Musika

Iñigo Astiz

2016.05.11

Iñigo Astiz

Rocka eta trumoiak

Auñamendi entziklopedian dator Eate izeneko euskal izaki mitologikoaren deskribapena. «Eate: Gipuzkoako Goierrin ekaitzaren, suaren, uholde handien eta urakan haizeen jeinua; harri jasen, sute suntsitzaileen edo uraldi handien aurretik entzun daiteke haren ahotsa». Eta entziklopediak deskribatutako izaki horren rock bertsioa eskaini nahi izan du, nolabait ere, Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak bere azken diskoan. Izaki mitologikoaren deskribapenak beren musika ere deskriba dezakeela sentitu, eta Eate izendatu dute horregatik beren ibilbideko bigarren disko luzea (Autoekoizpena). «Aproposa iruditu zaigu».

Niña Coyote eta Chico Tornado. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Niña Coyote eta Chico Tornado, diskoaren aurkezpenean, Bilboko Kafe Antzokian. (Marisol Ramirez / Argazki Press)

Gitarra eta bateria soilik erabiltzen ditu kantak sortzeko Ursula Strongek eta Koldo Soretek osatutako bikoteak, baina sendoa da haien soinua. Eta Soretek emanaldi guztietan aurrean izaten dituen 11 gitarra pedalak dira klabea. Izan ere, tresna horiei esker gitarra jo ahala, baxua ere simulatzeko aukera du musikariak, eta indar handiagoa lortzen du horri esker. Disko honetarako urrats bat gehiago egin dutela esan du, gainera. «Beste efektu bati esker Hammond teklatua ere simulatzen dut orain gitarrarekin, eta beste borobiltasun bat hartu du soinuak horri esker». Soretek gitarra jo, beraz, eta aldi berean entzuten dira bozgorailutik gitarra, baxua eta teklatuak; baina jo, gitarra eta bateria bakarrik jotzen ditu bikoteak hala zuzenean, nola estudioan.

Koldo Soret: “Hammond teklatua ere simulatzen dut orain gitarrarekin, eta beste borobiltasun bat hartu du soinuak horri esker”

Dena da berdin eta aldi berean ezberdin taldearen bigarren disko luzean. Aurreko lana bezala, Usurbilgo Higain estudioetan grabatu dute disko hau ere, eta, orduan bezala, Haritz Harregi aritu da teknikari oraingoan ere. Tarteka doaz abestutako kantak eta abesti instrumentalak berriz ere, eta gitarra eta bateria dira guztiaren funtsa. Dena igual. Baina elementu guztiak berberak izan arren, diskoa ezberdina dela dio Koldo Otamendi www.musikazuzenean.com orriaren koordinatzaileak diskoa aurkezteko testuan. «Estudio bera, formatu bera, soinu teknikari bera… Hala ere, emaitza hobea lortu du bikoak, kantu eta produkzio borobilagoak lortuz». Sendotasuna irabazi du taldeak denborarekin, Otamendiren ustez, eta soinu propio bat ere bai. «Dagoeneko bada Tornado soinu bat. Coyote erritmo bat. Lehen melodia aditu, eta berehala konturatzen zara Niña Coyote eta Chico Tornado entzuten ari zarela. Eta hauxe da talde bat talde egiten duena: nortasuna».

Banaketa zabaltzen
Bizia izan da taldearen erritmoa azken urteetan. 2013an kaleratu zuten taldearen izen bereko diskoaLainoland lan laburra atera zuten 2015ean, eta 105 kontzertu badituzte zenbatuta denbora tarte horretan. Eta bikoteak dioenez, musikan ere igartzen da errepidean pilatutako esperientzia hori. Soret: «Nabaritzen da azken urteetako eboluzioa». Findu egin dituzte gitarraren baxu efektuak, esaterako, eta estudiora sartu aurretik bereziki gogor entseatu dutela diote.

Hamalau kanta ditu diskoak. Kantatutakoak zazpi, eta instrumentalak beste zazpi. Eta bertsio bat ere badago tartean: Graham Central Station taldearen Earthquake” abestia, zehazki. 70eko hamarkadako funky kanta psikodeliko xamar bat da jatorrizko bertsioa, baina euren mundura eraman dute diskoan Niña Coyote eta Chico Tornadok. «Asko gustatu zitzaigun kanta hori taldea ezagutu genuenean. Flipatuta gelditu ginen, eta bertsio bat egiten saiatzea erabaki genuen. Emaitza oso ona dela uste dugu».

Koldo Otamendi: «Dagoeneko bada Tornado soinu bat. Coyote erritmo bat. Eta hauxe da talde bat talde egiten duena: nortasuna»

Kolaboratzaile sorta izan dute diskoan. Joseba B. Lenoirrek gitarra batzuk sartu ditu Flor de la muerte” kantan, Zigor Dz DJak skratx batzuk egin ditu Euphobia” abestian eta Belako taldeko musikariek ere lagundu dituzte Diana & Sebastian” eta Ariñau” kantetan. Eta hitzekin ere izan dute laguntzarik, Harkaitz Canok eta Ioritz Apaolazak testu bana sortu baitute taldearentzat.

Lanaren zabalpena hedatu nahi dute oraingoan, Euskal Herritik gaindi. Aurreko diskoekin Espainian, Galizian eta Herrialde Katalanetan kontzertu franko emateko aukera izan du bikoteak, eta aurrerantzean lanak hara ere banatzea erabaki dute horregatik. «Lehen aldiz hasiko gara gure diskoak Euskal Herriko mugetatik kanpo zabaltzen. Saiatu gara beste leku batzuetara ere iristen. Espainian asko jo dugu, eta aurrerantzean ere asko joko dugu». Gipuzkoan hasi zuten disko aurkezpen bira, baina Euskal Herritik kanpo izango dira ia maiatz osoan (emanaldi bakarra eskainiko dute gurean, maiatzaren 19an, Bilboko Kafe Antzokian).

(Berria egunkarian, 2016ko maiatzaren 11n argitaratutako artikulua)

ETIKETAK:BelakoHaritz HarregiHarkaitz CanoJoseba B. LenoirKoldo OtamendiNiña Coyote eta Chico Tornado