arrotz ikusten du oraindik. Gero, pare bat kanta pasatzen dira, eta animatzen da jendea! Durangoko Ahotsenean egin genuen zuzenekoan, oso ederra izan zen ea zer zegoen ikustera joandako jendea dantzatzen ikustea».

Kontzertu festa
“Ostirala” izeneko kantuan igartzen da argien musikariak aipatutako klasikoekiko zaletasun hori. Kantariak kanta, eta koruak erantzun; kantaria, koruak eta lelo itsaskor bat gero, dena erritmo geldoan. «The Maytals, Justin Hinds eta gisako taldeak izan ditugu gogoan hor», aitortu du. Giro klasiko horretan doaz okupazioari buruzko Sartu”, Karola”, Hi bai hi” eta Sukarra” instrumentala, eta rocksteady reggae ukitu handiagoa du Lokatzetan goxo” abestiak. Eta Hi bai hi” kantaren dub bertsio instrumentalarekin amaitzen da diskoa.

Iazko Durangoko Azokarako kalean zuten diskoa jada, baina gaur eskainiko dute aurkezpen emanaldia, Bilboko Stage Live aretoan, AEBetako The Aggrolites taldearekin batera. Goñik dioenez, berezia izango da emanaldia, kontzertua festa bilakatzea baita taldekoen asmoa. Bilkura moduko bat izango da, aurreratu duenez. Ugly Ones disko jartzaileak arituko dira lehenik giroa berotzen, eta gero eskainiko dute Bilbomatiksekoek saioa. «Bi musikari gehiago ere hartu ditugu emanaldirako», zehaztu du gitarra jotzaileak. «Behin bakarrik joko The Aggrolitesekin, eta zerbait berezia egin behar!». Ordubeteko kontzertuaren ostean, berriz disko jartzaileak eta iparramerikarrak. Gau osokoa izango da festa, halere. Emanaldi ostean, Kremlin tabernan goizera arteko saioa eskainiko baitute disko jartzaileek.

ETIKETAK:Bilbomatiks